Zuzenbide-estatua versus okerbide-estatua

2013ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Oso termino nahasia da zuzenbide-estatuarena, herritar arruntentzat behinik behin. Nahasia eta, akaso, higatuegia ere bai. Epaile, abokatu zein politikariek, tertulia-kideak ere ahaztu barik, barra-barra erabiltzen dute, gehienetan eztabaida edo debatearen ildoa norbere aldera ekartzeko baliabide gisa. Areago: maiz ikusia dugu nola era guztietako erregimen politikoek, frankistak barne, zuzenbide-estatutzat definitu zuten euren burua.

Ulertzekoa da, beraz, herritar arruntek, anabasa horren erdian, nahasmendu galanta sentitzea eta, argudio juridikoak gorabehera, pentsatzea zuzenbide-estatuak izan beharko lukeela, beste barik, bide zuzenean abiatzen den estatua.

Ulertzekoa da, baita ere, zuzenbidearen profesionalek, Gipuzkoako Lurralde auzitegiko presidentea den Iñaki Subijana epailea kasu (ikus 2013ko ekainaren 28ko BERRIAn berari eginiko elkarrizketa), oso irizpide formalistaren arabera erabiltzea zuzenbide-estatuaren zentzua, epaile-jardueratik inolaz ere aldendu gabe. Herritar arruntentzat, baina, Estatuaren jarduera ez da bukatzen legeen aplikazioetan eta, beraz, Estatua bide zuzenean abiatzen den ala ez taxutzeko beste elementu ugari gehiago hartzen dugu kontuan.

Horregatik, azken urteotan Espainiar Estatuak erakutsitako jitea eta jarduna ikusita, nekez iruditzen zaigu bide zuzenean abiatzen den estatua denik:

- Bide zuzena da akaso atxilotu askori urte luzeetako zigorrak ezartzea, torturapean lorturiko deklarazioak soilik oinarritzat harturik?

- Bide zuzena da akaso bi egunkari ostiko batez ixtea, denok ezagutzen ditugun ondorioekin?

- Bide zuzena da ehunka (edo milaka) tortura-salaketa izan arren, torturatzaile izateagatik zigorturiko bakan horiek handik gutxira Estatuak berak indultatzea eta goraipatzea?

- Bide zuzena da preso politikoen existentzia irmoki ukatzen duen aldi berean, bere jarduera politikoa dela eta Estatuak herritar ugari preso mantentzea?

- Bide zuzena da Estatuak hautagai-zerrenda bat baliogabetzea, hautagai horien artean baten bat aurreko hauteskunde-ekitaldi batean alderdi politiko konkretu baten ikuskatzaile izan zelako, beste gabe?

- Bide zuzena da preso baten zigorra irmoa izan eta gero, Estatuak zigorra luzatzea?

Horregatik, Espainiar Estatuari buruz kutsu formalista hutsezko zuzenbide-estatuaren aldarrikapena entzuten dugunean, iruzur-kutsua deritzogu aldarrikapen horri herritar arrunt askok, zeren eta zuzenbide-estatua aipatzen den gehienetan, azken finean zigorra eta errepresioa besterik ez baitago aldarrikapen horren atzean.

Horregatik, herritar arrunt askok pentsatzen dugu estatu bat baino gehiago, urrun zein hurbil, zuzenbide-estatu gabe okerbide-estatu direla funtsean. Estado de torcido esan genezake gaztelaniaz, Estado de derecho delakoari kontrajarria.

Estatuaren jarduna, gustatu zein ez, ez da bukatzen legeen aplikazio hutsean, abstrakzioa eginik legeen zentzuez edota, legeetatik haratago, Estatuak darabilen politikaz. Horregatik, interpretazio motza iruditzen zaigu zuzenbide-estatuarena, zuzenbide-estatutzat legeak aplikatzen dituena soilik ulertzen bada, beste ezelako alderdirik kontuan izan barik. Interpretazio motza eta, azken finean, iruzurtia ere bai.

Ez dezagun ahantz, bukatzeko, Sánchez-Bravo, Baena Alonso, García Sanz, Paredes Manot eta Otaegi Etxebarria zuzenbide-estatuaren izenean fusilatu zituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.