Corner of Love, nire artean halaxe esaten nion lekuari.
Behegainean hiru marraz markaturiko karroa, laugarren marra teorikoa sarrerako nagusiko ataurrea markaturik zuenari. Sarrera bera baino albo bietatik metro bat edo bi zabalagoa, karroaren laugarren lerroa eraikinaren pareta nagusia zen, hots, atea bera. Haren inguruan biltzen ziren, edo biltzen ginen, erretzaileak. Orobat goizaz barruan baino kanpoan gozatu nahi zutenak, gura genuenok. Kafeari lehen zurrutadak Nevado ortzi infinituari eskainiz, eskerrak halaxe emanez han goizero hasten zen munduari. Tabakoa eta kafea, eta aldarte ona, hara biltzen ginenon artean, horra Corner of Love izenaren zergatia.
Kafeaz arduratzen zena goizero izaten zen han, salgaien orga hantxe, atalasean baina barruan, hori bai, ateko marratik hurbil, barruan oker ez banago. Esango nuke atzealdean artista baskoren baten artelana zegoela, oroigailuko labirintoetan ez daukat hori zehaztasunez esateko nahikoa argirik. Berdin dio, ez da hori mataza honen hari nagusia, kafeaz arduratzen zena baino. Edo, zehatzago esanda, kafeaz arduratzen zen emakume gazte haren irria baizik. Ez zuen inoiz kentzen.
Ez zen horretan bakarra.
Irria janztea, hala esaterik baldin badaukat, jantzi, han premia larrizkoa zela ematen zuen.
Neskak kafeak zerbitzatzen zituen; luzea ala laburra?, galde eginez. Nik neuk luzea hautatzen nuen, hango pelikula askotan egiten ikusten den bezalaxe.
Halaxe zihoazen egunak, goizeko kafe luzeekin eta beste zerekin. Batzuk igarota beste irakasle bat agertu zen Center for Basque Studies-en. Hilero agertzen zen bat edo beste. Uda zen.
Orain aipatzen ari naizenari, uruguaitarra sortzez, espainiarra pasaportez, horretan zekarren sorlekuari begiratu zioten inperioaren metropoliko mugazainek. Hara barrura sartzeko trikimailutzat jotzen zuten, antza, EHUko irakasle hark espainiar pasaportea eskuratu izana, diot. Orduetan atxiki ei zuten, ez aurrera eta ez atzera, muga-marraren kanpoko aldean. Utzi zioten azkenean sartzen eta, Corner of Love mugak ziren karroaren marren abarora agertu zenean, hura ere kafeaz arduratzen zen emakume gaztearen irriaz jabetu zen.
Goizero janzten du —esan nion—. Kamioak eta kamioiak abiatzen dira goizero irriez kargaturik, oi!, egunen batean horiek faltako balira, falta!
Bai, halako zerbait esan nion. Hartan abiaturik kontatu nion ipuina, kamioena, ez zait osorik gogoratzen. Esan nionaren zatiak baino ez datozkit orain gogora. Denak neuk asmatuak. Kamioiak zer ordutan itzultzen ziren beren abiaburuetara, jendeek irriak non erazten zituzten, zenbateko iraupena zuten, usteldu eta hurrengo goizerako balio gabe bihurtzen ziren, zera Nevadako mortu infinituan imajinatzen gurera irriak ekarri ohi zituzten kamioak, zer esan irri jantzigarrien horietan hartzen zuten pisuaz.
Erantzun zidanaz akordatzen naiz: Idatzi beharko zenuke ba ipuina.
Ez nuen egin. Ahozko literatura bat-batekoaren patua jaso du. Orain arte behinik behin.
Urteak igarota, dagoeneko hogeita bi, maiz oroitzen naiz Corner of Love hartakoez.
Oroitzen naiz halaber ni han izan nintzen urte hartan Dorre Bikiei egin zieten erasoaren lehen urtea bete zela, eta etxean nintzela irailaren hamaikan telebistari so, hartan ostatu eman zidaten Joe eta Helen bikotearekin, adi-adi. Urteurrenaren ekitaldiak ari ziren ematen.
Set delakoa uretan jarrita zeukaten, nasari loturik. Hudson izenekoaren ibarrean, noski.
Lutoz jantziak, hartan eserita zeuden lau edo sei edo zortzi gizon-emazte. Bi, honetan ziur nago, kazetariak ziren. Gizonezko eta emakumezko bana, jakina. Horietako edozeini kamera zuzentzen zitzaion aldiro irria agertzen zitzaion. Lipar batez baino ez, baina irria; non eta zer oroitarazten ari ziren jabetzen zireneko ezpainak automatikoki artezten zitzaizkien.
Haiena erreflexu ikasia zelakoan nago.
Eta goizero gure Corner of Love hartakoei zen beste askori kafea, hala luzea nola laburra, zerbitzatzen zigunarena, ikasia ez ote zen ba.
Eman dezagun baietz. Han gurasoek seme-alabei txikitatik esan dietela, Irri hori, kalera zoaz eta!
Behin, emakume gazte hari, Zer behar duzu? galdetu ostean kafea prestatzera bihurtzen zen aldiro irria atoan desagertzen zitzaiola jabetu nintzen.
Muturturik jaikia izan bide zen.
Hala ere lanera abiatu baino lehen ispiluaren aurrean irria jantzi zuen, zer erremedio, bestela jai haien garraiariek berek ere.
Eta maskarari eutsi ezinik tarteka hura jausirik irria harri bihurtzen zitzaion.
Nago maskara-joko berberean ez ote garen bizi.
Irri eta harri jolasean.
Haserrea bekokian eta ezpainetan erakusteko eskubiderik gabe.