Edorta Jimenez.

Nestor Basterretxearen omenez

2024ko maiatzaren 19a
05:00
Entzun
(ID_17158694552915) IratiEguren2024-05-19
 

Gure aitaren etxea. Hormigoizkoa. Eduardo Txillidak eraikia, Gernika-Lumoko Europako Herrien parkean, 1988an. Ia zortzi metro gorantz, ez da makala haren sabaia; zerua bera, hara.

Bisitariak gutxitan ausartzen dira barrura sartzen. Nahiz eta izena izan etxea. Teilaturik gabekoa, bai, baina zer kostatzen da ba tartetxo batez hartan bizi izatea. Jakina; turisten bisitak laburrak gehienetan. Hormigoia, harria lako hori, ez da mugitzen, eta hala ere ez du goroldiorik biltzen. Besterik da gorago dagoen bestearena.

Goroldiorik ez horretan ere, azken batean ez baita harrizkoa, brontzezkoa baino. Henry Moore eskultore ingelesaren Large Figure in a Shelter lanaz ari naiz. Txillidaren etxera ez bezala, shelter honetara sartu direnak asko dira, itxuraz behintzat. Shelter hitzaren esangura aterpe zein babesleku izan daitekeenez, izan bat izan bestea, zer hoberik artistaren gonbiteari erantzunez haren abarora ausartzea baino. Besterik da gero han barruan izanda egin daitekeena. Gogoeta gerrez, esaterako? Izan ere artelan lan hau Henry Moorek II. Mundu Gerran hasi zuen War Helmets sailekoa da.

War Helmets (Gerra kaskoak, edo kasketak) sailekoa izan arren, artelanak ezin defenditu izan du kaskoaren azpikoa, zera, artelanaren barnealdea. Eta diodan bide nabar horretara sartu naizen guztietan sentimendu berbera nagusitu zaidala. Artistak eratu duen espazioa halako umontzi itzel handi bat dela, ez besterik. Eta umontziaren harira zilegi bekit beste gogoeta bat leku publikoetan ezarritako artelanez.

Bilbon, herritarrek Armiarma edo Aramua ezizena eman dioten horri, artistak, Louise Bourgeois-ek, Ama izena eman zion. Horren kasuan publikoaren arte interbentziorako eskubidea izenaren horrexetara mugatu da, itzuliko naiz gerotxoago horra.

Mooreren umontziaren abarora itzuliz, egiatan sentitu izan naiz babestua horretan. Une oro. Ez dira nirekin bat etorriko barnealde hori, nik neuk umontzi deritzodana, artistikoki interbenitu dutenek.

Zertaz ari naizen argitzearren esan dezadan arte interbentzioak, ingeles-euskara itzultzaile neuronalaren arabera, zera direla, «Interbentzio artistikoa lehendik dagoen artelan, publiko, leku/espazio edo egoera batekiko elkarrekintzak». Bada, horixe. Shelter abegitsu horretan sartu direnetako frankok harekiko elkarrekintzak burutu dituztela alegia. Gehienek graffiti teknikaren bidez.

Izenak —Soizic + Swann—, irainak —putas—, olerkiak —Me da igual si no me quieres más (…) no lo entienden; zazpi lerro errimatuak—, manifestu laburrak —I love be fucked—, maitasun aitorpenak —Luci te amo—, irudi hutsak —ohiko lotsa gutxikoez gain, bat edo beste originala—, eta abar.

Objektu zorrotzez egindako interbentzio horiez gain, artelanaren azalean zenbait gune ilun ageri dira, irudiari gerran erabilia izandakoaren itxura ematen diotenak hain zuzen. Ez dakit ez ote diren brontzearen herdoilarenak. Izan ere, afrontuan dagoen brontzearen herdoila belztu izaten da. Garbitu ahalko dute ba, goroldioaren ordeko herdoil hori.

Laburtuz, 1990ean jarri zutenetik gaur arte hor datza sheltet/umontzia, interbeniturik, tunaturik esan lezake beste norbaitek. Interbentzioen artistek Izena aldatu diotenik, ez dakit.

Izena aldatu diote, bai, Nestor Basterretxeak berak Bermeoko Lameran ezarri zuen Euskal Kosmogonia instalazioari. Indiar kanposantua, herrian eskuarki halaxe esaten diote. Ni neu bat nator izenaren aldaera horrekin. Izan ere zer hoberik zinemak eragin digun irudi hori baino. Gogora dezagun, esaterako, Jeremiah Johnsonen balada filmeko eszena niretzat gogoan garria, ikusten denez.

Gizon talde bat zaldi gainean, tartean Jeremiah; elurra mara-mara; halako batean indiar kanposantu batera iritsi dira.
Iso!, dio Jeremiahk, hau da, Robert Redfordek. Zergatik?, besteek, soldaduek alegia. Horiko hori crow indioen kanposantua da, ez daukagu hori zapaltzerik.

Nestor Basterretxearen kanposantuarekin halako zerbait jazotzen da. Gutxi izaten dira hartara ausartzen direnak. Hor nonbait badariolako guneari halako zer zehatzezin bat, sakrotasuna edo. Filmean Jeremiahk eta soldaduek behin indioen kanposantua zeharkatu zutenean bezalaxe, sarritan ausartzen naiz Nestorrek Joxe Migel Barandiaranen Euskal Mitologia irakurriz asmatu zuen Euskal Kosmogonia sail horretakoen artean, kanposantuan alegia, itzuli-mitzuli ibiltzera. Hamazortzi irudi dira, biribila osatuz jarriak.

Besterik da futbolaren pasioa bizi dutenen pasioarena. Horiek irudietako batzuk gol-atetzat hartuz eta gunean belarra badelako beren buruan edozein futbol zelaitan irudikatuz, baloiari ostikoka ibiltzen dira. Eta?

Behinola Bermeon, sorterrian, artistari egin zitzaion omenaldian kanposantuaz ere mintzatu ziren. Hartan aipatu zutenez, kosmogonia saila hor jartzean bazekien gero gunea zernahitarako erabilia izan zitekeela. Futbola aipatu ei zuen, eta esan poztu egingo litzatekeela hala balitz. Azken batean gaztetxoek estetika-heziketa ez-inposatu bat izango zuketen.

Halaxe ba, Lamerako kanposantuan futbolean ibiltzen diren gaztetxoek, familiaz jatorri anitzetakoak, omen egiten diote Nestor Basterretxearen asmo ederrari. Baita nik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.