Kale izenak. Asko, atzerrian aberasturik gero sorterrian mezenas bilakatu zirenenak. Udaletxea, abade-etxea, eskolak, estolderia, kanposantua, XIX. eta XX. mendeen arteko lan nagusiak finantzatu zituzten haienak. Bakarra ere ez emakumezkoa. Estatua eta halakoen hurrengo dira. Oskol hutsak. Estatuak behintzat ikusi egiten dira.
Bakoitza bere zoroak bizi du eta, halaxe, kale izen horien artean Filipinetan izan zen batena falta da. Hil zenerako, herrian ez zelako geratzen kale berririk haren izena ipintzeko. Eta, horren harira, Filipinek herriaren bilakaera sozio-ekonomikoan ukan zuten eraginaren akordua ezabaturik dela-eta, gogoetan ibiltzen naiz nondik nora ahaztu den ahaztu den guztia. Esaterako, etxean Manilako mantoia zeukatenek halakoak urtean behin balkoian eskegitzeko ohitura izan zela. Nor zen nor eta nor ez zen inor erakusteko moduetako bat. Edertasun klasista ikusgarria.
Halaxe, bada, luzaz ibili naiz mantoi erakustaldi haien berri jakin guran, eta ezin. Ezintasun horretatik tiraka, halako batean irla haietan hemengoek hasiera-hasieratik egin zituztenekiko jakin-mina piztu zitzaidan. Halaxe hartu nuen Juan de Arteche haren Legazpi: Filipinen konkistaren historia liburua. Gernika-Lumoko udal liburutegian dagoen Kastor Uriarteren bilduman badira haren edizio biak; 1947koa eta 1972koa. Biekin hasi nintzen, ba, bigarrenerako, egileak, damuturik-edo, eta inperialismo basko-hispanikoaren sukarra sendaturik, taxuzko zerbait idatzi ote zuen. Eta ezetz, ez zela horrela izan eginda neukan susmoa kentzeko, azken lerroraino irakurri nuen heroiaren eta inperioaren apologia hori. Nahiz eta bidean liburua bertan behera uzteko tentazioa sarritan izan. Azken batean baziren hartan gogoa pizten zidan pasarte bat edo beste. Hara bat.
«Garcilaso de la Vega goitizenez Inka hark zionez —dio Juan de Artechek—, norbaiti aditua zion esaten, ba ze, Alvaradoren bigarren emazte Beatriz de la Cueva zorigaiztokoa —izenok Espasa Calpe entziklopedian—, Amerikara joan zelarik, senarrarekin bat egitera hain zuzen, konkistatzailearen agindupean ziren kapitain bulartsu haiekin ezkontzeko prest omen ziren dontzeila zenbait eroan zituen hara. Haatik, gizon kementsu, suhar haiek, ezkongai prestu ziren dontzeila haiengan eragin zuten zirrara, zinez deitoragarria izan omen zen».
Horraino inperioaren hastapenen nondik norakoetarakoa.
«Infernutik ihes eginak zirela ziruditen, hain zeuden kalteturik, zioten: batzuk herren, maingu beste batzuk, harakoak belarririk gabe; begi bat galduta horkoak; aurpegiaren erdia galdurik azkenak. Hobekien libratu denari behin, bitan zein gehiagotan zauritu diote bisaia».
Beste horiek inperioarena baketsua behintzat ez zela izan inoiz ez ahazteko. Hurrengoa.
«Haiek dontzeila mizkin haien esan mingarriok muin-muineraino sartu zitzaizkien gizon beterano elbarriei, zeinei, ageri zituzten itxurek ez zieten bat ere mesederik egiten».
«Dontzeila mizkinak», horra. Beterano heriotsuen neo-gorputzekin jotzeko prestutasun aski ez zutenak.
«Bada, haietako batek, bere burua hala mespretxaturik ikustean, etxera alde egin zuen, eta hantxe igorri zuen morroia, apaizaren bila joan zedin, berehala, eta, halaxe, hark indiar batekin zeukan harremana legezko egin zezan; emakume noblea zen, elkarrekin bizi ziren eta haur bi zeuzkaten».
Pasadizoak Les geueles cassées iritzi zitzaien haiena ekarri zidan gogora. Lehen Mundu Gerlan elbarritu eta larri zaurituak izan zirenei irizteko sortu zen terminoa: mutur hautsiak, alegia. Loteria ere bazegoen izen horrekin Frantzian.
Hortik gogoa Gazara joan zitzaidan, zeren eta, joan ere, joaten haraxe joaten baitzait aldi oro. Hildakoen zenbatekoak aditzen ditugu, bai, eta elbarrituen irudiak ikusten. Zer izango ote da elbarritu horiek egunen batean aurrez aurre izatea.
Gogoetetarako burua libre baina bestela egunerokotasunean preso, goiz batean ohiko elektrotresna dendara joan naiz eta, nirea bai ezustekoa: emakume dendariak neoaurpegia dauka, eratu berria. Hots, masailak haragirik gabe, uler bedi «zimurrez gabeturik», hondoratuta, panpina nakarrezkoen irudi, zera, telebistan agertzen diren aurpegi estandarizatu horiexen antzekoa eratu diote. Ez diot harago begiratu. Susmoa hartu diot gainerakoan ere neogorputz bilakatua dela. Pornografia heteroaren ildoetako bat; halako neogorputzena, edo gorputz erreal-aldatuena. Gizonezkoen artean ere nagusitzen ari dena. Banoa.
Artean txunditurik, dendatik ez urrun fitness horietako beste bi ireki dituztela jabetu naiz eta, zenbat dira dagoeneko? Kristal handiak, kanpotik, barruan neogorputzak lantzen ari direnak ikus ditzagun. Voyeur behartua sentitu naiz.
Hori guzti hori Legazpi liburuei eman diedan denbora tartean izan da.
Liburuok beren lekura itzuli eta ez luzera, erretratu bi zabaldu dituzte Espainiako Erresumako agerkari kasik orotan. Errege-erreginenak. Erregina, Letizia deritzo, norenak diren esatea gaitz egiten den hazpegi horiexekin. Neogorputza, dendariarena bezala. Erregearen erretratua, berriz, Borboien mendez mendekoen ildokoa da. Filipinetara ere bidal zitzaketen, 1898an galduak ez balitez.