Baimenik gabeko behatxuloko begirada

BERRIA.
2016ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Behatxulotik begira ditut bi begi handi. Baimenik eskatu gabe nire gorputza, azala, mugimendua behatzen ari zaizkit. Eta ez naiz konturatu, kiroldegi, tabernetako komunetan ezkutuko begiradak pareta zulo nahiz bideo kameraren objektibotik egin dizkidatela, egin dizkigutela. Eginak baitira, intentzio argiaz gainera, voyerrek, boterearen monopolioaren jabeek, gizonek, norbanakoek eginak.

Emakumeon gorputzak objektu sexual, sexualizatuak bailitzan, erabakitzeko eskubidea gure gorputzean zaurituz, intimitatea ostuz, bortxa erabiliz eta ezerezean bihurrarazteko nahiaz eginiko ekintzak dira horiek. Azken hilabeteetan Euskal Herriko hainbat kiroldegitako emakumeen aldageletako paretetan zuloak topatu dituzte, baita tabernaren bateko emakumeen komunetan ere. Eta neure burura galderak besterik ez datozkit: Zergatik grabatzen gaituzte aldageletan? Egun, Interneten erabilerarekin gorputz biluziak ikusteko Google bilatzailean jarri besterik ez dugu, gorputz biluzi ugari ikusteko, eta hala ere, aski ez eta herriko herritar batek edo batzuek beste herritar batzuei behatxulotik begiratzeko hautua zein beharrek sortua da? Zer egingo dute irudi horiekin?

Erantzun bakarra datorkit burura: argazki kamera soinean hartu eta herritar batek edo batzuek(eta ez da kasualitatea denak emakumeon aldageletan gertatu izana), besteon, emakumeon, gorputz biluzien argazkien jabe izateak: batzuk, boteredun bilakatzen ditu eta besteok, zaurgarri. Boterea irudi horiek nahieran erabiltzeko, boterea emakumeon gorputzen kontrola areagotzeko, boterea beldurra eta mesfidantza emakumeon gorputzetan eta bizitzetan hezurmamitzeko.

Emakume bezala sozializatuak izan garenok, oro har, beldur dosi handiz elikatu gaituzte txiki-txikitatik. Behatxulo askotatik igaro behar izaten dugu gure sozializazio prozesu guztian zehar. Are gehiago, sozializazio prozesuan zehar, gure buruarengan segurtasuna izatea ahalbidetzen duten esperientziak ukatu dizkigute, gure barne mugak errotuz. Bortxaketak, esaterako, emakume guztiok emakume izate hutsagatik bizi dugun mehatxua izanik gure ekintzak eta espazioan egoteko moduak mugatzen ditu. Horrek izen eta helburu argia dauka: indarkeria eta kontrola. Eta kasu, aldageletako behatxuloetako zuloen zein kameren erabilera ere horri lotua dagoela uste dut. Eta orain ere, aldagelak espazio ez-seguru bilakatu nahi dizkigute. Paretetara, sabaira begira jartzen naiz ea zulorik aurkitzen dudan ikusteko.

Ez digute utzi beldurra erantzun bilakatzeko gaitasunez janzten. Baina egia esan, nazkatua nago eta gaude jada, hainbeste eraso, ukitu, begiratu nazkagarri, grabazio, zulo eta erailketez. Horiek guztiak ez baitira eraso isolatuak, bata bestearen atzetik doaz edo ondoan, baina denek ere bortxa dute bidelagun. Emakumeen aurkako bortxa. Nazkatuta gaude erasoen larritasunaz ohartarazteaz, duten dimentsio politikoa azpimarratzeaz, nahi ez dugunean eta nahi ez dugun norbaitek ukituak egiten dizkigutenean erasoak ez direla entzuteaz... Baina feministok ahalduntze prozesu indibidual eta kolektiboak lantzen jarraituko dugu, autodefentsa feministaz boteretze kolektiboaren bidean tinko martxan eta prest, denak aske izan arte. Hori da gure hautua. Paretetako zulo zein kamera grabazioek ezin izango dute jendarte honen aldaketa nahia geldiarazi. Zuloak hormigoiz tapatzen segiko dugu: kaleak, gauak, komunak eta aldagelak gureak ere badirela aldarrikatzen eta borrokatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.