Edorta Jimenez.

Lete eta Rizal

2025eko otsailaren 16a
05:00
Entzun

Bartzelonako La Vanguardia egunkaria. 1897ko maiatzaren 14koa. Ostirala. Polavieja jeneralari, hango portura atzo iritsia bera, herriak harrera beroa egin omen dio. «Duela sei hilabete Filipinetan Espainiaren subiranotasuna berrezartzeko xedez haietara abiatzekotan zelarik, agurra eskaini zion hirira garaile eta koroaturik itzuli da».

Jenerala Leon XIII izeneko ontziak ekarri du. Hots, iragan 1896ko abenduaren 6an hartan eraman zuen berberak. Bada, bai; ez du ezta sei hilabete ere egin hango Kapitan Jeneral karguan. Dioena dioela La Vanguardiak, dimisioa jo du. Karguan izan den bitartetan handiak egin omen ditu kolonian. Historiarako gorde den nabarmenena, Jose Rizali indultua ez emana; 1896ko abenduaren 30ean fusilatu zuten. Dimisioa urte berriko, 1897ko, martxoaren 8an jo zuen; 23an onartu zioten. 1838an jaiotako gerlariak, gaixotasuna aipatu zuen dimisioaren motibotzat. Egia zen, antza. Nahiz eta berrogeita hamazortzi izan orduan eta 1914ra arte bizi. Gaixo egoskorra, zinez.

Bartzelonara itzuliz, artean ontzian delarik, lehorrera eramango duen kanoaren zain, jenerala ohar bi idazten ahalegindu da. Bigarrena emazteak idatzi dio; bera sinatzera baino ez da iritsi. Mezuok, Erreginari eta Madrileko alkateari bana, txirrindulariek eraman behar dituzte; elkarri txanda hartuz, horiena bai marka. Portuan Barraquer medikuak, gaur arte iraun duen oftalmologo-enbor horretako lehenak, ikusmenaren egoera miatu dio. Larria da, bai.

IRATI EGUREN
IRATI EGUREN

Marokokoan, azken Karlistadan, Gerra Txikitan, Kubakoan eta, azkenik, Filipinetako matxinadetan izana, gerra-haizeei putz egiten dietenekoa da Polavieja. Aldekoek Caviteko Garailea esaten diote, nahiz eta bataila erabat burutu gabe utzi eta azkenerako huraxe izan gerra AEBen alde erabaki zuena. Loriazko goitizenaz gain, badauka, hobe ez, bere mugimendu politikoa ere. Bartzelonan egin dioten harrera bere aldekoek egin diote. Leon XIII ontzian, nolanahi ere, ez da bakarrik etorri. La Vanguardiak bidaiari-zerrenda luzea argitaratu du. Horien artean Jose M. Etxeita eta Ceferino Portuondo ageri dira. Hots, garai bateko Etxeita eta Portuondo konpainiako bazkide eta jabe biak.

Etxeitak Manilan nahiz hango beste zenbait zokotan eginak zeuzkanak gogoan, ez zatekeen ezusteko handia izango ontzian elkarrekin solastatu izana jenerala eta mundakarra, zera, Manilako alkate, merkatal ganbarako presidente, karitate batzordeko buru, denetan harrez gero ohi, eta, zereginen eta karguen zerrenda ez luzatzearren, batik bat tropak batera eta bestera mugitzeko erabili izan dituen baporeen ugazabetakoa. Hala bada, gerraz eta bestez hitz egingo zuten, tartean Gravina galduaz eta. Besterik zatekeen Jose Rizalen heriotzaz mintzatzea.

Zeren erruduna zen idazlea? Ba, horrexena! Irakurri al du berorrek haren libururik? Nik neuk ez, baina, esan didatenez gaiztoak dira; zitalak. Tituluekin nahikoa. Noli mi tangere, tagaloz titulua! Eta Filibusteros. Antipatriotikoak! Antipatriota zen. Zer esan behar zion Etxeita zibilak? Bere burua karlistatzat zuela? Sorterrian, aita, Markos, karlisten agintaldian alkateorde egon zela? Eta bestela ere, zera, liburuak, dioten bezain sutsuak balira ere, hori litzatekeela inori heriotza emateko motibo nahikoa? Hobe zuen isiltzea, badaezpada ere, halako sokei tiraka jeneralak ez ote zion Eduardo Lete Cornell mundakar jatorriko lagunaz galdetuko.

Jose Rizal zela-eta, jeneralak irakurriak behar zituen txostenetan, bai, behin eta berriro aipaturik, Eduardo Lete Cornell izena, jatorria –Manila–, ikasketak –Rizal eta Eduardo ikaskide izan zirela agustinoetan eta ikasleek sortu zituzten kale-matxinadetan batera parte hartu zutela–, eginak –esaterako, Espainian fundatu zuten La Solidaridad aldizkari susmagarria–, eta zaletasunak, hala nola argazkigintza. Zera, zenbat argazki atera zion Rizali? Eta amodioak? Madrilen biek ninietakoa izan zuten harenganakoak, nola zen? Consuelo, Pablo Ortiga y Rey Manilako alkate ohiaren alaba.

Lotuak izango zituen hariak jeneralak, bestela poliziak argituko zizkion nondik norakoak: Raimundo Abaroaren koinata: Eduardoren ama; Raimundo Abaroaren emaztea: Eduardoren amaren ahizpa, hots, izeko; Raimundo Abaroa bera: Etxeitaren lagun mina eta negozio-kidea. Ondorioa? Etxeita ez dela arrain garbia, Eduardo ez den ber. Noiz edo noiz ikusia omen zuten Rizal deabrua, Etxeita eta Portuondo konpainiaren kaian hara eta hona. Hori Filipinetan, ze Espainian baskoak zertan diren, hori ere ez dago argi. Badu aditurik partidu edo, mugimendu edo, dena delako bat sortu duela Arana batek, eta horrexekin bat eginda dabilela Etxeitaren seme bakarra, Salvador. Ez omen dira espainolak, hara! Rizal-eta legez.

Espainiaren etsaiak, zenbat nahi eta nongura. 

Tira! 

Joan da azkenean ere jenerala lehorrera, emaztearen besotik. Garaitzarik gabe ere beren burua garailetzat duen asko ezagutu ditu Etxeita marinelak, zer esan Etxeita merkatariak. Leon XIII berriro noiz itsasoratuko lotu da.

Bartzelonatik Cadizera, Cadizetik Kantaurira, eta Kantaurin ekialderantz hara hor sorterria. Mundaka. Jose Manuel Etxeita Luzarraga etxean zen. Ez daukat argi ordurako Eduardo Lete Cornell han ote zen. 1898an bai, bazen. Hortik gora, askorik ez Rizalen ikaskide eta adiskideaz. Etxeitarekin imajinatzen dut, Mundakan, Jose Manuel lagunarekin hizketan. Filipinetan atzean utzita zeukatenaz. Rizalen azken olerkia irakurriz beharbada.

Adio aberri maite, eguzkiak gurtua / Ekialdeko Itsas Perla, galdutako Eden gure / pozik emango dizut ene bizi ihartua!
(Koldo Izagirrek ekarria)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.