Edorta Jimenez.

Urkamendirako ipuinak. Pier Paolo Pasolini

2024ko otsailaren 18a
05:00
Entzun
(ID_17079944123485) IRATI EGUREN
IRATI EGUREN

 

Pier Paolo Pasolinik, hark berak Bizitzari buruzko trilogia izendatu zuen hiru filmak idatzi, filmatu eta muntatu zituen, 1970 eta 1974 urteen artean hain zuzen. Halaxe, 1970ean Dekameronea ekarri zuen; 1972an, Canterburyko ipuinak; eta 1974an, Mila gau eta bat gehiago.

Dekameronea (Giovanni Boccaccio, 1351-1353 urte artean), Canterburyko ipuinak (Geoffrey Chaucer, 1380-1400 artean) eta Mila gau eta bat gehiago (egile eta data zehaztugabeak) narrazio bildumak dira. Adin batera iritsi garenoi horiek zertan diren inork azaldu beharrik ez, gazteagoez ez dakit ezer, eta ez noa ezer esatera, ez bekit gerta Babelekin bezala.

Funtsean, eta Pasolinik berak definitu bezala, hiru bildumek bizitzaz dihardute. Bizitza, heriotza ere haren parte dela ulerturik, noski. Nola ez, ba, Dekameronea-koetan, esaterako, izurria eta heriotza dira bizitzaz gozatzeko arrazoi nagusia. Halaxe deritzote izurriaren mende den Florentzia hiritik landetxe bakartu batera aterpetu diren hamar lagunek, zazpi emakumezko eta hiru gizonezko. COVID-19aren etxe-aldietan liburuaz gogoratzen nintzen eta, zera, nire artean pentsatzen nuen ez ote zuen inork proposatuko, Internet garai honetan, denon etxe antzeko zerbait egitea. Elkarri ipuinak halaxe kontatu alegia. Ipuinetarako ezinbesteko baldintzarik gabe. Zera, gaia, korapiloa eta ezusteko amaiera, hiru arau horiek zertan bete gabe. Dotore kontatuak, kito.

Horretara egin beharrean, nire inguruko gehienak osasungintzakoei txalo egiteaz eta gaixotasunaren jatorri deabruzkoaz asmakeriak mamurtzeaz arduratu ziren. Lehenaz eskarmentu ederra harturik dagoeneko, bigarrenaz hortxe dihardute, begiak eta garunak lau, piztitxoa nork-non-nola egina izan den inoiz amaitzen ez den sokarekin. Florentzia hartan argiago zeukaten. Izurria jainkoaren lana zen, kito. Zera, berriro joan zait.

Bizitzari buruzko filmak arrakastatsuak izan ziren, Mila gau eta bat gehiago batik bat Espainiako Erresuman Dekameronea liburua garai hartan izan zen bezainbeste beharbada. Obrak, Literatura Unibertsala konstruktoaren parte zelakoan, zentsuraren itzalei argitara egiten zien ihes. Ez daukat esaterik jatorrizkoari translationean, Arestik idatzi bezala, zer kenduta. Badakidana da miresten dudala G. Arestiren Dekamerone ttipi bat bilduma.

Zinema aretoetako arrakasta ez zen izan hain zuzen ere ikusleek miretsi zutelako Pasolinik Erdi Aroari begiratzeko era. Il mondo medievale veniva rappresentato da Pasolini attraverso la sensualità dei corpi, la passione, il divertimento, il piacere erotico, l’astuzia, la giocosità , tutte cose che, nella visione del poeta e regista friulano, erano state sostituite nel moderno mondo occidentale da una falsa «libertà sessuale» perché svuotata di gioia. (Alice Oliveri, The Vision, 2021-X-20).

Ba, ez. Kritikoek filmei balio handienentzat horixe aitortzen badiote ere, ez eta ez. Arrakasta azalekoagatik izan zen. Larruagatik, bai. Haiek zakilak, zer esan titiak, zer ipurdiak. Nago publikoak umorea preziatu zuela larruaren hurrengo. Maitaleen arteko gezurrak eta lagunen arteko iruzurrak batik bat.

Izan ote zen Pier Paolo filmak ikusten aretoetan era anonimoan, mozorroturik edo, ez daukat zalantza izpirik. Ikusleen erreakzioak jakin nahi izango zituen. Une historikoa oso kritikoa zen. Alderdi Komunistaren konpromiso historikoaren garitza eta kontsumismoaren garaitza ate joka zetozen. Biak aldi berean. Gizonak zirt edo zart egin behar zuela erabaki zuen.

Hurrengo urtean, 1975an, Pasolinik Abiura della «Trilogia della vita», Bizitzari buruzko trilogiaren arnegua, idatzi zuen. Hain zuzen ere ekainean 15ean, hauteskunde eguna Italian. Haietan egingo zena jakin gabe, noski. Alderdi komunista nagusitu zen. Hil ostean argitaratu zioten. Azaroaren 9an, Il corriere de la Sera egunkarian. Norbaitek Pasoliniri heriotza eman, hilaren 2an, eta sei egunetara. Lehenago Saló edo Sodomako ehun egunak film miragarria estreinatu zuen. Noski, alferrik Babel zer zen ez dakienari Sodomaz hitz egitea, edo auskalo, beharbada Biblia ez baina Sadeko Markesa bai, irakurrita leukake.

Eva Forest-i behin irakurri nion bezala, Saló ikusita ulergarri egiten da Botereak, krimenaren exekutatzailea nor ere izan zen, Pasolini erditik kendu gura izana. Begira fascio berriro Italian. Espainian Frankismoa bezalaxe. Azken batean bete egin da Arbiura miragarrian idatzi zuena.

«Adierazpen askatasunaren demokratizazioaren aldeko, eta askapen sexualaren aldeko borroka aurrerakoiak bortizki gaindituak izan dira, eta hutsal bilakaraziak, kontsumismoaren botereak ezarri digun uztezko tolerantzia zabal bezain faltsuaren eraginez hain zuzen».

Zertarako bizitzari buruzko ipuinak? Pasolinik halaxe galde egin eta esan bezala erantzun zuela dirudi. Haatik, berea ez zen baina gidoia idatzi zuen beste film batean dago nire ustez erantzun egokia.

Filmaren izena italieraz Storie scellerate da, gaztelaniaz Los Cuentos de Pasolini, frantsesez Histoires scélérates. 1800. urtean dago girotuta, Erroman. Bilbea laburtuz, bi lapur preso daude, heriotzara kondenatuak, eta, denbora galdu alde, elkarri istorio lotsagabeak kontatzen dizkiote. Horretan ari direla halako batean urkamendira eroan, han urka-bilurrak jarri eta, hala ere, barrearen barreaz ia negarrez ari dira, istorioaren amaiera xelebreaz heriotzaz paso eginez, azken hatsa eman arte gozatuz.

Urkamendian ere botereari barre egiteko ipuinak gura ditut nik ere, Pier Paolo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.