Nerea Ibarzabal
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Banderak eta lantzak

2018ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Hondartzara noanetan, edo oro har, naturarekin harreman minimo bat izango dudan edozein tokitara, nire presentzia ahalik gehien difuminatzen saiatzen naiz. Bikini diskretuak edo ikusezinak, giltzak, mugikorra soinurik gabe, krema pote txikia eta liburu fin bat, bakarrik banoa. Pentsa, toallak ere harearen edo arroken koloretik ahalik eta gertuen daudenak eramaten ditut. Isilik mugitzen naiz, bai hareak hankapeak erretzean, bai espero baino ur hotzagoetara sartzean. Ez dut inoiz ulertuko ondotik korrika pasatzen den jendea, musika denentzat jartzen duena, oihuka dabilena umeen atzetik eskuan fruta zati batekin. «Ez duzu merienda amaitu eta ez duzu digestioa egin!». Uste dut pertsona baino animalia hobea nintzatekeela.

Agian espezie berekoak izango gara zu eta ni, agian ez. Baina lagundu behar didazu ulertzen pertsona klase jakin bat, azkenaldian zeresana ematen dabilena, bereziki Katalunian. Jakin nahi nuke zer gertatu zaion bizitzan toallatzat Espainiako bandera daraman bati. Benetan, eta nahi baduzu ez zentratu Espainiakoan, hartu onarpen internazionala duten estatuen banderak orokorrean, baina kasualitatez beti dira berdinak horrelako nabarmenkeria merkeak egiten dituztenak. Zein momentutan otu zaio? Irudikatzen dut etxetik irten aurretik hondartzarako kit-a prestatzen, Cid Kanpeatzailea Espainiako lurren konkistara zihoanean bezala ia-ia: eguzkitako krema, ogitartekoak, ohorea, Gaztelako hizkuntza bakarraren defentsa, «toalla-bandera» eta «sonbrilla-lantza», hau ere hori-gorria.

Hondartzara iritsi eta zast, lur zati hori automatikoki markatuta uzten dute sonbrilla sartzearekin eta bandera airatzearekin bat. Beraien lubaki segurua. Nire kamuflatzeko beharrak ezin du konprenitu zelan etzan daitekeen bat lasai bandera erraldoi baten gainean —hasteko, bandera bat ez delako inoiz egongo zuk nahi bezain garbi, zuk ez dakizun kaka asko pilatu daitekeelako urteetan zehar—. Zelan bota dezake siesta, zelan deskantsatu, berez zerbait oihukatzen ari denean inguruko guztientzat? Zenbat beldur estaltzen ditu pertsona horrek banderapean, bere estatua egunero eusten badute ejertzito batek, monarkia batek, gobernu zentralista batek eta gaztelania ez diren gainerako hizkuntzekiko gutxiespen sistematiko batek, eta hala ere berak indibidualki kolore horiek erakusteko beharra sentitu badu?

Ba auskalo, baina beldurra beraiek ematen dute orain. Ez direlako hondartzako lubaki hori-gorriekin konformatzen, besteen aldarrikapen eta salaketa kolektiboak kentzen dituztelako era antolatuan. GDR siglekin izenda ditzaten nahi dute, Defentsa eta Erresistentziarako Taldea litzatekeena. «Garbitu» bezalako terminoak darabiltzate. Txiringito batetik atera berri direnen traza dute batzuek, aurpegiak estalita gauetan beste batzuek, eta zelan ez, prentsa beraien alde.

Begiratu zeharka komunikabideei, eta aztertu ze era ponpoxotan deskribatzen duten egoera, txoke justu bat balitz bezala, espero beharreko zerbait independentziazaleen gehiegikerien ondotik. Erorien Haranekoei nostalgiko deitu zieten, hauei garbitzaile edo auskalo ze eufemismo. Faxistarik ez baitago Espainian, toallak, sonbrillak eta eguzkiari begira aurpegia erreta daukan jendea bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.