Gaur egun industria kulturalez hitz egiten dugu; argitaletxeak, euskaren konpromisoan jaiotakoak, profesionalizatu egin dira konpromisoa ahantzi gabe; euskal idazle kopurua handitu da, bai numeroetan eta bai kalitatean; banatzaile eta liburu-dendek normaltasunez lan egiten dute euskal produkzioarekin; eta horretan denean Durangoko Azokak badauka zer ikusia.
Gogoratu behar da azoka zein garai zailetan hasi zen, frankismoaren garaian, zaila politikoki eta nola ez kulturalki, beldurra eta lehorte kulturala. Gauzak isilik eta ezkutuan egiten ziren, idatziak eta kantak argitaratu baino lehenago zentsura pasatu behar izaten zuten; horrela, herri batek behar duen garapen kulturala ezinezkoa zen.
Gerediagako gazte ausart batzuei esker, garai hartako produkzio urria plazara atera zen, denen eskura orduko modu normalizatuan, kondizio exkaxekin, Andra Mari atariko elizpean, eta jendeak berehala eman zion onarpena. Euskal kultur eragileen topaleku bihurtu zen, kultur eztabaida leku; herri sentimendua bultzatu zuen, euskal produkzioaren leiho bihurtu zen. Azken finean, euskal azoka nazionala zen.
Elizpetik Landako erakustazokarako bidea egin du azoka nazionalak, merkatu azokatik eta oihal etxolatik pasatuta, beti euskal produkzioaren erakustoki. Eta bide horretan, Azokaren bultzadaz, sortzaile eta argitaletxeak ugarituz joan ziren gaur egungo egoerara iritsi arte.
Hasieran gehiago zireneuskal gaiez gaztelaniaz argitaratutakoak; gaur egun gehiena euskaraz argitaratutako nobedadeak aurkezten dira. Eboluzio hori ere zor diogu. Hasieran euskal kulturaz argitaratzen zen ia dena azokara begira egiten zen; gaur egun, nahiz eta oso garrantzitsua izan bertarako argitaratzen dena, zorionez urtean zehar ere mantentzen da argitalpen maila altu bat, gero azokara ere eramango dena.
Hasiera batean produkzio guztiaren erakusleiho izan bazen ere, gaur egun, produkzioarenzorioneko igoerarengatik, nobedade azoka bat bihurtzen ari da. Horri eutsiz, egokia izan daiteke euskal produkzio osoaren erakusleiho bihurtzeko aukerak aztertzea, kontuan izanik azoka nazionala dela.
Azoka antolatzen hasi zirenak oraindik gure artean daude eta baita argitaletxe eta orduko sortzaile gehienak ere. Konpromisoari eta militantziari esker egin zuten posible haiek Durango, eta esango nuke gaur egun azoka era profesionalean bizi dugunok ere, zorionez, ez dugula konpromisoa eta militantzia galdu. Euskal kulturak bietatik edan behar du, ezin aurrera egin batak bestea gabe.
Urteetako lanari esker, denen bultzadarekin eta Gerediaga elkartearen gidaritzapean, Azokak babes soziala eta instituzionala lortu du. Babes horrek garapenerako aukera eman die sortzaile zein argitaletxe eta diskoetxeei. Eta Azoka indartu egin da: azken urteetan urrats oso garrantzitsua egin du kulturaren plaza bihurtuz, eta azokari ikuspegi kultural zabalagoa eman zaio, sormena eta merkatua bata bestearen ondoan kokatuta.
Garrantzitsua oso iruditzen zait lehengo urtean hasitakoGogoetaren Plaza-ren jarraipena. Batzuk bere eskarmentua adieraziz, besteak beren egitekoa, eta beste batzuk etorkizuneko bideak jorratuz, denen artean bultzada berriak ematen euskal kulturari. Horrelako eztabaidak urte guztira zabaldu beharko genituzke azokan parte hartzen dugun agente guztien artean.
Bukatzeko, ZORIONAK eta ESKER MILA Gerediaga elkarteari eta batez ere aurten omenduko dituzten Gerediagako kideei, jakin dutelako posible egiten amets bat.
Azoka nazionala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu