Iragan abenduaren 15ean, San Frantziskoko, Bilbo Zaharreko eta Zabalako Gau Irekiaren zazpigarren aldia egin zen. Besteetan ez bezala, aurtengoan Sareak Kultur Elkarteak antolatutako ekimenean ez zuen euririk egin, eta arratsalde partean sartu zen haize epelak giroa goxatu zuen, jendea erakarriz. Halakoetan, harrigarria da San Frantzisko deitzen zaion errekaz bestaldeko hiru auzo txikiz osatutako Bilbo zaharreko inguru honek agertzen duen dinamismoa. Auzoko elkarte, komertzio eta enpresa txikien eskutik tour kultural eta politikoak, ortu urbanoa, zirku, antzerki eta kabaret ikuskizunak, bertako eta urrutitik iritsitako gastronomia, musika, dantza eta kontakizunak, ume eta helduentzako tailerrak gozatu ziren espazio pribatu, publiko zein komunitario anitzetan barreiaturik. Halako ekimenetan, zubiz bestaldera dabilen jendea horiek gurutzatu eta La Palanca deitzen zitzaion ingurura igotzera animatzen da. Bertakoentzat, auzoa(k) berrezagutzeko, maitatzeko eta haren ezaugarriez jabetzeko momentua ere bada.
Hemen bizitzen daramatzadan bi hamarkadetan asko eraldatu da auzoaren itxura. Denda gutxi batzuek baino ez dute iraun: Manolo janari denda, Facundo bitxi denda, Aldizkari denda, Hernani kaleko Ruiz likore denda edo Confiarte labea, plazako Elexpuru pintura denda. Zeuden lau farmazietatik hiruk eta bi estankoetatik batek ere bai. Berebar tabernak, Fermin Muguruzaren abestiari titulua eman zionak, hor segitzen du. Gizon zein emakume arropa dendak, etxeko tresnenak eta arrandegiak, ordea, joan zaizkigu. Haragi dendak, bestalde, halal-ak dira orain. Taberna gehienek jabea eta horrekin batera bezeroak aldatu dituzte nolabaiteko etnifikazio espaziala ezarriz auzoari: badaude magrebtarren, afrikarren, ijitoen, hegoamerikarren, ezkertiarren, modernoen eta betikoen tabernak. Inon ez du horrela izan behar denik jartzen, baina ia denek errespetatzen dugu. Bi pausotik behin topatzen diren kebabak eta fruta dendak magrebtarrenak dira eta janari dendak, berriz, txinatar eta hegoamerikarrenak. Topatuko dituzu handizkako saltokiak, autore jatetxe txikiak, Gabonotan oparitarako aproposak diren diseinatzaileen tailerrak, inongo arkitekto estudio dentsitate handiena eta milaka aldiz ondotik pasatu arren zer eskaintzen duten asmatzen ez dakizun lokal heterogeneoak. Horrez gain, kolore guztietako gizarte elkarteetako egoitzak, baita sinesmen ezberdinei moldatutako aretoak ere. Hernani kaleko monjek janaria eskainiko diete gaur ere han ilara egiteko prest daudenei. Eta Auzolanek doan eta nor zaren galdetu gabe ematen du osasun zaintza integrala.
Kortesen, kale hotzean gizonen zain dauden emakume zuriek zein beltzek, zaharrek zein gazteek kafetxorako tartea hartzen dute burdel tristeetan. Espaloi estuetan, heroinazale eta droga saltzaileen arteko kontuek bidea oztopatzen diete nonbaiterako bidean doazen oinezkoei. Plazan, ijitoen berpizte musikalaren testigu gara. Poliziak topatu ahal dira taldeka, kotxe ondoan, lekuz noiz aldatuko zain dagoenaren plantarekin. Udaleko kale garbitzaileak, ordea, gutxiago ikusiko dituzu. Eta zoru irristagarrietan erortzearen beldurrez, aitona-amonek kale aldapatsuak igo eta jaisten dituzte, tarteko pausaleku ziren jesarlekurik gabe, zeuden gutxiak udalak kendu baitzituen.
Aldatu da bai auzoaren itxura, baina ezer gutxi arazoen profilak. Orain, lehen bezala, harresiez kanpo geratzen denaren nahasmenaren bilkura baita San Frantzisko: pobreak, immigranteak, arautik eta legetik kanpokoak, marjinatuak. Autoritateek koktel honi erantzun nahi ezean edo nola erantzun jakin gabe polizia bideari eta partxeo programei eusten diete. Bitartean, auzoaren bizitzak bere kabuz dirau. Elkarbizitza ahal den moduan atonduz. Espazio propioak errotuz. Elkarlanean saiatuz. Auzoko kaleetan barna ibiliz Bizkaiko Aldundiak atera duen komertzio gertukoa sustatzeko kanpaina datorkit burura: «Bagara ala ez gara?». Eta zinez San Frantziskon, bai, bagarela. Baina askotarikoak, konplexuak eta entzun beharrekoak. Hori bai.
Askotarikoak gara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu