Aspaldion eskuartean darabilt, solaskide isil eta gogoeta iturri agorrezin, harako Bautista edo Batxi Landa etxejaun eta bandiduari (Larrauri, 1716 - Valladolid, 1761) eta haren garaiari eskainia diozun liburua. Pertsonaren ezizena ipini diozu titulutzat liburuari, Tretatxu, horretara historiaren muga zehatzetatik ahozkotasunean, hots, kondaira eta bertso zaharretara igaroak direnen pertsonaia-dimentsioetara igaroaraziz. Azpitituluak, Lapurren gobernadorea, ahozko aipamenetik hartua bera (Tretatxu Larrauriko / Landako Semia / Bizkaiko lapurren / Gobernadoria), horrexen oihartzunak ekarri dizkit. Bada, esker mila, Hektor, opariz eragin didazun liluragatik.
Ez dut uste nire aitormen honek harrituko zaituenik, badakigu eta biok bandiduaren gaiak leku berezia digula harturik irudimenean historiari begiratzeko behinenez talaia bi, eta biak elkarren beste muturrekoak —inperioaren talaia vs norberaren matxino nazioarena—, eskaini zaizkigunoi. Guregan bandiduaren gaiak badu bere funtzioa, silogismo magikoen atalekoa: mendez mende Gu/guk/guri/gure… deklinarazten diguten gertaeren artean baziren krimenak ere, hots, lapurretak eta hiletak; hala bada, normalak gara gu, beste inor beste edonon bezain. Horrez gain bandiduaren gaiak inperioaren ingeniaritzaz eta arkitekturaz axioma funtsezkoena erakusten digu: kartzelak, presondegiak, erbesteak, ahalik ere urrunenean, eta ahal delarik itsasoak tartean izanik. Ez bedi itzulerarako zubi erosorik inondik ere izan.

Bautista Landa Tretatxu gurea Oran aldera —amazigeraz Dzayer—erbesteratu zuten, eta han gainera soldadu jardutera zigorturik. Ez zen halako zigorraldi bakarra izan, badakit, barkatu ahalko didazu, Hektor. Harira baina. Lekutan da Dzayer gaur, ez dut pentsatu gura orduan, hots, 1744an. Aljeria aldeko itsasertzean, bada, hartarantz ontziratu zutelarik gizon presoak bizi izan zuenaz, zer esan? Harrez gero nekez zeukala sorterrira bere kabuz itzultzea, esan nahi baita piloturen baten ontzia eta babesa izan ezean, edo bestela karel artetik lehorrera eginda eta halaxe oinez, zamariz edo gurdiz. Eta behin Afrika aldera iritsiz gero, horrexetara, bai, baina lehenago ontziz eginez beste honetako aldera.
Ez dakit Hektor, Oranek ezer berezirik dakarkizun gogora, nik esan barik ere ondo dakizun legez tokiak badu bere lekua literaturan. Inori gogoratzen baldin bazaio bederen. Albert Camusen Izurria eleberriko hiria da, horra. Eta Izurria eleberriko hiriak ezer sentiarazi baldin bazidan izua izan zen, zuri ez? Eta Bautista edo Batxi Landa, Tretatxu, Larraurin eta 1716an jaioari?
Oranera zigorturik bidali zutenean, etxejauna, ezkondua, eta hiru seme-alabaren aita zen gizona. Zigorra hiru ezaugarri horiek beterik ere emazte ez zeukan emakumezko beste batekin oheratzen zelako eta horren berri herriak bazekielako ezarri ziotela diozu, Hektor, hau da, zigortu nahi izan zutena gizarte-ordenuari portaera hark egiten dion desafioa zela diozu, erabat okerretara ulertu baldin ez badut behinik behin. Ba izan ere, eman diguzun lapurren gobernadorearen erretratuan deigarrien egin zaidana haren portaera hedonista —esan dezadan honetara— izan da.
Behin honetara iritsita, Hektor, liburuan eztabaidarako zabaldu duzun ateari nire aldetik bigarren baten aukera ere eman gura nioke. Munduan beste leku askotan izan omen diren bandidu sozialen ezaugarriak betetzen ote diren ez ote diren betetzen Tretatxuren kasuan, hots, bandidu ona zenetz, Hosbawm-en Bandiduak liburukoak jarraibide. Hori ate hori ukatu gabe bada beste bat, bandidu hedonistarena neritzokeena.
Ideia honetara lerrarazi ninduen liburua lehenengoz irakurtzean Tretatxu eta haren mentura-aide emakumezko hura belardian elkarren ondoan etzanik erakutsi zenizkidanean. Ez ote zen posible esklabo-bizialdi oso batek beste balio zezakeen arrasti bat? Ezeren pisurik ez, ugazaba, jainko edo errege gabe, ezerk ez ardura eta zeren larridura?
Halako une batean, Hektor, Bautista Batxi Landa, Tretatxu, eta Maria Antonia Arrasate Berasarte Maritxo mentura-kideak western airekoak begitandu zaizkit, zein Sollube, zein Urkiola, zein Orozkoko baso-arteetan eta bideetan barna baina.
Nire irudipenaren alde, Hektor, liburuko beste pasarte gogoangarri batzuk ekar nitzake. Nahikoa bedi hurrengoa.
«Maiatzaren 7ko eguerdian Ormaiztegiko kanposantuan zeuden Batxi Landa eta Felipe Imaz. Alboko bentatik ekarritako ardoaren edanean ziharduten, beste batzuekin zabal-zabal. Halako batean, Arrasateko emakume bi azaldu ziren bentako atartean. Gizonei erreparatu eta barrura sartu ziren. Salda katilukada bana eskatu zioten bentako andreari eta hark goiko pisuan zerbitzatu zien. Berehala etorri zitzaien Landa, bietako baten ondoan eseri, eta nora zihoazen galdetu zion. Arrasatera, erantzun. Ni ere bai, atzera Landak, elkarrekin joango gara».
Liburuan ondo diozun legez gure tradizioan badugu bandidu sozialaren iruditzat jo izan den Patakon, «daukanari kendu eta ez daukanari emon» ibiltzen omen zena. Nik neuk, Hektor, hari ezer kendu barik nahiago nuke bandidu hedonista, erromerietan denen erdian Bizkaiko eran dantzan egiten zuena, eta horretara zertan iritsi gabe ere lapurretetako diruekin praka, txupa eta kapela berriak erostera Baionara joaten bazekiena. Kartzelan hiltzeko hobe lipar batez aberatsen pare bizi ziokeena, Hektor.