Behin Edinburgon, iluntze arrats batez, medikuntzako edozein ikasleren bizitza madarikazio bihurtzen duten azterketa gaitz haietako bat prestatzen ari nintzelarik, hantxe eserita, Currie hurreratu zitzaidan, zera, haren nolabaiteko ezaupide bat neukan ikaskide bat. Egin zidan galderaren tamaina itzelak airean eraman zituen ikasketei buruzko nire asmoak.
- Ardura izango lizuke, esan zidan, baleontzi batean balearen ehizan hastea, hurrengo astean? Zirujau joango zinateke, libera bi hilean, eta hiru txelin olio tona bakoitzeko.
- Nola dakizu kamainarik —lekua esateko modua— edukiko dudala, ba?, naturaltasunez galdetu nion.
- Nik neuk badaukadalako. Azken unean jakin dut, zera, joaterik ez daukadala, eta halaxe ba, nire lekuan joango litzatekeen gizon bat bilatzen ari naiz.
- Eta Artikorako ekipamenduaz, zer?
- Neurea har zenezake.
Tartetxo baten buruan dena adosturik geneukan eta, halaxe, handik minutu gutxira nire ordura arteko biziera alde batera utziz beste bide bat hartu nuen».
Arthur Conan Doyleren hitzak dira, Whaling in the Artic Ocenean izkributik hartuak. Arthur Conan Doyle, Sherlock Holmes eta John H. Watson haren laguntzailearen sortzailea, bai.
Gizonak hogei urte zituen, eta medikuntza hirugarren kurtsoan ziharduen, Edinburgoko Unibertsitatean. Hurrengo sei hiletan Hope —Itxaropena— baleontzian jardungo zuen. Currie hark utzitako ekipamenduari zenbait liburu erantsirik itsasoratu zen. 1889. urtea zen.
Ez dakigu zein libururekin ontziratu zen. Uste izatekoa da Edgar Allan Poeren bat edo beste, guztiz gogoko omen zuen eta. Nantucket-eko Arthur Gordon Pymen kontakizuna, akaso? Doylek Hope ontzian paratu zuen egunerokoari haren aireko zerbait antzeman diot. Joseba Sarrionandiaren harako Lagunizoztua hari antzeman nion legez. Zorionez Arthur Conan Doylek Hope ontzian egin zuen itsasaldiaren amaiera, Poeren pertsonaiak Grampus (Izurdea) izenekoan izan zuenaren guztiz bestelakoa izan zen. Hain zuzen ere esan liteke Poeren nobelaren amaiera ez-amaiera bat dela. Narrazioa lehenengoz irakurtzen amaitutakoan horixe sentitu nuen, zera, idazleak emandako amaiera ez zela amaiera, eta horren zergatia zela, agian, egileak liburua burutzeko tarterik izan ez zuela. Ba ez.
Diotenez Doyle Poeren zalea zen. Izan zen, ez zen izan, Sherlock Holmes detektibearen ahotik errepaso polita eman zion Dupin, Poeren izeneko detektibeari, haren bestelakoa zen bezainbestean.
«Dupin morroi hori oso badaezpadakoa zen, nire ustez (...) Badu, zalantzarik gabe, azterlari sena baina ez da inondik inora Poek uste zuen fenomenorik», idatzi zuen Doylek A Study in Scarlet eleberrian, euskarari Xabier Olarrak Zirriborro eskarlata tituluarekin ekarrian. Berori da protagonista nagusi Sherlock Holmes eta John H. Watson bikotea daukan lehen eleberrian. Liburua 1887an argitaratu zen. Beraz, Hope hartatikoen zazpi urtera.
Zazpi urte haietan Doylek beste itsasaldi bat egin zuen, Afrikan barna, horren ostean mediku ikasketak amaitu zituen eta, behin titulua erdietsirik, lanbide horretan sartu zen. Denbora horretan eta beste zereginekin aldi berean zenbait narrazio paratu zituen. Harik eta Sherlock eta Watson sortu zituen arte. Pertsonaia bitxiak, hala esaterik baldin badago. Ezaugarririk bitxiena Sherlocken kasuan haren narkotiko-zaletasuna liteke.
«Zenbait egunetan [Sherlock] egongelako besaulkian etzanda egongo zen, hitz erdirik esan gabe eta goizetik gauera behatzik higitu ere egin gabe. Horrelako aldietan haren begietan begirada huts eta ameslaria nabaritzen nuen, eta narkotikoren baten zaletasunaren susmoa hartu nion, haren bizitza oro har hain neurritsua eta txukuna izateak susmo hori uxatu ez balu», idatzi zuen Doylek Zirriborro eskarlata-n.
Balizko narkotikoaren izena The Sing of the Four, hurrengo eleberrian eman zuen. «Sherlock Holmes-ek botila tximiniaren ertzetik hartu zuen, eta xiringa hipodermikoa Marokoko kutxa garbitik. Bere hatz luze, zuri eta urduriekin orratz delikatua egokiturik, alkandoraren ezkerreko eskumuturra atzera bota zuen. Denbora gutxi batez, begiak pentsakor gelditu zitzaizkion, besaurrearen eta eskumuturraren artean zituen ezin konta ahala zulatu-markei eta orbainei begira bezala. Azkenean, punta zorrotza zainera sakatu zuen, pistoi txikia zapaldu eta belusez betetako besaulkian hondoratu zen, pozik hasperen luze batekin (...) Kokaina da, esan zuen, ehuneko zazpiko soluzioan. Ardura lizuke saiatzea?».
Watson ez zen saiatu. Ez eta ni neu ere harako hark orratza eskaini zidanean.
Bermeoko portuan izan zen, eta orratzak zekarrena ez zen kokaina, opiazeoa baino. Sherlock horrekin ere saiatu omen zen.
Esan gabe doa, Doyle bizi izan zen denbora tartean (1859-1930) hala kokaina nola opiazeoak ere legezkoak ziren. Gero, eragiten zituzten kalteak aitzakia, legez kanpoko aldarrikatu zituzten, baina, ez da Kafka izan halakoetan «legez kanpo» horrek zer esan nahi duen endelegatzeko. Gutxi batzuen irabaziak, askoren heriotzak.
Artean, baina, nork zekien hori?
Ahalegina eginda jakin nezake orratza eskaini zidan haren izenarekin. Beladun ontzi miresgarri batean etorria zen, eta benetan bikingoa ematen zuen. Norbera ere hilda egon ezik, nola ahaztu harekin.
BEGIAK LAU
%7 kokaina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu