Xabier Landabidea Urresti.
MELE

Asto lana

2023ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun

Ez dakit lan egiteko gaitasunari besteko baliorik ematen ote diogun ezeri herri honetan. Lana aurrera ateratzeko gaitasunak halako errespetuzko isilune bat sortzen duela iruditzen zait. «Oso langilea da» esaldia beste ia edozer barkatzeko edo behintzat esplikatzeko erabiltzen ikusi izan dut han eta hemen, jende modu oso ezberdinaren artean. Hainbeste ezen lana zeren alde edo zeren aurka egin izan duen galdetzeak ere lekuz kanpokoa dirudien.

Fisikan indarraren eta distantziaren arteko biderkadurari esaten zaio lan, baina gizartean lana gauza asko izan daiteke. Izan daitezke bulegoan, etxean edo barraren atzean sartutako orduak eta desorduak zein txostengintzara edo poesiagintzara bideratutako lerroak. Lana txalotu daiteke publikoan edo gorde sekretuan, aitortu daiteke edo ahatzarazi. Ondo ordaindutakoa izan daiteke edo esklaboa, bilatua edo madarikatua, baina inoiz jaio den alferrenak ere egin behar izan du lan.

Lan egiten du poliziak eta lan egiten du lapurrak. Lan egin dute gerrako fronte guztietan bando guztiek. Lanaren bidez eta lanaren inguruan egindako jendarteak gara, eta lanaren bidez ekarri dugu datorkigun desastre klimatiko eta ekologikoa. Lan egin dugu kateak hausteko, baina kateak egin ditugu, kate gehiago.

A ze asto lana gure gizarteen erreprodukzioa. Gure bidegabekeria, gure miseria, gure zapalkuntza eta ergelkeria guzti honena. Antolaketa honek ez baitu bakarrik irauten, ez baitaki bere kabuz eusten. Bera ere lan asko, behar bada gehiegi, egindakoa den Slavoj Zizekez akordatzen naiz: batzuetan ezer ez egitea izan daiteke-eta egin daitekeen gauzarik biolentoena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.