Danele Sarriugarte

Ez-guztia

2025eko apirilaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Alicia Valdésen Política del malestar (Egonezinaren politika) irakurri dut orain gutxi: martxoaren bukaeran elkarrizketa bat egin nion autoreari —ez da argitaratu oraindik—, Euskal Herrira etorri zela-eta. Valdés iaz ezagutu nuen, afektuen teorien inguruko ikastaro bat prestatu zuenean: Bartzelonan zen, baina online egin genuen lagun batek eta biok. Aspalditik neraman afektuen teoriak esaten zaien horien arrastoan, baina iruditzen zitzaidan zerbait faltan nuela, iruditzen zitzaidan oinarri sendo bat behar nuela, hastapen batzuk, hala nola izaten dudan, praktikan jardun eta jardun dihardudanean, halako batean geratzeko —kito— eta ikasteko eta irakurtzeko eta entzuteko beharra (praktika hori profesionala izan, zein bizitza bera). Espero nuena jaso nuen ikastarotik, egia esan. Eta dibertitu egin ginen: saioetako bat espazio handi batean ikusi genuen —espaziorako sarbidea neukan garai hartan—, paretan proiektatuta, Maider eta biok zoruan etzanda kanpin eran, koadroekiko tapaki gorri baten gainean. Nork dio teoria edo eskolak ezin daitezkeela fantasia bat izan.

AXPI
AXPI

Valdések baditu afektuei buruzko gogoeta interesgarri batzuk —adibidez, afektu erradikalez mintzo da, afektuak ez direlako berez haustaileak, eta adiskidetasuna lotura gisa ez, baizik eta ekintza gisa ulertzen du— baina ez naiz orain horretan sartuko. Política del malestar-en Valdések dakarren ekarpen nagusia da —labur esanda— gaur egungo errealitate politikoa aztertzeko muga nabarmena dela subjektuon ulerkera hutsean arrazional batetik abiatzea, alde batera utzita bestelako faktore labain bezain ezinbesteko batzuk: subjektuon emozioak, subjektuon desira, subjektuon alderdi inkontzientea. Política del malestar-en Valdések dakarren ekarpen nagusia da, hori guztia aintzat hartzeko, psikoanalisia baliatzea —pentsamendu-korronte gisa, ez terapia gisa—.

Badakit, psikoanalisia. Subjektu ez-normatiboen aurkako bortizkeria eta diziplinamendua. Valdések ere badaki, eta hala dio: «Psikoanalisiaren aplikazioak izan duen joera heteronormatiboaz eta androzentrikoaz ohartzeak ez dakar [psikoanalisia bera] subertsio-iturri gisa baztertzea». Horren haritik, psikoanalisitik (ere) pentsatu duten teorialari feministak ekartzen ditu —Ann Cvetkovich, Lauren Berlant, Monique Wittig—, eta bide batez azpimarratu zer gutxi itzuli izan diren, gizonte pentsalariekin alderatuta. Gizonte pentsalarien lana irakurtzeaz, berriz, zera dio: «Gizonte edo filosofo idazleak irakurtzearen ariketarako prest egon behar dugu. Ariketa hori egiteko motiboa ez da hainbeste atsegin hartzea, ezpada entrenatzea, haien obra irauli ahal izateko».

Konturatu orduko karaktereak agortuko zaizkit-eta, pilot arrosarekin fuerte azpimarratu dudan kontzeptuari helduko diot. Errealitate politiko garaikidean epai moralekin baina zeraren konplexutasun osoa kontuan hartu gabe botatzen diren galderak aztertu ostean —zergatik ematen dio botoa langile-klaseko subjektuak eskuin muturrari?—, Valdések alternatiba bat proposatzen du. Desblokeorako tresna bat: ez-guztia (no-todo). Hona aipu luze bat, nik baino argiago azaltzen baitu berak.

«Ez-guztiaren politikak, horrenbestez, bestelako teoria eta praktika politiko bat dakar, eta horrek ez du sustatzen gauzak egiteko manera bakar bat inposatzea; aitzitik, erresistentzia- eta aldaketa-praktika etengabeen alde egiten du, testuinguruak eta garaian garaiko premiek baldintzatuta. Estrategia horren barruan, ekintza politikoaren sorburuak edo helburuak ez du zertan izan osotasuna edo unibertsalizazio-desira […]. Ez-guztiak onartzen du beti egongo direla hor disidentziak, antagonismoak eta bat ez etortzeak. Ez-guztiak ezin du harmonia erabatekoaren promesarik egin, hori lortzea ezinezkoa baita, eta, gainera, berekin ekarriko bailuke, beste behin ere, errealitate politikotik kanpo uztea zerbait. Alabaina, [ez-guztiak] zera ahalbidetzen du: gozamena [kontzeptu psikoanalitiko gisa] modu ahalik eta ez-suntsigarrienean bideratzea: erabatekotasuna ezabatuz eta zatiketei, etsaitasunei eta kritikei lekua eginez, ezkerretik eta behetik diharduten ezkerreko mugimendu iraultzaileetan».

Agian bajoneroa iruditu zaizue ikuspegi ez-orohartzaile hau, borroka-ez-da-inoiz-amaitzen hau; niri, kontrakoa: arnasa ematen dit, gertuxeago dagoelakoan gauzak errealki gertatzen diren modutik eta jendeok jarduten garen eratik. Esan dezadan, dena den, neure artikulu bat irakurri duzuela, ez Valdésen liburua. Gaia interesatu bazaizue, zerbait piztu badizue, zuzeneko iturrira jotzeko proposatuko nizueke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.