Edorta Jimenez.

Kafka eta polizia guardakoa

2024ko irailaren 15a
05:00
Entzun
IRATI EGUREN
IRATI EGUREN

Zenbat urterekin irakurri ote nuen lehenengoz Franz Kafkaren Metamorfosia, hamabost edo hamasei urte nituela izan zela esango nuke. Gaztelaniaz. Euskarazko lehen bertsioa 1970an etorri zen, Xabier Kintanak Itxura-aldaketa izenarekin ekarria. Narrazioa, alemanez idatzia, 1916koa da. Urtea Sommeko batailari loturik gorde da. 400.000 hildako. Lehen Munduko Gerra, edo Gerla Handia, Europa hitza sarraski hitzaren sinonimo bihurrarazten ari zen.

Kafka lehenengoz irakurri nuen garaian, artean Bilboko Salesianoetan ikasten ari nintzelarik, astean birritan egiten nuen Atxuritik hara oinezko joan-etorria eta, halaxe, han ikusten nuen Erriberako beste aldean, Marzanan alegia, Assicurazioni Generali zioen kartela. Harriduraz begiratu izaten nion. Izen italiarragatik hain zuzen. Artean ez nekien Kafkak aseguru etxe horrexetan lan egin izan zuenik. Horretaz Pedro Alberdiren Kafka Bilbon liburu niretzat zirraragarria irakurtzean jakin nuen. Egun, aseguru etxe horrek Kafka dauka ikurren artean. Bada gero!

Metamorfosia narrazioaren lehen lerroak buruz ikasi genituen batek baino gehiagok. «Goiz batean, Gergor Samsak, amets nahasiak izanda itzarturik, eta artean ohean zelarik, zomorro beldurgarri bihurturik antzeman zuen bere burua».

Narrazioko protagonistaren izena, Gergor Samsa, izen propio bihurtu da, kafkarra adjektibo guztiz hedatua bihurtu den era berean. Haatik, ez dakit nik kafkar hitza lan horretan ageri zaigun egoeragatik den ala obra osoagatik sortu zen. Ziur nago ostera aurten, idazlearen heriotzaren mendeurrena bete delarik, ekainean hain suertez, hitzari buruzko azterketa zehatzak etorri edo etorriko direnik. Ez dut begiratuko.

Metamorfosia haren ostean Kafkaren gainerako lan guztiak edo irakurri nituen, ez dakit; ordura artekoan gazteleraz argitaratuak berriz bai. Tartean nobelak. Asaldagarriena Prozesua begitandu zitzaidan. Gogora datorkit 18/98 prozesuan deklaratzear deitu nindutelarik hartan auzipetuak zirenek Kafkaren lan hori aipatzen zuen elastikoa jantzirik bizi zirela.

Esan liteke kafkar adjektiboari loturik Franz Kafka burokrazia hitzarekin lotu behar dugula. Milan Kunderak Le roman entseiukarrean dioen legez, fenomeno berri oro zaigu deigarri bere sorrerako unean; behin hori gainditurik, hots, fenomenoa arrunt eta egunero bihurtuz gero, delako fenomenoa naturaltzat bezala bizi dugu. Autoez eta hiriko zaratez zihardun nobela baten harira zioen horrela Kunderak. Nobela izena ez datorkit orain. Burokraziaren errobot arimaren nondik norakoaz jabetu zen lehenenentzat daukat nik neuk Kafka.

Estatu eta militarrei burokrazien eskutik eratu zuten, esaterako, Lehen Mundu Gerra, Kafkaren garaikidea bera. Hartan asko itzartuko ziren zomorro bilakaturik, gas-maskara eta guzti. Giza-haragia okelatzat eta herriak guda-lekutzat hartu, horra burokraziaren logika. Hamar milioi zomorro hilik, beste hamaikatxo elbarri edo zauriturik. Burokrazia ez zen zehazki zenbatzera iritsi, hori tamala.

Duela zenbait urte gogoan gorde ditudan beste lan batzuk, Franz Kafkarenak, irakurtzera itzuli nintzen. Bai pertsona legez eta bai elkarte legez jasaten ari nintzen, edo ginen, bateko eta besteko burokrazia aparatuen tratu txarren eraginez hain zuzen.

Guggenheim Urdaibai turismo makro-egitasmoaren harira Txinatar harresia irakurtzera jo nuen. Aitor dut baietz, behin eta berriro irakurrita, delako narrazioak gurean ezarri nahi diguten horren gakoren bat badakarrena. Haatik, AHT deritzonarekin gertatzen ari zaigunari aldera dakioke narrazioa eta, esan gabe doa, era berean kafkar adjektiboa.

Oroimeneko labirintoetatik Kafkarenak erreskatatzen Txinatar harresia hura baino lehen hasi nintzen, ordea. Bizi dugun burokraziaren eta zaintza zorrotzaren garai honetan zelan ez ekarri gogora egunero gertatzen ari zaigunaren ispilutzat Legearen aintzinean narrazioa, Jon Mirandek euskaratua.

«Legearen aitzinean athezain bat dago. Baserritar ba heldu da athezain horrenganat eta legean sartzea eskatzen du. Orain ezin dezakela utz sartzera diotso, ordea, athezainak», horrelaxe abiatzen da narrazioa. Bada, horren hurrengo esate zaiguna da baserritar hark legearen aintzinean eman zituela urteak, sartzea galdetuz eta galdetuz. Harik eta heriotzaren tenorea laster duela ulerturik, azken galdera bat egiten dion atezainari.

«<Denak legearen atzetik dabiltza>, dio gizonak <nolaz, beraz, nitaz bertzerik nehork ez du sarr-baimenik eskatu urthe-andana hontan?> Athezainak ezagutzen du urrhuntzera dela eta haren antzumen itzaltzen ari denerat heltzekotz oihuz dirausko: <Bertzerik nehork ezin zezakeian hemen sarr-baimenik eska, hiretzat baizik ez baitzan sarrgu haur. Ba noak orain hestera>».

Burokrazia infinituak denontzat badu atezain bana, uler bedi polizia bana. Hala bada, kristauek aingeru guardako bana zutela zioten, halaxe esleitu digu boterearen burokraziak polizia guardako bana. Polizia isila, beti aldean daroaguna. Eskuko telefonoa esaten diote. Oi, Kafka bizirik balitz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.