Pasatuak dira lau urte ETAk indarkeriaren amaiera iragarri zuela, hura gertatu baino hiru egun lehenago Aieteko Konferentziako nazioarteko buruzagiek egindako eskariari erantzunez. Bi ikuspegitatik egin daiteke urteotako balantzea. Gertatu ez denari buruz, oso ona da balantzea, ETAk ez baitu beste atentaturik egin, ez eta biktima gehiagorik eragin ere. Desagertua da iraultza zerga, eta milaka herritarrek, lehen mehatxupean zeudenek, ez dute eskoltarekin bizi behar. ETAk bete du Aieteko Adierazpenaren lehenbiziko puntua.
Gertatu denari buruz, berriz, kontraesanezkoa da balantzea. Hainbat aurrerabide izan da Adierazpenaren hirugarren puntuari dagokionez, zeinean dei egiten baita adiskidetzearen eta biktimak onartzearen alde. Euskal gizarteak, auzi hori dela-eta ez baitago hain kezkatua behin indarkeria amaituta, barneratua du elkarbizitzaren normalizazioa, eta, inkesta guztiek erakusten dutenez, gogo irmoa du iraganeko sufrimendu ikaragarriak gertaberri ez daitezen. Eusko Jaurlaritzak pauso garrantzitsuak emanak ditu biktimak onartzeari eta babesteari buruz, bai ETAk eragindakoak eta bai GALek eta beste erakunde batzuek eragindakoak. Nobedade gisa, izan da aurrerakadarik polizia gehiegikeriek eragindako biktimak onartzeari dagokionez ere.Bada nabarmentzeko beste egintzarik ere: Memoriaren Institutua sortu izana, zeinaren jarduketa plana alderdi politiko guztiek onartu baitzuten. Azkenik, ezin ahaztuzkoa da biktima askok, hala Gleencree nola Eraikiz bidez, ekarpen onuragarria egin dutela elkarbizitza sustatzeko.
Aieteko Adierazpenaren 4. puntuari buruz, alderdien arteko elkarrizketari buruzkoaz, Sortu legezko bihurtu izana da gauza on bakarra: horrek bide eman du tradizio politiko guztiek berriro ere beren ordezkariak izan ditzaten erakundeetan. Hortik aurrera, blokeatuta dago elkarrizketa, nahiz eta oraintxe ditugun hurbileneko historian inoiz izandako baldintzarik onenak halakoak lantzeko eta elkarbizitzarako itunak adosteko.
Azkenik, Espainiako eta Frantziako gobernuen parte hartzean dauzka defizit handienak. Espainiako Gobernuarena da erantzukizuna batik bat, ETAren historiako atal tragikoa ixteko aukerarik handiena berak izanik, entzungor egin baitie eskari guztiei, bai nazioarteko komunitateari eta euskal gizarteari, bai lehendakariari berari ere: terrorismoaren zeharo kontrako estrategia batean lubakitu da, eta hori ez da bateragarria elkarbizitza baketsu eta integratzailearekin. Egoera halakoan, ETA ez da desarmatu, eta oraindik bere esku ditu arma potentzialki arriskutsu batzuk, eta espetxe politikaren parametroak ez dira bateragarriak ez nazioarteko estandarrekin, ez presoekin, beren ingurune sozialetik aldendurik baitaude eta gizarteratzeko itxaropenik ez baitute.
Nahitaezkoak dira aurrerabide gehiago, elkarbizitza sendotzeko eta bakea eratzeko. Oraintxeko erronka da behar besteko baldintzak jartzea ETA desarma dadin eta Espainiako Gobernuak horretan lagun dezan. Horretarako, ezinbestekoa izango da euskal alderdi politikoen arteko elkarrizketa eta ituna. Bestela, luze joko dute arazoek, eta gero eta zailagoa izango da konponbide bat ematea.
Balantze bat, lau urtera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu