Edorta Jimenez.

Estriknina, azetatoa, eterra eta beste

2024ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

Gerretan ohituak diren herriek, haietan erabili izandako heriotza bideen eta zigorraren teknologien memoria gordetzen dute, nolabait esan. Memoria horretan gordeak direnak nekez asmatuko lituzkete inoiz gerrarik ezagutu ez dutenek. Esaterako, etsaiari edateko ura pozoitzea. Ala bai?

Halaxe ba, 1834ko urtean eta Madrilen, kolera, sukar beltza edo gangeria —adi izenei— deritzon eritasuna eta harekiko izua zabaldu zirelarik, herritar askok errua fraideei egotzi zieten. Norbaitek fraideek edateko ura pozoitu zutela zabaldu zuen, eta horra gero ondorioak. Uztailaren 17an, eguerdiz, mutiko guztiz txiro bat Ikusi omen dute patin edo putzu jakin bateko ontzira lurra jaurtitzen. Fraideen aginduz, diote. Herritarrek mutikoaren atzetik joanda heriotza eman diote. 

IRATI EGUREN
IRATI EGUREN

Zenbait urte lehenago, 1827an alegia, Manilan izan zen izurritean, Erresuma Batuko koroaren menpeko zenbaiti egotzi zioten gaitza ekarri izana; hildakoak izan ziren. Lau urte geroago, 1831n, Parisen, fraideei eta legitimistei egotzi zieten errua, eta 1833an tabernariei eta polizien konplizitateari. Azkenetako batzuk Sena ibaira jaurti zituzten.

Ezin zitekeen izan kolera berenez zabaldu izana. Hortik herriaren kolera. Bigarren kolera hori, zerk eta, Madrilekoa herritarren artean zabaltzen hasia zen antiklerikalismoaren uhinak ekarri omen zuen. Haatik, matxinada hartan, herritar txiroenak ez ezik, hiriko guardiak eta armako soldaduek ere parte hartu zuten. Hala hola esanda, 73 jesuita edo fraide hilda eta 11 zaurituta. Gehi komentuak suntsituta. Matxinada hamabi orduz luzatu zen.

Espainiako Erresumako populazioa hamaika pasatxo miloi ziren; hildakoak, ehun mila. Ibili ere aise ibili izan baitzen eritasuna Iberiar penintsulako bideetan barna. Batik bat artean hantxe zelako martxan Lehen Karlistaldia iritzi zaion gerra zibila. Hala. Gobernuak berrogeialdiak eta hirien isolamendua agindu nahi izan, eta jeneralek ezetz esan zuten. Herio uniformez jantzita zebilen. Beste aldera batzuk mandazainak, bidaztiak, eskaleak eta holakoak ziren.

Honaino iritsirik, eta arestian agindu bezala, pausa gaitezen gaixoaren definizioetan.

Horra sukar beltza, Orotariko Euskal Hiztegian agiri diren hogeitik gorako sukarren arteko bat. Tifusa ere bada, sukar ustela bezalaxe. Ez da hitz zaharra idatzizkoetan.

Are berriagoa da gangeria. Sabino Arana Goirik 1897ko Egutegi Bizkaitarra hartara ekarri zuen. 

Gizon irakurria zen abandotarra, nondik jakin bestela eritasun haren jatorria Ganges ibaian zegoela, edo halaxe esaten zutela behinik behin. Bazituen lagun medikuak, egia, eta bera beti eri bizi izanda ziur haiekin horretaz hitz egin zuena. Egutegi Bizkaitarrara ekarri zuen aipamena deigarri begitantzen zait. 

«1855.- Begoña’ko Ama neskutzari kolera edo gangerijagattik arren-egikuntzea», idatzi zuen, horretara gogora ekarriz aipatu urtean Bizkaia aldean zabaldu zen izurria.  

Haatik, izan zen beste gangeria aldirik Hego Euskal Herrian. 1835-1836 urte tartean, esaterako. Lehenengo Karlistaldia iritzi izan zaion haren erdian alegia. Izurria ibiltaria zen eta, bateko eta besteko agintariek berrogeialdiak ezartzea galdatu zuten. Ezetz. Tropak ezin zitezkeela geldirik egon. Halaxe bada, izurria gerrako bideetan barna ibili zen. Arabaren kasua polito dokumentaturik dugu. 

Berrogeialdiak ezartzearen tradizioa gerrak eta izurriak bezain zaharra da, ez nabil erudituarena egin guran. Zilegi bekit hala ere esatea nola Mundakak, 1822ko idatzi batean, Bizkaian bigarren portu handi bat non egin aztertzen ari zirelarik, berea eskaini zuela, argudiatuz, besteak beste, «itsasontziek berrogeialdiak burutzeko aparteko lekua» zeukala. Ildo beretik, 1855eko kolerak jotako herrietatik hari ihes egitearren hara itsasontziz iristen zirenei berrogeialdia ezartzen zitzaien. Hain zuzen ere egun Santa Katalina deritzon inguruan zegoen lazaretoan.

Orain artekoak zertara datozen, bada 2020ko COVID-19 delakoaren karirat. Hartan birusari jatorria bilatu zitzaion eta, mende bi lehenago kolerarena Ganges ibaia izan zela zioten lege berean, Txinan omen zeukan iturburua. Beti urrun, bai. Fabrikatua zela esaten zuten, eta fabrikaren lekua Wuhan. Hamaika bat milioi lagun 8.467 km² karroko azaleran bizi izaten, zera, historian barna izan diren izurrite askoren lehen ezaugarria betez. Ez da zertan Friedrich Engelsen Langile klasearen egoera Ingalaterran aipatu.

Behingoan sortu zen txertoa ez txertoa bai polemika, ezen ez eztabaida. Berdintsu joan zen kontua Jaime Ferrán y Clúa mediku bakteriologoak, 1855ekoan, landu zuen koleraren aurkako txertoa arrakastaz erabiltzen hasi zen bezain laster. Haren arrakasta gora-behera, agintariek ez zioten ontzat eman. Ez eta Ramón y Cajal berak ere.

Bada, 2020ko berrogeialdiaren urte bi bete ziren egun berean Derioko herio-artxiboak arakatzeari ekin nion. 1834ko agorrila eta iraila artean 21 hildako koleraz, guztira hil zirenen %62. 1855eko uztailaren bosta eta azaro artean, 167 hildako. Mundakan. Ez naiz datuak zehazten hasiko.

Koleraren gakoak urak eta kakak ziren. Artean, nork zekien hori baina? Era berean, 2020ko berrogeialdian nork zekien non zetzan kakoa? Ez dut inoiz ahaztu iritsi zitzaidan harako bideo hura, non ez-jakin batek sendabide naturalak eskaintzen zituen. D.G. Roure medikuak 1855ekoaz egin zuen txostenean ageri direnen antzekoak. Estriknina, azetatoa, eterra eta beste. Hil egin ote da?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.