Imanol Murua Uria.
Handik eta hemendik

Auzitegi barrutik

2013ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Epaile batek esaten badizu Espainiako Auzitegi Nazionala «terrorismoaren aurkako borrokan» ez dela neutroa izan, terrorismoarekin zerikusirik ez duten jarduerak terrorismotzat jo izan dituela, auzitegi berezi horretako epaileek polizia txostenak bere horretan batere ikuspegi kritikorik gabe bere egiten dituztela, fiskaltza gobernuaren eta hedabideen presioagatik kikilduta dagoela eta Auzitegi Nazionaleko hainbat epailek tortura salaketak ikertu beharrean beste aldera begiratu dutela, nekez pentsatuko duzu hizketan ari zaizuna Auzitegi Nazionaleko epailea dela. Baina bada.

Justiziak aro politiko berri honetan egin dezakeenaz berripaper honetan argitaratutako elkarrizketa sortaren barruan elkarrizketatu du Jose Ricardo de Prada magistratua Jokin Sagarzazuk. Handiak aitortu dizkio. Handienak, torturari buruz. «[Inkomunikazioak] Ahalbidetu ditu oso gaitzesgarriak diren tortura eta tratu txarren kasuak. Horren harira, eta era berean, deitoratu behar da epaile batzuen jarrera, gertaera hauek ez dituztelako ikertu (...). Auzitegi Nazionalean egon naizen urteetan oso gauza gogorrak ikusi ditut. Eta esan beharra dago ETArekin lotutako atxilotuen abokatuek alor honetan lan handia egin dutela. Hainbat gertaera galarazi dituzte». Auzitegi Nazionaleko epaile batek esana.

Baina Jose Ricardo de Prada salbuespena da. Espainiako eta Euskal Herriko epaile, fiskal, legelari eta abokatuen artean ahotsik aurrerakoienen ikuspegiaren berri eman digu elkarrizketa sortak, gutxiengoaren ikuspegia hain zuzen. Baina geldirik eta usteltzeko arriskuan dirudien bake prozesua bultzatzeko justiziaren alorretik egin daitekeenari buruzko arrasto interesgarriak utzi dituzte elkarrizketatuek.

Ostirala bitartekoak irakurrita, ondorio batzuk. Jardun politikoengatik auzipetuen epaiketak egin egin beharko direla uste dute, ez dagoela epaiketa horiek egin gabe uzterik, baina testuinguru politiko berria aintzat hartuta eman beharko liratekeela epaiak. Ildo horretan, Auzitegi Nazionalak orain arte erabilitako moduak eta irizpideak guztiz berrikusi beharko lituzkeela uste dute, jardun politikoak direnak terrorismo delitutzat hartzeari utzi, funtsean. Eragozpen garrantzitsu bat: gobernuaren eta hedabideen presio handiaren pean ari direla epaileak. Presoen auzian eta espetxe politikaren alorrean, gobernuak du giltza, epaileek zer esana eta zertan lagundua baduten arren. Oro har, ez dute irtenbide kolektiborako aukera handirik ikusten, indultuen aukerari errezeloz begiratzen diote, eta aurrerapausoak espetxe onuren eskutik etorriko direlakoan daude, kasuak banan-banan aztertuta.

Gutxiengoaren ahotsa da, dena den. Bitartean, errealitateak beste lezio batzuk eman dizkigu. Carlos Urkijo EAErako Espainiako Gobernuaren ordezkaria gustura uzteko moduan jokatu du Frantziako Poliziak eta Justiziak, iheslarien kolektiboaren aurkezpenaren ondoren hiru iheslari atxilotuz eta baldintzapeko askatasunean utziz. Eta azken berria, datorren urrian makroepaiketa bat ez, bi izango ditugula. Segikoak izatea leporatuta atxilotu zituzten 40 gazte epaituko dituzte urriaren 14tik aurrera, eta herriko tabernen auziko beste 40 lagun, handik hiru egunera hasiko den epaiketan. Beroa dator udazkena Auzitegi Nazionalean. Bitartean, Auzitegi Konstituzionalak Bateragune auziari buruz eman beharreko epaiaren zain jarraituko dugu, datozen epaiketetan eragin dezaketen irizpideak finkatu ditzakeelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.