Errepresioak lehengoan dirau gurean. Guardia Zibilak beste operazio bat hasi du aste honetan, eta, haren ondorioz, 21 pertsona atxilotu dituzte —batzuk oraindik ere atxilo daude lerro hauek idazteko orduan—. Beste azpijoko bat, nire ustez nabarmentzeko moduko zenbait bereizgarri dauzkana.
Lehenik eta behin, operazioa nork egin duen: nagusiki, Guardia Zibileko Baena teniente koronelak. Nork-eta, joan den astean kontatu nuen bezala, Trapero maiorrari buruz Auzitegi Nazionalak emandako sententziaren arabera burutik burura gezurra besterik ez zen instrukzio bat egin zuen gizon horrek berak. Eta berriz egin du orain. Berriz egin du, eta zenbaitek uste dute hain justu mendeku hartzeko egin duela.
Nabarmendu beharreko bigarren bereizgarria da nor atxilotu duten. Baliteke, Maria eta Martxelo, zuen herrian ezezagunak izatea gehienentzat, baina jende inportantea dira. Xavier Vendrell, adibidez, ERCn aginpiderik handiena eduki duten gizonetako bat izan da azken hamarkadetan. Antolakuntza idazkaria eta kontseilaria izan zen Pasqual Maragallen garaian. Kontsentsurako joera du, eta Junts Per Catalunyakoen ingurukoek estimutan daukate. Oriol Soler, berriz, komunikazio arloko enpresari ezagun bat da, Som kooperatibaren eta Ara egunkariaren bultzatzailea besteak beste, eta berak diseinatuak dira zenbait kanpaina, hala nola azaroaren 9ko erreferendumerako egindakoa eta Junts Pel Sik bozetarako aurkeztutakoa. David Madi, bestalde, eragin handieneko gizonetako bat izan zen lehengo Convergencian, Artur Masen ingurukoa zehazki; enpresari gisa, harremana zuen Ibex-35arekin, eta, zenbaitek ziotenez, zubi lana egiten zuen Espainiako boterearen eta Kataluniako nazionalismoaren artean. Horra hor atxilotuetako batzuen soslaia; eta tartean daude, horietaz gain, alkate eta maila handi samarreko kargudun publiko batzuk, ERCkoak eta Juntsekoak.
Halako jendea atxilotzen hasi izanak agerian uzten du zenbateraino desesperatuta dagoen jadanik estatua. Batez ere, kontuan hartuta auto judiziala B serieko film txar bat dela, bertan nahas-mahas ageri baitira, irrigarri geratzeko inolako lotsarik gabe, landa eremuko lursail bat eta Errusia, Tsunami Demokratikoa, Julian Assange eta nahi den guztia.
ZUZENDARIEN GALEUSCA
Atxilotuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu