Askotan esan ohi da politika, zein delarik ere bere kolore edo generoa, errelato edo lelo handien arabera mugitu ohi dela. Errelato handiak izan ziren Barack Obamaren Yes we can eta Mariano Rajoyren Dena Europak agintzen du. Errelato handiak izateko borrokan dabiltza Eric Zemmourren Grandeur-aren buelta edo Santiago Abascalen La España que madruga ere. Errelato horien azpian kokatu ohi da Joan Subirats Espainiako Unibertsitateen ministro izendatu berriak defendatu duen gauza txikien politika edo politika publikoen eraldaketa ahalmena.
Gure herrian familia politiko nagusien errelatoak nahikoa iraunkor mantendu dira azken berrogei urteotan. Trantsizio garaitik ona, Eider Landaberea historialariak Los nosotros en la transición liburuan azaldu bezala, antzeko logikak mantendu izan dira, aldagai berdinek baldintzatuta. Hala ikusi da hauteskundez hauteskunde ere, familia nagusien osaketa zein ehunekoekin, Xabier Aierdik askotan Euskal Soziologia eta Politika Zientzien elkartearen hauteskunde osteko jardunaldietan azaldu bezala.
Baina azken urteotan euskal politikaren plaka tektonikoak mugitzen ari direla dirudi. Eta ez pandemia baten erdian gaudelako soilik. Alderdi nagusiak ohikoak ez diren mugimenduak egiten ikusten ari gara azkenaldian, eta horrek galdera nagusi bat formulatzera garamatza: akordio handien urtea izango ote da inongo hauteskunderik izango ez dugun 2022 hau? Hala izan daitekeenaren susmoa dakarte adierazle askok.
EH Bildu da ziaboga handiena egin duen alderdi eta kultura politikoa. Eta ziaboga hori, zentralitatera bidean etorri da («posibilismoa» deituko liokete batzuek), akordioen aldetik. Espainiako Diputatuen Kongresuan eserlekuak hutsik uztetik aurrekontuak bozkatzera emandako saltoak ondo adierazten du estrategia aldaketa hori. Eta ez Madrilen bakarrik. Nafarroan ere ikusi ahal izan dugu azken legegintzaldietan, eta baita, azken urte honetan, EAEko aurrekontuen aurrean izandako jarreran ere.
EAJ ere hasi da, bere posizioa apur bat mugitzen. Azken hilabeteek akordio zabalak bilatzeko borondatea erakutsi dute, gutxienez bi frontetan: Hezkuntza Legearen erreforman eta azken aurrekontuen onarpenean. Horrek ezberdintasun nabaria adierazten du azken urteotako norabidearekin, eta hori garrantzitsua da erakunde nagusiak kudeatzen dituen alderdiaren kasuan: Jaurlaritza, hiru aldundiak eta hiru hiriburu nagusiak EAEn, eta Nafarroako Gobernuan parte hartzea. Ezin ahaztu orain arte Madrilen garatutako estrategia bera.
Euskadiko Alderdi Sozialistak ere bota ditu, azkenik, hainbat mezu Eneko Andueza idazkari nagusi aukeratu ondoren. Tokian-tokian antzeman diren hainbat keinutan ikusi ahal izan ditugu mezu horiek; alderdi sozialistak gobernu ardurak dituen herrietan aurrekontu akordioak bideratu ditu Elkarrekin Podemosekin eta EH Bildurekin berarekin.
Gauzak horrela, eta hurrengo hauteskunde ziklorako atarian gauden honetan, ondoriorik atera al daiteke honen guztiaren inguruan? Goiz samar izan daiteke oraindik, baina badaude, nire ustez, euskal politikaren puzzlean piezak mugitzen ari direnaren zantzuak antzemateko nahikoa adierazle.
Alde batetik, EH Bilduren ekintza instituzionala okupatzearen aldeko apustua; euskal politika, de facto, logika bipartidista inperfektu batera eramango du horrek, Eusko Legebiltzarrean horren adierazgarri izan den alderdi aniztasunaren kaltetan. Hala adierazten dute publikatutako azken inkestek. Denetan, gainontzeko alderdiekiko distantzia handira ikus ditzakegu EAJ eta EH Bildu, egun, dagoeneko, gertatzen denaren antzera. PSE-EE izango dugu EAJk eta EH Bilduk osatutako bi familia handien ertzean, bere posizioari etekina atera nahian. Dagoeneko egiten hasi den hori indartzen ikusiko dugu urte berri honetan. Eta EAJk berak euskal politikaren jokalekuaren irakurketatik duen nagusitasunetik ere egin beharko du ziklo berriaren irakurketa. Lidergo asko berritzea tokatzen zaion honetan, ezinbestekoa izango da bi indarren arteko tarteak zaintzea, Gipuzkoan bezala, borroka estua den lurraldeetan, batez ere.
Zutik eta Prest izan dira, momentu eta kanpaina ezberdinetan, EAJk eta EH Bilduk erabilitako leloak. Zutik eta prest egon beharko dugu datorren urtean euskal politikak emango dituen pausoak ongi ulertzeko eta interpretatzeko. Zutik eta prest, agertoki berriak ekar ditzakeen akordioak, bi alderdi handien artekoak, onak izango baitira gizartearen aurrerapenerako eta kohesiorako. Zutik eta prest egon beharko dugu, aldaketa handien atarian egon gaitezkeelako: akordioen bidetik, gizarte eraldaketa gauzatu daiteke. Hala izan bedi. Bipartidismo inperfektua kontsolidatzera doan honetan, akordio zabalak ere geratzeko etor daitezela. Urte berri on!
'Zutik' eta 'Prest'!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu