Edorta Jimenez.

Oroituz

2024ko martxoaren 17a
05:00
Entzun
IRATI EGUREN
IRATI EGUREN

 

Gernika erakutsi nien. Neure erara. Ibilbidean zehar narrazioa josteko haritzat literatur testuak erabiliz alegia. William Wordsworth gerizperik gabeko Gernikako haritz zaharraren inguruan, kimu berrien hostoak ukituz; Pablo Picassoren Guernica zeramikazko erreplikaren oinean, haren beraren eta Paul Eluard adiskidearen puntuazio-sistemen eraginez bihotza golkoan; Gabriel Aresti eta teilaturik ez daukan Nestor Basterretxearen hormigoizko etxean, zeinak haren barrura sar gaitezen eskatzen duen eta, hala ere, gehienek kanpotik begiratzen dioten, zera, museoko edozein mihiseri bezala; eta abar. Bidelagun nituenak denak ziren emakumezkoak. Ez edozelangoak, ezta edonongoak ere. Armak eskuetan hartuta ibiliak, nahiz Ameriketan nahiz Asian. Ohiak.

Bigarren urtea jarraian zen halako talde batekin, hau da, huts hutsik emakumezkoekin. Eta bigarrenez enamoratu nintzen. Maitemintzeko tarterik barik, hau ere bigarrenez. Zera, aditz zaharragoa da enamoratumaitemindu baino, eta nik neuk ez ditut sinonimotzat jotzen. Natorren harira baina.

Bazuten emakume haiek zerbait, zehazki zer zen ez dakidana. Hau idaztea erabaki aurreko asteetan zehazki zer den ez dakidan horren bila ibili naiz, topikoetan ez nahasten ahaleginduz. Ze, idatz nezakeen, adibidez, bazutela oinazerik latzenen ostean bizirik dirauenaren azal berrituan halako dirdira bat. Edo pozik zirela zenbait egun, jardunaldi, elkarrekin eman ostean, nork bere prozesuez eta esperientziez, eta abarrez berbetan, eta esango nuke negar ere eginda, Gernikan goizaren edertasunaz eta ibilbidean izan ginenon artean izan zen atsegintasunaz gozatuz, dena berri eta dena bozkario. Idealizatzen ari naiz, bai beharbada.

Ibilbidearen ostean bazkaria, batzuek begetarianoa, besteok zera, eta hartan ere poza eta alaitasuna. Batik bat musikaria agertu eta, hark eskaini zigun hurrengo tartean. Gero agurra. Goizegi niretzat.

Gerora hainbatetan etorri izan zait gogora ibilbideko unerik gorena, niretzat behintzat, George L. Steer kazetariaren bustoaren inguruan bildu ginenekoa izan zen. The Tree of Guernika idatzi zuelako oroitburu hori egin dioten haren nondik norakoetako bat edo beste azaldu ondoren, tartean lehen Birmania eta orain Myanmar deritzoten horretan hil zela eta britainiarren agente-edo izan zela. Hartan, emakumeetako batek galde egin zidan ea ba zelan ote nintzen hainbeste istorio, pasadizo, datu eta abar etorrian legez gogora ekartzeko.

Erantzuteko tartetxo bat behar izan nuen, ezustean harrapatu ninduen eta.

Lekuei esker, erantzun nion.

Emakumea laurogei urtetik gorakoa omen zen; asiarra, orain ez nuke nongoa esaten jakingo. Bazkaritan jabetu nintzen hark besteen artean zeukan karismaz. Adinagatik ala egindakoengatik, ezin nik esan. Betiko egongo naiz harekin esker oneko. Haren galderari esker jabetu nintzen nire jardunaren ezaugarrietako bat horixe zela. Zera, behin leku batera iritsita delako lekuaz dakidana etorrian etortzen zaidala.

Zenbait egun igarota eta emakume haien gomutak artean bizirik, bat-batean harako maitemin antropologo hark aspaldi aipatu zidanaz oroitu nintzen. Hots egin nion, ahazturik neukalako hark aipatu zidan antropologo edo historialari, hori ez neukan argi, haren izena.

Ez zela gogoratzen esan zidan.

Esan nion ba berak esan zidala, zera, ebanjelioak funtsean antzerki lanak direla, eszenetan egituratuak, eta horietan aipatzen diren lekuak bakoitzari dagokion pasadizo, alegi, irakaspen edo dena delakoaz oroitzeko baliatzen direla lekuon izenak. Egizue froga. Gazteok ez, mesedez, ariketa hau Babeleko dorrearena baino zailagoa gerta daiteke eta. Esaterako, pentsa ezazue Olibondoen Baratza, edo bestela Getsemani. Zer datorkizue gogora?

Kristoen azken otoitzaldia, heriotzaren bezperan, ezta?

Historialariek, zeinek begietan zein gandu duen, egungo Jerusalemgo lau gunetan kokatu dute delako baratza, balizkoak balizko. Ni neu pertsonaia eta, ondorioz, otoitza inoiz izan ez zirelakoan nago, auskalo baratza bera. Bi mila urteko baratza, bada marka. Gaitz erdi hori, askoz gaitz larriagoa baita han gertatua omen zenari omen hori kenduz gero bizi izan dena. Omen hori kendurik abiatu ziren Gurutzadak, eta haiekin batera abiatu ziren sarraskiak, egun ere badirautenak.

Laster hasiko dira han, hemen eta bestean ebanjelio eta gainerakoen antzezpenak. Prozesioak, Via Crucis-ak eta abarrak. Horiek bizirik irauten baldin badute ez da, kasu, omen ala ez omen hori dela eta. Turistentzako antzezpenak dira gehienbat. Nik neuk aukeran nahiago Gernikan oroitzeko lekuetan egiten ditudanak egin. Batik bat halako emakumeekin badira.

Hau amaitzekotan nagoela, gehiago idazteko ia lekurik gabe kasik, nire oroimenak oraintxe berpiztu dit ibilaldi hartako gunerik hunkigarriena. Zera, Kurdistango emakume batek, Parisen Hegoafrikar zerbitzuek, 1988an, heriotza eman zioten Dulce September hark Gernikan daukan oroigarria ezagutu nahi izan zuen. Bazkalostean joan ginena. Halaxe jakin zuen lekua ezagutzeko eskaria egin zidanak Dulcieri egindakoaren antzeko bat bizi izan zuela.

Hurrengoan ibilbidean sartuko dut Dulcie. Oroituz segitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.