Auzolanerako prest

Gotzon Barandiaran Arteaga.
2015eko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Iritzi artikulu honen pizgarri Pako Aristiren berbak: «Arazo estruktural bat nozitzen du euskal kulturak, plangintza politiko baten ezak ekarri duena; ez da krisi arazoa soilik, salmentak lupetzeratu dituena. Edo okerrago: plangintza politikoa badago, baina gure kultura ezabatzea helburu duena. Gaur ia ezinezkoa da euskaraz kultura egitea, eta egindakoa plazaratzea, ikusgai bihurtzea». «Oskorri isildu dugu eta lehenaldira behartu», dio Angel Erro idazleak. Mikel Markez kantugileak: «Gure herria ez baldin bada herri gisa Oskorri bezalako talde bat mantentzeko gai 'badakit modu oso sinplean esanda dagoela', ez baldin bada bere ikono kulturalak errespetuarekin zaintzeko gauza, herri honek, garbi esanda, ez du ezertarako balio. Egingo dugu borroka beste atal batzuetan, baina ez gara sekula herri izango». Ildo beretik Txuma Murugarrenek: «Kultura izeneko marasma horren erdigunean dago sortzailea, baina ez da oso kontuan hartzen. Ematen du garrantzitsuagoa dela kontzertua programatzen duena, kontzertua ematen duena baino. Taldearen ibilbidea nabarmentzeko modukoa dela uste dut, eta pena sentiarazten dit agurraren albisteak. Pena da ezin mantentzea Oskorri bezalako talde bat. Hemen ez dakigu gureak zaintzen». Koldo Izagirrek berripaper honetan bertan «(…) Ez dakit idazlea idazle moduan kontsideratua dagoen " (…) Idazlearen presentzia ez da behintzat islatzen liburuaren presentziarekin. Liburua ez da objektu kultu eta euskaldunon ezaugarri moduan agertzen (…). (…) euskarak estatu bat ez duen bitartean euskal literatura ez dela iritsiko mundura (…)». Iritziok guztiok aste baten buruan, komunikabide idatzi batean euskal kulturak duen plazarik garrantzitsuenean.

Aspalditik salatzen ari gara, kulturaoro har, zer esanik ez euskarazkoa, ongizatetik erauzi dutela gugan eragin zuzena duten herrialde gehienetan agintzen ari diren alderdi eskuindar kontserbadore ultrakapitalistek. Berariaz infiltratu digute kulturaren endekapenerako birusa. Erabaki politikoa dela, berriz diogu. Erabaki politikoan den legez sortzaileok endekapenari hortzak erakustea. Baina zer eskatu behar zaio sortzaileari, sortzetik aparte? Bere lana erakusteko plazak berak bilatzea? Sare sozialetan bere burua gorestea? Bere lana galdu ez dadin ikastetxez ikastetxe komertzial aritzea?

Sortu, komunikatu, antolatu transmititu eta jaso. Supersortzaile herrikideek ignoratua. Ezen ez garaitua. Kulturgintzan ari garen askok zenbait urte daroatzagu proposatzen, kulturaren ekosistema osatzen dugun guztiok elkartu, sortzailetik hasi eta zaleetaraino, eta gure herrian kulturak oro har eta euskarazkoak beren-beregi zein beharrizan dituen aztertu, eztabaidatu eta adostu ostean, kultur plangintza gauzatzeko, baina Euskal Herria gobernatzeko ardura duten alderdi gehienek kultura frantses, espainol eta ingelesduna lehenesteaz gain, kultura sustatzeaz ari direnean, «sektorea» deritzote.

Eta sektorea deritzotenean, profesionalez ari dira, ekonomiaz. Ez kultura industria garrantzitsutzat goratzeraino, bai museo edo festibal bertoko kulturabakoak zenbat diru dakarren nabarmentzeraino. Komeni zaienean kultura gara ( soberakinak), batzuetan industria Kulturgintzako profesionalak soilik lagunduta kultura salbatuko dugula uste badugu sano oker gaude. Zertarako bideratuko dugu dirua antzerki talde profesional batek obra bat eraiki dezan era berean antzerkiarekiko zaletasuna sustatzen ez badugu? Erakunde publikoetan dauden alderdi politikoek ez dute sortzaileokin, kultura jorratzen duten kazetariekin, kulturgintzan dabiltzan herri-mugimenduetakoekin, kultura transmititzeko ardura duten irakasleekin, kulturzaleekin auzolanean aritu nahi, sektorea baitute interlokutoretzat. Benetako arazoa da, herri txikienetatik hasita hiri handienera, kultur politikaren eskuduntza ez dagoela ez euskalgintzaren ez euskal kulturgintzaren kargu, alderdi politikoen botere gosearen menpe baino. Eta gu auzolanerako prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.