Martxelo, Vicent, maiatzaren 17an, Galegozko Letren Egunean, milaka galiziar kalera atera ziren, Queremos Galego plataformak deituta, Galiziako berezko hizkuntzan bizitzeko eskubidea aldarrikatu nahian; izan ere, hori gaur egun kimera hutsa da oraindik. Galiziako Gobernuan ezarritako hizkuntza politikarekin, nahi zuen emaitza lortu du PPk. Hala, erroldako datuen arabera, lehen aldiz gaztelania da Galizian sarrien erabiltzen den hizkuntza, eta, Galiziako Estatistika Institutuak ondorioztatu duenez, 15 urtetik beherakoen artean lautik batek ez daki galizieraz. Gainera, Galiziako Errege Akademiak, ikerketa baten bitartez, salatu du hezkuntzak desgaliziartu egiten duela, eta ohartarazi du gaztelania hiztunak diren hiru ikasletik batek galizieraz konpetentzia eskasa duela DBH bukatzean.
Galiziako Gobernuak, hizkuntzaren arloko legedi eskasak dioena betez galiziera erabiltzea bultzatu eta defendatu beharrean, haren kontra jarduten du batera zein bestera. Alberto Nuñez Feijoo Xuntan sartu eta gutxira hasi zen PP galizieraren aurkako gurutzadan, eta, horretarako, hezkuntzako eleaniztasunari buruzko 79/2010 dekretua erabili zuen: dekretu horrek debekatu egiten baitu Matematika eta beste ikasgai batzuk galizieraz ematea. Baina Feijoo senatari autonomiko izendatu zuten, diru publikoa erabilita Pedro Sanchezen oposizioaren buru izateko, eta haren ordezkoa, Alfonso Rueda, ez da hobea. Are, Galicia Bilingue talde ultraespainolistak galizieraren aurka antolatutako manifestazio batean parte hartu zuen Ruedak 2009an, gero PPk Voxekin egingo zituen itunen aitzindari.
Eta hori horrela, zoritxarrez, Nós Diario da oraindik ere galizierazko papereko egunkari bakarra; ez eskaririk ez dagoelako, baizik eta Galiziako Xuntak gaztelaniazko komunikabideak erosita dauzkalako diru publikoa erabilita, diru laguntzen, publizitatearen eta, batez ere, hitzarmen ilunen bitartez. Eta, Nós Diario existitzen bada, eta eusten badio, harpidedun eta erosle guztiei esker eusten dio. Herritarren antolaketari esker bizi da, adibidez, Normalizazio Linguistikoaren Aldeko Mahaia elkartea ere, eta Galiziako Gobernuak egin behar lukeen lana egiten du.
ZUZENDARIEN GALEUSCA
Azeria oiloen zaintzaile
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu