Ateak ireki parte hartzeari

BERRIA.
2017ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Ikasturte honetan, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, lurraldeko ikastetxeetan ordutegia aldatzeko eta jardunaldi jarraitua eskatzeko aukera emango zuela zabaltzearekin batera, eztabaida berpiztu zen. Eta ordutegiaren aldaketarekin batera, bestelako gaiak atera dira iritzi truke horietan: ikasleen beharrak, familien kontziliazioa, aisialdia eta orduz kanpoko ekintzak, etxerako lanak, irakasleen lan karga, ikastetxeetako Hezkuntza Proiektuen egokitzapen beharra... Askotan, desinformazio falta agerian gelditu da, aldaketei beldurra besteetan, gaurko ordutegiaren hutsuneak beste askotan, eta gutxitan aldatzeko behar eza.

Sortzen-en begi onez ikusi genuen Departamentuaren jarrera, gure ustez, dinamika horiek, hezi-guneen autonomia eta burujabetza handitzen dutelako. Parte-hartze prozesu polit bat egiteko aukera gisa ikusten dugu, azken finean, eskola bakoitzeko hezkuntza komunitate osoak hartu behar duen erabakia delako, aldaketak guztiongan eragiten baitu. Horregatik, eskolako giroa hobetzeko, haurren beharrak eskolaren erdigunean kokatzeko, edota irakasleen eta gurasoen parte hartzea handitzeko prozesu hau egin duten ikastetxeei, zorionak!

Beste kontu bat da administrazioak hautatu duen bidea. Batetik, desinformazioa nagusitu da. Eta, bestetik, epeak: eguberriak tartean izanda, bi hilabeteko epea egon da Departamentuko Agindua argitaratu zenetik... eskasa, oso eskasa, hezi-guneetan benetako prozesu parte-hartzailea garatu ahal izateko. Jardunaldi jarraituaren aldekoei zein kontrakoei eskola bakoitzean hitza ematea, alde biak hitz egitera «behartzea», beren argudioak plazaratzeko ahalik eta aukera handiena ematea, alegia, ezinbestekoa ikusten dugu, hezkuntza komunitatean haustura ekiditeko.

Arrazoi horregatik, datozen urteetan ere, eskaera hau egin ahal izateko atea zabalik uztea eskatua dugu, eta, modu berean, irakasleen klaustrotik pasatu baino lehen, eskola bakoitzak aurkeztu behar duen proiektua familiei aurkezteko eskatu dugu. Bestalde, aldaketa horiek mamitzeko, Hezkuntza Departamenduak inolako baliabiderik, ekonomikoak edota giza-baliabideak, ez eskaintzea, gure ustez, salagarria da. Eskolek, hasteko, proiektu bat diseinatu behar dute, eta ordutegia aldatuz gero, bestelako ekintzak antolatzeko ardura izanen dute; bestetik, etxera bueltatzeko autobusen ordutegietan, adibidez, aldaketarik edota eskaintza handitzeko aukerarik egon ez den lekuetan, zein nolako aldaketa ari gara bultzatzen? Orduan, proiektua garatzeko laguntza ez badute eskaintzen, edota irakasleei formazioa ez badiete ematen, edota autobus zerbitzuetan ez badira aldaketak egiten, itxurazko aldaketa bat nahi al dugu ala ikasleen beharretara egokitutakoa?

Azken galdera hori da, Sortzen-en ustez, gakoa: ikasleen beharretara egokitutako eskola batean sinesten dugu, eta, horregatik, hezkuntza komunitateko kide guztien beharrak asetuko dituen etahaien ahotsa entzungo duen eskola baten alde ari gara lanean. Haurrak ez dira makinak; horregatik, ez goaz haien errendimendua handitzera, edota PISA txostenetan ahalik eta kalifikazio handiena lortzera. Hezi-guneak ez dira metal arloko fabrikak; horregatik, ordutegiarekin batera, bestelako parametroen inguruko eztabaida piztu nahi dugu: ikasleen eta familien parte hartzea hezi-guneen erabakietan, eskolako Hezkuntza Proiektua eta bere garapena, haurren aisialdia, guraso elkarteek eskaintzen dituzten zerbitzuak, eskola eta herri-auzo bakoitzaren baldintzak eta beharrak...

Beraz, ez dezagun alda ikastetxeen ordutegia, ezer ez aldatzeko. Eta ikastorduak aldatzera bagoaz, guztia berritzeko eta egokitzeko abiapuntua izan dadila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.