Edorta Jimenez.

Itsasoko cromlech balizko batez

2024ko urriaren 20a
05:00
Entzun

Muga-urtetzat jo ohi da 1968koa. Mendebalde europar-amerikarrean, hartan izan zirelako Pariseko greba orokorrak, AEBetako unibertsitatetako protestak, Pragako Udaberria eta halako beste sorta norberak nahieran osatua; Txinakoez, esaterako. Edo Vietnamgoez. Gurean berriz Arantzazuko Bilera deritzonak markatu zuen urtea, nik uste. Idazten ari naizen euskara honen arauak hartantxe dute sorburua, edo.

Izan litezke ba mila motibo 1968a mugarritzat jotzeko.

Aipatuak baino motibo apalagoetara joz, Desira plazer, euskal poesia erotikoaren antologia apailatzen ari ginelarik, Josune Muñoz, Igor Estankona eta hirurok hain zuzen (Txalaparta, 2009), urte horixe hartu genuen mugarritzat. Antologia hartako lehen olerkia Joxe Azurmendiren Zutik eta bilois izenekoa da. 

«Zutik eta bilois. // Zure ilea / zugandik ihesi.// Hondartzan, / uretan, / haizetan. // Algara bat / zugandik ihesi. // Bilois / eta eder, / busti, lizun. // Zutik, zutik, / eta / bakarrik, / zeunden, zeugandik / ihesi. // Eta ni, ur-ertzean, / parrezka, parrea bustitzen/ zuen zoramenez, / begira./ Ez nuen ikusi nola / zutik, / bakarrik eta bilois // ta eder, joan zinan, parre algaraz, / betiko ihesi, / zure haragi zuria jasota».

IRATI EGUREN
IRATI EGUREN

Alta, Joxe Azurmendik beste mugarri bat ere ezarri zuen 1968an, eztabaida oraino egin gabeko batera eroan gintezkeena. Eros ala Thanatos, haragia ala herria. Urte bereko Manifestu atzeratua behin betiko biziaz ari naiz. Euskal pentsamenduaren azken zikloaren sorburu poetiko-politikoaz alegia. Ez luzea, ezta ere iluna. Panfleto onak legez, argia eta zuzena da.

Lehen hiru lerroei Arestiren kutsua darie: «Panfleto bat idatzi nizun./ Kondenatu nahi banauzu/ injustiziarik kometa ez dezazun». Laugarrena mailua da: «Gure herriak ez dauka kondairik». Horra tradizioaren anfora zaharra kolpe bakar batez mila zatitan hautsirik.

Kondairaren horretan beste iritzi batekoa zen Pablo Astarloa. Begiratu Urteko Domeka guztijetarako berbaldi ikasbidekoak, 1818ko liburuko hastapeneko hitzak.

«Denpora guztijetan izan da entzute andikua Kantauritarren izena alan itsas-ibilte, eta jakituri jan, zein da gerran. Etzan oraindio zabaldu mundutik Carthago, eta Erromaren izenik, egijezanian Kantauritarrak itsas-bidiak, eta ebilzanian Inglaterra, Irlanda, eta beste leku askotatik dijatu, edo gizonez beteten leku lenago ezagutu bagak, eta eregiten ikasola, edo unibersidadiak nun irakatsi jakiturija. Ez beike inok uste au buru bagako andiska, edo ponderazinoen bat dala, ez Bizkaitarrak asmaduriko ipuinen bat; itandu bekije Ingles, eta Irlandatarrai; nortzuk, edo nunguak izan zirian euren asaba ara lenengo jaun zirianak? eta eranzungo dabe ao batez euren arteko jakitunak Kantauritarrak izan ziriala uribi tarte areetara lenengo irago zirianak. Itanduten bajakue berberoi: Norzuk eregi eben Canbrigeko irakastegi, edo Unibersidadia? Esango dabe; Kantauritarrak, irureun, eta larogeta amar urtez, Jesu Kristo jaijo baño lenago. Auxe berau dinue euren izenak; bada ezagun da euskaldunak, eta antxinatik ifinijak diriala».

Hitz horien hurrengo Astarloak idatzi zituenen artean badira gerora Manuel Larramendik El imposible vencido-n (1853) bildu zituenetako batzuk. Esaterako, kantabriarrak, Axularren moldean «kantabres finak», nola zenbait urtez Erromako inperioari garaitu, omen?, zitzaizkion. 

«Gure herriak ez dauka kondairarik» horren segidan Azurmendiren mailuak beste kolpe bat jo zuen Arestirenak adinako indarrez. «[Gure Herria] pobrea da». Lekutan dira iraganean amestu ziren urrezko aroak. Nahiz bizkaitarrek nahiz Gaztelako inperioaren zaleek, nola nork bere opilera ikatza, halaxe zeinek bere erara eta aldera ekarriz aletu zituztenak.

Hurrengo, mailuaren ordez, tinta gutxirekin hegatsean, gure herriaren kondaira laburtu zuen.

«Ez dauka / pirata koxkor pare bat, / langille sofritu batzuek,/ muga zentzungabe asko, / milla zorigaizto / besterik. / Ez da gutxi. / Euri gortina batek ixten du / gure kalendarioa. / Ez da billatu kondaira unibersalen / liburu handietan gure inperiorik».

Lana burutzeko Azurmendik, Quosque tandem?, Jurgi Oteizaren mailari oratu zion. 

«Agina-ko zero bat zan / gure inperio guzti». 

Cromlechen haren eldarnioa, Azurmendik berak parte zen belaunaldiak liburu harekin bizi izan zuen horditasuna, horiek ere ironiaz likidatu zituen. Aurre-historia ere, zero bat.

Natorren baina honetan guzti honetan akuilu izan dudanera, zera, Joxe Azurmendik iraganarekiko bere likidazioan piratak aipatu izanera. «Pirata koxkor pare» horrexetara. Maisu garaiak ez ote zuen berberak likidatu zuen kondairako osagarri hori, «Piratak, aizu, gure piratak», ironiaz salbatu nahi izan.

Inperio unibertsalak, inoiz eduki ez eta gura ere guk. Ostera, askatasunaren eta libertatearen ikurtzat jo izaten ditugun haiena dateke gure distopia posible bakarra. Ze, euskal piratez ari garelarik, zertaz ari gara? Ba, itsasoko cromlech balizko batez, esango nuke. Imajina dezagun Peillot eta besteak ontziak uraren gainean biribilean. Balizko beste cromlech bat, bai.

Begiratu ontzi horiei, mastan eskegita nahiz Espainiako nahiz Frantziako trapua-drapoa inposatu zaienei. Askok hortxe daukate hezurrena. Horietako zenbat Manifestu atzeratua-k zabaldu zigun itsasoan balizko cromlech hartara biltzeko prest. Gureak bai distopiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.