Bai noski, botoa eman dezatela

BERRIA.
2016ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Une honetan, gurean lehentasunezko gaia ez den arren, Europan gertatzen ari diren mugimendu eta aldaketa politikoek 16 urteko pertsonek botoa emateko eskubideari buruzko eztabaida azkartuko dutelakoan nago. Katalunian hasi dira jada honetaz hausnartzen eta Europako Kontseiluko Asanblea Parlamentarioak 16 urtekoen boto eskubidea aitortuz «demokraziaren indartzearen» aldeko ebazpena onartu zuen 2011n. Hitz gutxitan, ebazpen hark boto eskubidea hamasei urtera hedatzearekin lotu zituen demokraziaren printzipioak (ahalik eta jende gehien prozesu politikoetan eta herritarren parte-hartze prozesuetan inplikatzea).

Esan beharrik ez dago eztabaida honek hausnarketa sakonagoetara eramaten gaituela. Alegia, nahikoa helduak ote dira 16-17 urteko pertsonak udal edo estatu bateko gobernua aukeratzeko? Hori neurtzeko ez dugu oso urrutira joan beharrik. Espainiako estatuko konstituzioari eta kode penalari begiratu besterik ez diegu egin behar hamasei urteko pertsonengan ardura eta betebehar handiak jartzen direla ohartzeko. Besteak beste, lan kontratua izan dezakete, zergak ordaindu ditzakete, ezkon daitezke, duela gutxi arte gurasoen baimenik gabe aborta zezaketen (orain gurasoen baimena behar dute), eta, espetxeratu ezin badituzte ere, ikuspuntu penaletik zigor gogorrak jaso ditzakete.

Beraz, gauza batzuetarako heldugabeak dira, baina beste batzuetarako helduak.

Duela hamar bat urte, Sevillako Udalak aditu batzuengana jo zuen udal hauteskundeetan 16 eta 17 urteko gazteek botoa emateko eskubidea izan zezaten ala ez erabakitzeko. Jose Antonio Marina filosofo eta pedagogoak eta Maria de la Vagoma unibertsitate irakasleak aurkezturiko txostenaren arabera, «proposamena bideragarria da, ikuspuntu intelektual eta afektibo batetik adin horretako gazteak arduradunak direlako, alegia, borondatezko ahalmen osoa dutelako». Are gehiago, bi aditu horien ustez, «16-17 urteko gazteen ahultasun emozionala eta politikaren inguruko ezagutza ezari buruzko zalantzak ez lirateke kontuan hartu behar. Kontuan hartuko balira, nahi eta nahi ez boto emaile guztien informatzeko gaitasuna eta gaitasun emozionala bera ere ezbaian jarri beharko lirateke».

EHBilduren ustez, laster baino lehen egin beharreko hausnarketa da hau. Gure herriaren joera demografikoa aztertuz gero, kontuan har dezagun jende nagusiak jende nagusiarentzat eginiko politikara mugatzeko arriskua dugula. Gure koalizioak aurreko legealdian aurkeztu zuen Ahalduntze Legeak berak ere boto eskubidea aitortzen die hamasei urtetik gorako pertsonei, parte-hartze prozesuetako esparru subjektiboari dagokion atalean (40. artikulua). Honela dio: «Hamasei urtetik gorako pertsonek esku har dezakete herritarren parte-hartze prozesuetan. Halarik ere, prozesuaren izaerak edo helburuak hala eskatuz gero, murriztu egin liteke parte-hartzaileen gutxieneko adina». Beraz, bai noski, hamasei urteko pertsonek ere botoa eman dezatela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.