Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Bartzelona

2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Bartzelonan, Martxelo eta Maria, oso berdinduta heldu dira hauteskunde kanpainaren bukaerara, eta iruditzen zait hauteskunde gaueko azken minutuan erabakiko dela guztia. Egoera harrigarria da. Inkesten arabera, hiru hautagai daude berdinduta lehen postuetan: Xavier Trias, JxCkoa; Jaume Collboni, PSCkoa, eta Ada Colau, egungo alkatea, Comukoetakoa. Baliteke zinegotzi kopuru bera lortzea hirurek, eta, hala balitz, puntuen arabera erabakiko litzateke nor izango den alkate, hau da, boto gutxi batzuen aldea duenak irabaziko du.

Parekotasun handi horrek beste ondorio bat dakar: baliteke hauteskundeetako irabazleak 41 zinegotzietatik hamar baino ez lortzea. Lehen, pentsaezina zen alkategai bat ez egotea gehiengo osoa ematen duten 21 zinegotzien mugan, eta orain, berriz, hamar zinegotzi edukita alkatetza ziurta dezakezu. Aldaketa oso nabarmena da, eta ondorio politiko handiak ditu. Kanpaina honetan, esate baterako, ikusi dugu Ada Colauren kezka bakarra izan dela bere hautesleak batuta eta erne mantentzea, eta ez dela saiatu ere egin besteen botoa lortzen. Hori ikusita, errazago ulertzen da nolatan gobernatu duen urte hauetan bere aldekoentzat bakarrik. Horrek kontrako jarrera piztu du herritar askoren artean, baina, hala ere, baliteke horrek ez eragoztea hirugarren aldiz alkate izateko aukeratua izatea, atomizazioa oso handia baita.

Era berean, kontuan hartu behar da Bartzelonako beste tradizio bat hautsi duela: orain arte, inor ez zen saiatzen alkatetza lapurtzen boto gehien bildu zuen hautagaiari. Baina orain dela lau urte ERCk irabazi zituen hauteskundeak, Ernest Maragall hautagai zela, baina Colauk sozialistekin eta ultraeskuinarekin egin zuen ituna, Maragalli tokia kentzeko eta berak hartzeko besaulkia.

Maragall berriz aurkeztu da hautagai gisa, baina, inkesten arabera, pixka bat urruti dago lehen postuan dauden hirurengandik: beharbada, gutxik ulertzen dutelako nolatan babestu duen Esquerra Republicanak legegintzaldi osoan Ada Colau, hark alkatetza lapurtu eta gero, eta nolatan osatu duten hiruko bat sozialistekin eta Bartzelonan Comukoekin.

Gure herrialdean, Valentziako Gorteetarako eta Balearretako Parlamenturako hauteskundeetan egongo da arreta nagusia hauteskunde gauean; izan ere, badirudi gobernu aurrerakoiek bermatuta daukatela agintean jarraitzea, nahiz eta PPk eta Voxek gora egin. Baina Bartzelonan izango da gaueko lehiarik ikusgarriena. Ez dago zalantzarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.