Euskalgintza postideologikoan ideologiak kakofonia jasanezina dirudien honetan azaldu nahiko nuke, nire iritziz, zertan diren hizkuntza estandar batuaren ideologia eta utopia. Hizkuntzak estandarizatzea operazio politikoa izan da gehien-gehienetan. Administrazio militar, erlijioso, burokratiko edota merkatu batu baten tresna izan ez denean goi-elite baten euskarri eta bereizgarria izan da. Hizkuntza gutxitu eta azpiratuetan, berriz, aspaldi bilakatu zen horiei guztiei aurre egiteko tresna, eta areago, ukatuta zituzten izatasun, osotasun eta duintasuna erdiesteko bide.
Mundu bazter hau erdibitu duten nazio-estatuek gogotik landu dute elebakartasuna, asmo argiz: hizkuntza hegemoniko estandarizatuek, hiztunen eta munduaren artean ezarrita, mundua irudikatzeko eta adierazteko monopolioa izan zezaten. Dagoeneko, mundurako sarbidea hizkuntza hegemonikoena da. Mintzaira gutxituak, berriz, hegemonikoen bitartekotzapean ez dira gai bizi munduak bere baitan osotasunez biltzeko eta biziarazteko. Ezarian ere, bitartekotza erabateko ordezkapena bilakatzen ari zaigu. Horretan dugu euskarazko jarduna: mendekoa, gero eta subordinatuagoa, gero eta erdarazkoagoa. Bitartean, euskarak subordinatua den artean bizirik dirauela argudiatuta, hizkuntza politika ofizialak diglosiaren onurak zein handiak diren gaztigatzen digu bere manifestuetan. Hala ere, testu horiek idazten dituztenek ere badakite hizkuntzen baztertze eta ahazte prozesu sozialetan diglosia ez dela biziberritzeko bide, gainditu beharreko kinka baizik.
Hartarako, euskara estandar batuaren utopia: diglosia gainditzeko euskara bat, noranahikoa eta oro-mintzo. Utopia baita euskarak funtzionaltasun osoa eta hegemonia soziala izatea. Utopia baita diglosiarik gabeko euskal jendarte bat, non euskaldun elebakarra izaterik legokeen, nahiz eta bat bera ere ez izan, nahiz eta denok eleaniztunak izan. Zaharra eta tematia da, hala ere, diglosiaren ideologia gure artean: fisika, matematika eta «gai oriek erdarari utzita ere, euskerari geratzen zaion bazter polita: etxe barrengoa, erri artekoa, errelijioaren magal goxoa» zioen 1949an A. M. Labayenek. Bazter politetatik kanpo, bazter itsusi, hotz eta zatarrenetara ere euskara zabaltzeko ahalegina da batua.
Hartarako, komunitate batuaren utopia: estandarraren funtzionaltasunetik erdararen hegemonia sozial, politiko, kulturala gaindituko zuen komunitatearen utopia. Batua erdara ordezkatzera etorri zen, hau da, ordezkapen linguistikoa iraultzera. Erdara du lehiakide, ez euskalki estandarizatuak, ezta azpi-aldaera ez-estandarizatuak ere. Denak dira elkarren osagarri; denak, euskaldunen aukerak euskararen baitan. Hori guztia, jakina, subordinazio diglosikoaren aurkako ideologiatik, eta bertatik ere ez da nahikoa euskarak aukera formal guztiak eskaintzea: gure jendartean topatu behar ditugu euskara guztiak egiteko aukera praktikoak. Izan ere, diglosiaren aurkako ideologiak gure bizi mundua euskalduntzea du helburu, ez euskararen lagunarte bereizia eta bere baitara mugatua antolatzea.
Hortaz, auzia ez da hizkuntza bera, komunitatea baizik, edo zorrotzago esan, euskara hizkuntza komuna dutela ohartu barik bizi diren munduak eratzea. Alegia, oraingo erronka, betikoa, euskaraz mundua bere egiten duten askotariko jendeen jendartea asmatzea, osatzea eta biziaraztea da. Areago egun, nazio-estatuek ezarritako diglosiari globalizazioak eta teknologia digitalek ekarritakoa gehitu zaion honetan. Arineketan aldatu zaigun bizi munduan bazter berriak ditugu erdal bitartekorik gabe euskaraz bizi eta atzitzeko, horrela egin ezean ordezkapena guztiz burutuko da eta ez denbora luzean. Batuaren utopiari eutsi behar diogu: diglosiarik gabeko euskal jendartera bidean, funtzionaltasun osoko euskarazko jardunari eutsi eta biziberritu; eta horretarako, sormen soziolinguistiko, teknologiko eta politikoa erruz beharko dugu.
EUSKARA BATUAK 50 URTE
Batuaren utopia eta ideologia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu