Krisiaren okerrena pasatuta, ba omen dator barealdia. Ekonomia, berpiztuko dela eta, baikor egoteko arrazoiak ba omen ditugu. Hori diote gobernuek eta elite patronalak. Okerrena pasatu dela esaten digute gaizki pasatzea zer den ez dakiten horiek.
Zuk, nik, guk, langileok, herritarren gehiengoa osatzen dugunok halakorik sumatzen dugu? Zer da krisia gainditzea? Lanik gabe, etxerik gabe, berogailua jartzeko ere dirurik gabe den langilea, seme-alabei oinarrizko elikadura bermatzeko zailtasunak dituena edo bere lan baldintzak prekarizatuak dituena ez dago okerrena pasatu dela esateko moduan.
Krisia aitzakiatzat hartuta egin diren erreforma eta murrizketen helburua argia da, gutxi batzuen irabaziak bermatzen jarraitzea. Lan eta bizi baldintzen prekarizazioan sakontzen jarraitzeko oinarriak jarri dira eta balizko errekuperazioak finkatu egingo du egoera hori. Errekuperazio hori langileon egoeraren prekarizazioaren kontura egingo da. Hara hor paradoxa, batzuk ondo egoteko besteak orduan eta okerrago egon behar, sortzen den aberastasuna gero eta okerrago banatuz.
Testuinguru horretan, akordioa sinatu dute Madrilen. Azkar atera da Confebask horrelako akordio bat hona ekartzea eskatuz; Gobernuak ere nahiko luke, eta zer esanik ez CCOO—UGTk.
LAB ez dute bidelagun izango. Oztopo izango gara akordio hori ezartzeko. Langileek ez dute horrelako saldukeriarik merezi. Zergatik?
Ontzat ematen du patronalaren diskurtsoa. Malgutasuna eta lehiakortasuna dira behin eta berriz aipatzen diren hitzak.
Patronalari alfonbra gorria jarri diote lan erreforman sakontzeko: lanaldi partzialen erabilpena zabaltzea, erabateko malgutasuna ematea edota soldaten egitura aldatzea.
Prekarizazioa hedatzen lagunduko duen akordioa, soldata igoera hutsalen kontura. Igoera hau ez da nahiko azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzeko, eta garesti ateratzen da trukean eman beharrekoa ikusita.
Patronalari bake eta zilegitasun soziala bermatzen dion akordioa. Desmobilizazioa bultzatzeko eginikoa.
Nola ekarri hori gurera? Negoziazio kolektiboaren arazoa faltsuan ixteko borondatea egon daiteke patronalaren eta CCOO—UGTren aldetik. Gutxiengoan sinaturiko akordioen mamua berriro agertu da. Aldapan behera galgarik gabe doan eredu sindikala da, sistemak behar duen sindikalgintza.
Arrazoiak baditugu hori esateko. Baina arrazoia izatea ez da nahikoa. Guk ere baditugu gure etxeko lanak; ez dago besteekiko kritikan geratzerik. Egoera zaila da, langilegoa gero eta zatituago eta prekarioago dago eta gure eskubideak defendatzeko aukera lapurtu nahi digute.
LAB ez da autokonplazentziarako jaioa, ez gara sistemak asimilatzeko jaioak. Egoeraren jabe izan behar dugu. Inor engainatu gabe, ezinezkorik agindu gabe, baina amore eman gabe. Gure borrokari esker lortzen ari garelako patronalaren asmoak baldintzatzea; topeak jartzen ari gara desarauketari.
Baina ez gara horrekin konformatzen, ez diogu daukagunari eutsi nahi, aurrera egin nahi dugu, dagozkigun eskubideak borrokatuz. Horregatik, negoziazio kolektiboaren alde borrokatzen jarraituko dugu.
Hori gutxi ez, eta LABen eztabaida prozesua abiatu dugu: sindikalgintza eredua birpentsatzen ari gara, langilego osoaren eskubideak borrokatzeko bitarteko eraginkorra izateko. Prozesu hori egin bitartean, gure ekintza sindikala indartu eta berritzeko erabakiak hartu ditugu.
Inora ez garamatzan bidezidorretan galdu gabe, tajuz, benetako emaitzak emango dizkigun bidea egiteko unea da. Martxan gara.
Aurrerakoa dirudien atzerapausoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu