martxelo otamendi
Enbaxada bila

Ateak ireki diskrepantziari

2013ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Adierazpen askatasunarekin lotura zuzena duten bi gertaera izan ditugu egunotan, gure bi herriotan dugun egoeraren neurgailu izateko balio dezaketenak.

Ateak ireki komunikabide digitala itxi du Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta sekulakoak jasan behar izan ditu David Fernandez enbaxadoreak, CUPeko diputatuak.

Langunea Iruñean daukan/zeukan hedabide digitala da Ateak Ireki, eta bi esparru jorratu ditu, arrakasta handiarekin, bereziki: presoen giza eskubideen urraketa, eta Nafarroan gertatu diren ustelkeria kasuak. Oso denbora gutxian, erreflexu handiekin, leku entzutetsua egin dute hartzaileen artean, euskarari lehentasuna emanez. Herrira mugimenduaren aurkako operazioarekin lotu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta bultzada politikoaren beste adibide bat eskaini. Dena, gure ofizioa era konprometituan lantzeagatik.

Enbaxadorearen kasua argigarria da, salatzen duelako oso modu gordinean moral bikoitza. Fernandez nekaezinak egin duena, milaka herritar pobretu dituen Rodrigo Rato bankari ohiari sandalia erakutsiz esan beharrekoak esanda, Mexikoko diputatu ezkertiar batek edo Alemaniako berde batek egin balu, anekdota sinpatikoa zatekeen, herritar suminduen haserrearen adierazpide ausarta deituko liokete, parlamentua eta kalea konektatzeko ahalegina txalotuko lukete...

Baina ez da urruti gertatu, etxean gertatu da, kasta batek agintzen duen lurraldean. Horrek klase alarmak piztu ditu, eta pobretzailearen babesean irten dira bateko eta besteko politikari, arduradun instituzional eta komunikabide asko. Marra gorria iragan du piratak, formen muga, forma zuriak adostuak dituen klase horrek adostua daukan muga.

Non gelditzen da herritarren pairamenaren mina? Fernandezen sandaliaren zolan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.