Edorta Jimenez.

Gabonetako ipuina

2023ko abenduaren 17a
05:00
Entzun
Irati Eguren
Irati Eguren

Gabonetako ipuinetan Gabon giroa behar izaten da. Hala bada, Gabonetako ipuinak Gabonak ospatzen diren lekuetan kokatu behar dira, ia ezinbestez. Martitz plantan ere koka litezke, baldin eta han kristauren bat baledi. Kristauen artean baino ez baita Gabon gaua ospatzen Jainko Bakarraren Semea mundura jaio zeneko eguneko gautzat.

Horra esaterako Ray Bradburyren Gabonetako ipuina, zeinetan 2052ko Gabon gauen ortzian barna abiatzekotan den WASP (ZASP) familia bat; aita, ama eta semea. Gurasoak kezkaturik ageri dira, haurrak nora doazen zehazki ez badaki ere, dena delako horretan Gabonetako zuhaitza plantatu nahi baitu, harentzat zorioneko zuhaitz hori gabe ganorazko Gabonik ez dagoelako.

Ulergarria ere bada Ray Bradburyk bere Martitzeko kronikak ezaguna bonba atomikoaren ondoko lehen urtean argitaratu izana, 1946an alegia, artean bazelako jenderik onddotzar bi haien ostean munduaren akabera gertu zela konbentzitua zena. Martitz koloniza zitekeen, edo auskalo Lurraren beste zein ordekorik. Laster planeta honetan gizakirik ez eta, beraz, Gabonik nork ospa izango ez zelakoan.

«Euri emeak etorriko dira eta lur usaiak, eta soinu dirdiratsuekin jiratuko diren enarak, eta urmaheletan gauean kantatuko duten igelak, eta xuri dardartsuzko aranondoak, eta suzko lumak jantziko dituzten txantxangorriak, eta hesien alanbrean txistu joko dituzte beraien kantak, eta inork ez du jakingo gerra badagoenik, inor ez da kezkatuko gerraren bukaeraz. Inori ez zaio axolako, ez xoriei ezta zuhaitzei, gizateria orokorki suntsitzeko bada ere, eta udaberria berberak, esnatzean egunsentian, ia-ia ez du jakingo desagertu garenik». (Martitzeko kronikak, Jean Arno, (Jon Mikel Arano), Susa-19, 1986).

Gabonetako ipuineko 2052ra iristeko hogeita bi Eguberri baino ez dira falta, partikularrak ortzian barna turismo-txangoak egiteko prest dira, eta, nork daki holakoren batean edo bestean ez ote den jazoko Titanic zorigaiztokoaren kroskoa gertutik ezagutzera joan direnekin jazo dena, hain zuzen ere kroskoaren aldirietan krosko bilakatu zaiela batiskafo, eta honez gero bakarra izan beharrean bi diratekeela hiper-aberatsen bidaia-leku amestuak, destino turistikoak alegia. Berori duzue, destino turistikoa, Gabonetako zein ipuin idatzi ezin jakin nabilen 2023 honetako sintagma magikoa gurean.

Bestela ipuinak edonondik atera litezke, ez dakit nik zer dela eta nabilen hemen garunetan hazka eta hazka. Esaterako, eta behin Titanic aipaturik harekin segitzearren, bada dioenik, hobe ez!, krosko bilakatua den ontzi hura ez zela egiatan Titanic izenekoa izan, Olimpic izenekoa baino, eta horren nondik norakoak sinesgarri egiteko aseguru-etxe jakin baten zitalkeriak aipatzen dituzte. Bada ostera dioenik ontzia M. P. Morganek hondoratu zuela, bankuaren garatzeko asmoei oztopo egiten zieten hiru aberats handi akabatzeko, alegia, John Jacob Astor, Benjamin Guggenheim eta Isidor Strauss; Morgan bera ontzian bidaiatzekoa zen, baina, ai!, ez zen ontziratu.

Bi horiez gain, badira beste hiru konspirazio teoria, gora asmamena.

Lehena, ontzian bazela momia bat, eta hondamena haren madarikazioak eragin zuela dioena. Bigarrena, ontziaren zenbakiekin eta Belfasteko katoliko eta protestanteen arteko liskarrekin jolas egiten duena. Hirugarrena, urpeko ontzi batek hondarazi zuela defendatzen duena.

Aipatu teorien lehenengoarekin lotuko naiz.

Bada hiper-aberats bakar bat —X— bere botereaz mundua menderaturik daukana. Aukeran daukagu X jendarte-sarean jabea hautatzea, aukeran bestela Microsoft sortu eta hedatu duen ahalguztiduna. Biak ere biak Humanitatea populazioz ikaragarriro murrizteko adina gaitasunak dituztenak baitira, gure osasuna kontrolatzeko medioak dituztenez gero, hala nola COVID direlakoen aldaerak ekoizteko eta hedarazteko bitartekoak, agian baita ere horien aurkakoak diren «txerto ez-bakuna» bidez gure gorputzari mikro-txipak eranstekoak. Zera, argumentuaren aldetik B Saileko komikietan eta zinema-egokitzapenetan irakurri edo ikusi ez dugun ezer ez. Alabaina, argumentuaren aldetik jada badaukagun gaiztoari, X, pertsonaia ona kontrajarri behar; umeren bat aukeran, Gabon gau batez harekin topo egingo duena; ilunetan, elurra mara-mara eta otsoak maluten bestaldean ahausika.

Eta batez bestekoan Gabonetako ipuinetan funtsezkoena Gabon horretako on partea izaten denez, haur onak gizon hiper-aberatsa elurtean galdurik dabilen eskaletzat, pobretzat, gizagaixotzat, bihotz onekoen premiaz dabilen auskalo nortzat joko du eta etxea eskainiko dio; lekua sutondoan eta wifia.

Noski, haurraren etxean norbait izanen da ohean gaixorik, COVID-19 gaiztoaren kontrako txertotzat saldutako botika zitalaren eraginez bere azkenetan kasik.

Ohekoa eta haurra, ez da beste inor etxean. Ohekoa gizonezkoa ala emakumezkoa den, aukeran daukagu. Emakumezkoa eta gainera zahartxoa bada, eta haurra neskatoa txano gorriz jantzia, hortxe dugu ipuina, beste makina bat aldiz egina. Bere aldaeratxoarekin, noski.

Gabon giroarekin eta haurraren xalotasunarekin bihotza xamurturik, mundua menderaturik duen hiper-aberatsak wifiaren gakoa eskatu dio haurrari.

Halaxe, Nautilius-ekin konektatzen saiatzen da. Nemo kapitainarekin hitz egin behar du. Hark itsaspeetako euri emeek ontzen dituzten baratzetan ba ote duen haurraren amona salba lezakeen itsas-belarra eskura.

Nemok ez du erantzuten.

Haluzinaturik dago Titanic ontziaren kraskoari erantsi zaionari begira, aztertzen. Titan du izena. Karbonoz eta titanioz egina, bilbotarra dirudi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.