Zuzenbidea debekatzen denean

Karmelo Landa
2011ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Zuzenbide Debekatuaz mintzatzen gara egunotan Ea herri txikian, eta gezurra badirudi ere, poesiaz ari gara. Gabriel Arestik 1960 eta 1961 urteetan idatzi zuen Zuzenbide Debekatua poema liburuaz ari gara, besteak beste, Eako poesia egunetan. Ez da oso liburu ezaguna, orain arte behintzat, baina badu mamia barruan eta inguruan.

Hogeita zazpi urte zeukan Gabriel Arestik 1960 hartan, eta gauza berriak sortzeko gogo bizia. Euskal literaturaren ordura arteko eremu estua zabaldu eta berritzeko amorrutan zebilen, baina beste horrenbeste nahi zuen eginpolitikan, kulturan, ohituretan, bizitzan. Krak bat zela esango genuke gaurko hizkeran. Euskara ikasi beharrean eta, bere kasa ikasi eta euskaltzain izateraino heldua zen, eta garai hartako eztabaida eta ekimen guztien erdi-erdian zebilen beti. Ordurako idatziak zituen bai Bizkaitarrak saileko poemak eta, batez ere, Maldan Behera poema luze konplexua. Baina 1960 hartan zalantzak harrapatu zuen bete-betean, eta ez atzera ez aurrera zebilen, ezer amaitu ezinik. Alde batetik, aurreko ildoari jarraituz edo, Moisesen figuran erreferentzia hartu eta poema luze bat prestatzeari ekin zion, Legearen oinarria tituluaz argitaratu nahi zuena. Ezin izan zuen amaitu. Kontrako norabidean ere saiatu zen, bertsolaritzaren tradiziotik edan eta komunikazio errazagoko bertsoak idazten, Ezkutu eta dukat banatan saltzeko bertsoak. Hauek ere bidean gelditu ziren.

Zergatik, baina? Zer gertatu zen, bada, 1960 hartan Gabriel Arestiren bizitzan eta bide poetikoan?Galdera horien erantzunak Zuzenbide Debekatua poema liburuan aurkitzen dira, neurri handi batean. Aipatu dugun zalantza egoeratik irten ahal izateko, aukera zehatzak egin zituen orduan Arestik: busti egin zen, bete-betean konprometitu. Konpromiso zehatzak hartu zituen, bai, 1960 hartan. Maila teorikoan, lehenengo: uda hartan, Donostiako Udaletxe Zaharrean eman zuen hitzaldian, argi eta garbi adierazi zuen hartzera zihoan ildo berria. Herrian eta gizartean eragin zuzena lortu behar du poesiak. Poetak mandatua bete behar du, eta ezer baino lehen, bere tokia ondo zehaztu, edo «poeta laureatu» izan nahi duen eta boterearen mesedeetatik bizi, ala «poeta outsider» eta bere printzipioei eutsi. Baina jarraian praktikara eraman zituen erabakiok.

Hiru erreferentzia gune hartu zituen Zuzenbide Debekatua osatzeko: Munduko literatura, nazioarteko politika eta gizartea, eta Euskal Herriko egoera garaiko arlo guztietan. Baina liburua irekitzen duten eskaintzak zehazten dituenean, zera idazten du: «Gabriel Moral Zabalari eta harekin egon ziren guztiei». Zer da hau? Nor zen Gabriel hori, nortzuk harekin zeudenak? Eta non zeuden? Hemen Euskal Herriaren orduko egoera lehertzen zaigu kolpez. Gabi del Moral Zabala gazte bilbotarra lagun mina du Arestik. Halako batean, 1959ko irailean, atxilotu egin dute, inkomunikatu, modu basatian torturatu eta Larrinagako kartzelan sartu. Honekin batera atxilotu dituzte baita Iñaki Aldekoa, Jose Luis Zabala, Guillermo Elgezabal eta Xabier Arginzoniz. Eta laster Bego del Moral, Gabiren arreba ere bai. Bilboko Aste Nagusian ikurriñak banatu zituztela, legez kanpoko bilerak egiten zituztela, ekintza gogorragoak prestatzen ari zirela… eta jurisdikzio militarretik prozesatu zituzten. Gabi bera laster trasladatu zuten Madrileko kartzela batera, bidea trenez , preso askoren kate bati lotua, tarteka bideko kartzela guztietan geldituz. Epaiketa gero, kartzela zigorra…Urte haietako kronika idatzia utzi zuen Luciano Rincon kazetari bilbotarrak Pariseko Ruedo Iberico argitaletxean, eta narrazioari halako hausnarketa gehitu zion orduan: «Instantzia ofizialetan beti izan dute abertzaletasuna etabiolentzia elkarlotzeko interes berezia».Horrela gertatu zen, bai, 1959 urte hartako errepresio zabalaren kasuan, Bilbon bonba batzuk lehertu zirela aitzakiatuz, baita 1961ean, berriro, Donostian trenbidearen aurkako atentatua burutu zela motibo hartuta. Kontua da Gabi del Moral gazte presoaren eskutik, Euskal Herriak 1960 hartan pairatzen duen egoera gordina sartu zaigula Arestiren poeman bete-betean eta lehen aipamenetik.

Hiru erreferentzia nagusi aipatu ditugu lehen, eta horietako bat Literatura bera da, modu oso bitxian agertzen dena Zuzenbide Debekatuan: Karta-jokoa proposatzen digu idazleak, karta bakoitza munduko idazle baten poetizazio partikularra delarik. Nazioartekopolitikak eta gizarteak 1960 inguru hartan borborrean zirauten, eta isla zehatza dauka horrek guztiak beste atal batean, tartean Patrice Lumumba Kongo errepublika jaio berriko lehen ministroaren bahiketa eta erailketa, Che eta Fidel Castroren ibilbide iraultzaile estreinatu berria, eta beste hainbat. Baina benetan estonagarria gertatzen dena Fran Fran motza izeneko pertsonaia arlotearen agerpen poetikoa da. Suspensean mantendu nahi ditut hemen pertsonaia honen identitatea eta joan etorriak, liburura hurbiltzeko gonbitea luzatuz.

Klabe estetikoz eta ahalmen sinbolizatzailez betea dagoen obra da Arestirena, hain gaurkoa zentzu askotan, debekurik gabeko zuzenbidea lortzeko ahaleginetan gabiltzan honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.