Bilbo-Gernika-Bermeo lineako tren-barrua altzoa lakoa da. Kulunkaria eta lo-arazlea. Eguerdi osteetan batik bat. Kulunkaria diot, maitasunez esan ere, gure aitak eta bestek hori egiten parte hartu zuten trenbideak sortzez baitu berak duen triki-traka nabarmena. Ez da, ez, eserlekuan erlojuak konpontzen hasteko leku egokiena, bai ostera zein begiak paisaiaz ase egiteko, zein irakurtzeko, zein belarriak musikaz laketzeko, zein dena batera egiteko. Halaxe etorri ohi da trenetan loa. Eta halaxe etorri zitzaidan niri behinola, igande arratsaldez, Bilbotik irakurtzen nentorrelarik. Liburua ez zen edozein. La persecución roja en el País Vasco, horra. Ba trenean geratu zen, ene bada, ze ez zen nirea.
Biharamunean Euskotreneko ibilbide horretako azken geltokira jo nuen, norbaitek han utzi ote zuen zorioneko liburua.
Goiz zen, eta geltokiko burua hantxe zegoen, zutunik, egunari zabalik gogoa. Ez nengoen harekin inoiz hitz eginda, berria zen. Ze bestela ni, izatez, trenetako langileekin hitz egitekoa naiz. Funtzionarioen eta langile publikoen artean atseginenak dira. Atsegintasun horretan sarturik da hizkuntzarena, ni sarrien mugitzen naizen Bermeo eta Gernikako geltokien artean ehuneko ia ehunean euskaraz egin izaten dute eta.
Zera, azaldu nion zein liburu zen trenean utzia nuena. Hango ez hurreneko, Ibarrangeluko batek idatzia zela, apaiza bera, 1945ean argitaratua, liburu bakana zinez. Ene! Behingoan markatu zuen telefonoa.
Goizegi! Zenbakia emango dizut, geroago deitzeko.

Liburuak zekarren mamia, edo gaia, azaldu nion, zera, 1936ko gudatea abiatu zenean Ibaizabalen Erandio parean atondu zituzten kartzela-itsasontzietan preso eduki zuten harako haren bizipenak, nolabait esanda. Eta titulu zehatzaz gogoratzen ez nintzenez hartan sartua «el terror rojo» bazela aipatu nion.
Isiltasun tarte bat izan genuen.
Begitartean ageri zuen zintzotasuna hitzetara ekarri zuen.
—Terror rojo? Ez dut inoiz entzun».
Ez diot bizi naizen artean erantzun hura eman izana eskertu ahal izango. Gizon gazte hark, hala keinuetan nola hizketan gogo argia erakusten zuenak, izu gorria delako hura eskuindarrek zeri zeritzoten ez baldin bazekien, banuen nik nire autokritikaren beharra. Norentzat idazten ditut hemen idazten ditudanak? Edo, zehatzago, zein mundutan bizi naiz? Zertarako idatzi ahanztekoz gero idatzia oro.
Esan nion nondik atera nuen liburua; Bermeoko liburutegiko sotoetako biltegitik. 1945ean argitaratua, laurogei urte zahar da, badu horrek denbora hauts biltzen iragana!
Iraganeko hautsak gorabehera esan beharko diot noski liburutegiko langileari, beti irria ezpainetan abegi egiten didan horri, zera, iraganetik hona ekarri zidan liburua, vintage pieza, antigoalekoa, bitxia edo dena delakoa, probisionalki, behin behinekoz, esan dezagun momia, nondik nora dabilen: momia bidaiari egina, eusko trenean galdua alegia.
Momiak laurogei urte betetzen ditu aurten, esan dut, barruan bildurik dituenek zortzi gehiago. Aditu dut esaten momiagileari damutu egin zitzaiola hura baltsamatu izana. José Echeandia abadeari hain zuzen. Liburuaren ale bat ikusten zueneko, erosi eta suntsitu egiten ei zuen.
Ez dakit nik ba horren iturri fidagarria ote den. 1968an, Bizkaiko orduko diputatu nagusiak, urgaineko kartzeletan Getxoko Ybarra enborreko zenbait abaraska galdu zituen Fernando Ybarra Arriluce hark alegia, liburuaren ale bat eskatu zion, sinatua eta probintziako gobernadoreari eskainia. Ez dut ezagutzen erantzuna.
Ez daukat alerik? Momiaren baltsamatzaileak Ybarrarekin zerabilen hizkera ez zen damutuarena.
Ybarra hark, diputatua zen aldetik, herrietarako alkateak izendatzeko eskumena zuen eta, Echeandiari idatzi zion, Ibarrangeluko alkate hango medikua izendatzeari zer zeritzon galdetuz. Abadearen erantzuna argigarria zaigu:
—Creo que pocas personas dotadas de tantos méritos y de tanto españolismo se podrán encontrar en Vizcaya para poder ocupar el puesto de alcaldía, en nuestros pueblos y aldeas.
Zitekeena zen ordurako abadea liburuaz damuturik izatea, bai. Dena dela, hogeita bost urte igarota liburua bertoko karlismo faxistaren erreferentziazkoa zen. Areago, hark deskribatu zuen el terrror rojo kontzeptua bolo-bolo dabil egun ere sareetan. Auskalo, ba. Ez naiz Echeandiarekin psikofonietan galduko. Euskotreneko geltokiko gizon gazte hark labur eta zehatz erakutsi zidan legez, momien munduan ari naiz.
José Echeandia, Jose Etxeandia bihurturik ageri da egun, urgaineko kartzeletako, eta, ahaztu ez dakidan, Bilboko Begoña aldekoetako, Izu Gorriaren testigu hura. Euskaltzain urgazleen zerrendan dago, 1961ean izendatua. Kristinau-ikaskizuna katixima argitaratu zuen, 1947an, eta Bizkaian gero bertsolari txapelketak antolatzen. Horrexegatik.
Nire buruari galdetzen diot izendatzaileak ba ote zeukan irakurrita haren liburuaren hitzaurrea bederen, zeinetan F. Javier Olóndriz Lauaxetaz honetara mintzatzen den:
«EAJko buruetakoa zen Esteban Urquiagak, Lauaxeta goitizenaz sinatzen zuen, agerkari anarkizale bati zera esan zion: independentzia erdiesteko bitarteko oro da zilegi, hasi bonba bat ipintzetik eta gerra bat pizteraino».
Hitzaurregileak ez zuen beharrezkotzat jo Lauaxeta fusilatu egin zutela aipatzea, nork eta izu gorria pairatu omen zuten azulek. Zertarako?
Eta honaino.
Etxeandia Euskaltzain eta zorioneko liburua batek daki non.
Altzoa lakoa diren tren, bultzi esaten zuen gure amak, eaj zaharrekoa bera, horietan ez behintzat.