Aitor dut pixka bat harritu nindutela Ramon Saizarbitoriari egin zitzaizkion kritika batzuek, euskara batuaren eta goi kulturaren balioa aldarrikatu zuelarik. Halako batzuek aurkitutako zirrikitua idazleak erabili zuen «baserritarkeria» hitza izan zen. Talka egin dugu euskal esentzien gordelekuarekin! Anatema, anatema!
Baina Saizarbitoria ez zen baserria edo baserritarrak erasotzen ari, ezta gutxiago ere. «Baserritarkeria» badago, seinale «baserritartasuna» ere badagoela. Baserritarkeria, izan ere, ez dagokio baserritarrari edo Euskal Herri nekazariari, baizik eta, batez ere, hiriari: hiri munduak euskal landaz luzaroan eraiki duen irudi estereotipatu, museistiko, «basati» eta «indigenistari». Kostunbrismoa ez zen landatik etorritako literatura, hiriak hiriaren sektore jakin batek ekoizten zuena baizik.
Gasteizko jaiak hasi diren egunotan ekidinezina suertatu zait kontu horretaz gogoratzea, hiria blusen saldoen mende dagoela. Oraindik gogoan dut, Andre Maria Zuriaren festetara lehenbiziko aldiz etorri nintzelarik, Dato kale peatonalizatu berrian ikusi nuen eszena: baserritarrez mozorrotutako blusa kuadrilla bat, algaren artean, landatutako magnolia gazteetako bat behartzen eta, azkenik, enborretik apurtzen. Baserritar gutxik egingo zuketen zerbait, alegia.
Jatorri kontuak albo utzita, blusa garaikideak hori direlako, neurri batean: landako jendeari modu paternalistan egotzitako astakirtenkeria, hiritarren libertimendu «askatzaile» eta bai oro har oso maskulino baterako aitzakia bihurtuta.
Ondo dakit Gasteizko jaiak ez direla hori bakarrik zorionez, eta gauzak aldatzen joan direla. Baina hori ere badira, ez gutxitan.
ELE
Baserritarkeriaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu