Edorta Jimenez.

Aparri

2025eko urtarrilaren 19a
05:00
Entzun

Aparri izenekoa, Filipinetan. Luzon irlako iparreko muturrean. Gaur egun 70.000 biztanle inguru. Garai batean Espainiar Inperioaren parte. Oroimeneko labeetan erre den ikatza lakoa den haren izenaren jatorriaz hipotesi nagusi bi eraiki dira. Lehena, izena leku hartan oina pausatu zuen lehen kolonizatzaile Juan Pablo de Carrión haren hizkuntzakoa dela. Zein hizkuntza-eta, euskara. Itxuraz. Hori, ingelesez irakurri ditudan argibideetan aipaturik ez bada ere, hauxe baitio: named the town after the colloquial word for supper in his hometown. Hori bai, Juan Pablo de Carrión haren sorlekua Carrión de los Condes omen da. Trufatzen naiz halako filologoez, zeinek jartzen dituzten jatekoak eta lekuak parez pare.

Hipotesiak hipotesi, frogatua da Aparri eta Manila arteko posta zerbitzuan Gravina eta Churruca posta-baporeak ibili zirena, biak ere biak Etxeita eta Portuondo konpainiaren jabetzakoak. Lehena bigarrena baino tarte laburragoz bizi izan zen, egia, 1895ean joan baitzen hondora. Churruca, berriz, bere azken jabeek hondoratu zuten; Hong Kong aldean, 1941ean, ez zedin japoniarren eskuetara baliagarri igaro.

IRATI EGUREN
IRATI EGUREN

Newcastlen egina, 1879an, Gravina, batez bestekoan 618 tona zamatzeko gai zen, hamaika milia zebilen eta, azkenik, lau eguneko itsasoteak egiten zituen Aparri eta Manila artean posta-zerbitzuan. Egunkariek esan zutenez, hondora joan «sokaraino gainkargaturik» joan zenez, auskalo zenbat tona zer galdu ziren. Karel artean 106 arima zeramatzala; eskifaia eta bidaztiak; espainiar jatorrak eta indiar espainiartuak. Horixe dute inperioek, bereizketa zorrotzak egiteko gaitasun miragarria, beste edonori ukatua. Hori alde batera, Gravina haren akabera zinez zorigaiztokoa izen zen. Haren kronikak, Filipinei buruzko erremediorik gabeko nire eldarnio honetan sarturik beste kronika eta kontaera  batzuk ekarri dizkit gogora.

Kroniketan nagusia, Gabriel Garcia Marquezen Naufrago baten kontakizuna da, Eneko Barrutiak euskaratua. 

«1955eko otsailaren 28an Caldas suntsitzaileko tripulazioko zortzi kide, Kolonbiako Itsas Armadakoak, Karibe itsasoan izan zen ekaitz baten ondorioz uretara jausi eta desagertu ziren berria jakin zen». Marquezek berak liburuaren hitzaurrean dioenez, ontzia gainkargaturik zetorren eta, galdurik zeukan maniobrarako gaitasuna. Gravinak legez, berdin-berdin. Alde bakarra Caldas haren kronika ofizialak zioenarekin bat istripua ekaitz tropikal batek eragin omen zuela, eta omen hori sobran zegoela, ez baitzen harako hartan inongo ekaitzik izan.

Hura argitaraturik Marquezek Kolonbia utzi beharra eduki zuen. Kronika hura ez baitzen militarren portaera ustelaren adibidea baino. Eta denok hain ondo dakigun legez, militarrik ustelik ez dago inon. Gabo zitala, Parisera!

Diodan legez, Caldas hura bezala kasik hiru mende-laurden geroago, hondoratu zenean Gravina ontzia gainkargaturik ari zen nabigatzen. Haatik, horren kasuan ekaitza egiazkoa izan zen.

Utzi zuen Gravina haren armadore Jose Manuel Etxeitak benetako itsasoetako egiaz berak bizi izaniko ekaitzen lekukotasunik, nola fikzioetan, hala memorietan. Ez zen inondik ere Joseph Conrad haren mailara iritsi, ez. Biak izan arren ontzi-mutil hasi era kapitain kargura iritsiak, koska bat estuago egin zuen poloniar britainiartuak. Idaztearen aldetik, diot. Gogoangarria da haren Typhoon eleberri laburra, itxuraz egiazko tifoiren baten aldaera dena.

Conraden tifoiari ez diot parekorik ezagutzen, baina lekurik ez hura hemen laburtzeko. Nolanahi ere, Gravina ontziko Mendiola kapitain mundakarrak bizi izan zuena ez zen hartatik urrun izango. Horrez gain, bada kontakizun bien artean antzekotasun objektiborik; tifoia bizi izan zuen Nan-Shan lurrun-ontziak 200 txinatar langile txiro —koli— zeramatzan sotoan; 106 ziren Gravinako kabinetan lo egiten zutenak. Ez da hori, ordea, antzekotasun nagusia, zera baino: ekaitza hantxe agertu zitzaioneko, Mendiolak agindua eman zuela pasaiariak nor bere kabinara sar zitezen denak. Fikzioko koliak salbatu egin ziren; Gravinakoetatik 100, esan bezala, ontzian galdu ziren; kapitaina eta mendekoak tartean.

Gravinaren kronikak harriduraz mintzatzen dira Mendiola nire sorleku-kide haren portaeraz, nondik nora ez zuen ba kabinetako ateak zabaltzeko agindua eman, ulertu behar delarik kronikek argiro esan ez zutena, zera, pasaiariei ateak kanpotik itxi zizkiela. «Maniobretan nahasmenik sor ez zezaten», diote, hori bai. Salbatuko ote ziren ehun haiek ateak zabalduta ere? Zer ote zebilkien buruan kapitainari eta bigarrenari? Kronikek testigurik gabeko —sei salbatu ziren eta, hari begira egon ote ziren, ba?— azken hartaz diotenez, «kapitainak eta ofizialak zubian zirelarik joan ziren ontziarekin hondora». Epikarentzako kantu bat!

Galduei egin zitzaien meza handian, horrexetarako aukera eduki zuten agintariek, gainkargei ez ikusia egiten zietenek, halakoak agintzen zituzten jabeek, jainkoaren ordezkariek, Filipinetan ordenak emanez ordenua ezartzen zuen orok.

Eta hil ziren ofizial haiek, zer?

Aberastearren jardun izaten zuten, akaso? Tifoia kontakizunaren azken atalera, Joseph Conradek, hartan lehenago behin ere agertu ez diren emakumeak dakartza. Gizonen sakrifizioa horiengatik eta seme-alabengatik ari direla esateko. Horra ba kolonialismoaren hezurdura, rolen bereizketan sustraitua: gizonkiak han, Aparri izeneko lakoetan, eta emaztekiak hemengo Aberrian, ipini zeuok izena non.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.