Zutabea aitzakia, liburutegiez

2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Zutabegileak bere herriko liburutegiarekin, eta liburutegi eta liburuekin oro har, zuen harremanaren parabola agertu zigun. Gustuko dituen liburuak, azalak, tituluak edo beste ezerk erakarrita erosten omen ditu. Ez justu horiek direlako erosi nahi dituenak baina. Liburu-dendetako apaletatik erosi ordez herri liburutegiko apaletan begiratzeko ariketa egin eta handik hartuko balitu irakurri nahi dituenak, garagardotarako diru gehiago geratuko omen litzaiokeela zioen. Izan ere, gustatzen omen zaio, txalotzen diogu gustua, etxeko apalategietan liburuak ikusteaz gain azpimarratutako esaldiak behin eta berriro irakurtzea. Eta gustatzen ez zaizkionak liburutegira eramaten omen ditu. Gustatu ez edo beharrezko ez duguna sozializatzeko joera hau bertute publiko izatea noizkoa dugun ez dakit baina halatzat praktikatzen dugu, limosnatarako soberakinak.

Ez dut zutabegilearen izenik aipatu nahi, derrigorrezkoa behar lukeen arren, goi-kargu edo dei genezakeen politikari bilakatu delako eta horrek nire iritzia areriotasun politikotik jaurtikitako kritika gaizto demasa ikusia izateko arriskuan jartzen duelako eta ez litzatekeelako, gainera, justua. Esan nahi dut zutabeari ironiarik harrapatzeko gai ez naizela izan, eta litekeena dela guztia ironia hutsez idatzia izatea beraz, hobe iritzi okerraren arriskuan ez erortzea. Ideia horiek aski paradigmatikoak izan daitezke, euskal herritarron batanaz besteko ugalaren ideiatzat jo genitzake, eta horko gaizki esanak, gaizki esanik balego, kritikatzea gurean jarrera guztiz hedatua dena kritikatzea litzateke, alegia ez litzatekeela hau ordezkari politikoa herritarren gehiengoarekin bat ez datorren kasu horietako bat. Liburuzainaren jatortasunaz eta zintzotasunaz ere aritzen zen eta estatistika edo kontaduria pertsonal bitxi baten berri ere ematen zigun berak euskaraz irakurri eta liburutegian gaztelaniaz zeudenak ez zituela kontatzen esanaz.

Sasoi beltz hauetako ikurra da, nonbait, murrizketena edo gastuak ezinbesteko beharretara bideratzearena. Liburuetatik aurreztu dezakeguna, dirua aurreztu daitekeen alorra izaki hau, zerbezatarako herritarren kasuan, edo aurrekontu publikoetako beste ataletarako, herrien kasuan, behar da nonbait. Ez dakit galdetu dugun inon, herritar edo ordezkari politiko, halabeharrezko murritzaldi honi ekin genionetik zenbat gutxitu den gure liburutegietarako liburu erosketetarako gastua eta gutxitze horrek zerbezatan —ihes, arren, literaltasunetik eta konta edari eta jaki eta aisia klase guztiak— edo beste aurrekontu ataletan zer eragin izan duen. Izan duela seguru, enteratu ez garen, edo nahi izan ez dugun, arren. Izan ere hainbeste milaka libururen apalategietara beste zientoka dezente batzuek edo milaka gutxi batzuek bota ala ez zer axola, ez?

Ez da harritzekoa liburuzainaren jatortasunaren aipu gorazalea. Liburutegiena dugun zerbitzu publiko horren zertarakoak zehazten inork ez dakigun honetan, denok jabetzen gara herritarrok geure erabilerarekin balioa ematen diogun zerbitzua dela, eta hor, liburuzainen zeregina historikotzat jo beharrekoa da, oraindainokoan oso gutxi erreparatu badiogu ere horri. Baina zerbitzuak izen ona du, hain ona non oraindik gure arteko askok liburutegi nazionala deitu eraikuntza fisiko batekin egiten baitu amets eta ez batere osatu gabe, eta osatzeko asmorik gabe, daukagun liburutegi sistema edo sare nazional baten alde. Lehen ere esanak ditut hegoaldekoa Espainiako liburutegi zerbitzurik atzeratuenetakoa dugula eta guztiz normaltzat hartzen dugula euskal herritar askok etxetik urrutiena duen, kilometrorik gehienera daukan, zerbitzu publikoa liburutegiarena izatea. Lehenago taberna, eliza, kiroldegia, aurrezki etxea, aseguru etxea eta litxardenda, liburutegia baino. Eta batekin topo egiten duenerako, ikastetxekoarekin adibidez, askotan gertatuko zaio bere etxean komuneko paperetarako adinako aurrekonturik ez duen liburutegia izatea bera.

Apalategi beteen eta apalategi hutsen estatistika ofizialak eginak daude, ez ordea euskal herritar bakoitzak, batanaz bestekoz, esku publikotan gordea eduki dezakeen liburutegirako bideak zer luzaera duen, zenbat denborako bidaia eta zer garraio publiko. Harrigarria da, erakundeei egiten zaien gizarte presio urria ikusita, gure kultur eragileek, gure idazleek eta gainerakoek zeinen itxiak dituzten ahoa, eztarria eta adimena.

Euskararen aldeko mugimendurik erradikalenek ere, hain desneurrikoak hainbestetan, ez dute honetan erreparatu edo larritasunezko auzi kontsideratu. Atzeraka egin du azken urteetan euskarazko liburuaren presentziak gure liburutegietan, eta euskarazko iritzi publikoa lehentasun handiagoko beste liskar batzuetara emanago dago. Euskal Kulturaren Plana dela eta (Euskal Kulturaren Klana ateratzen zait honetaz aritzean) esan zen gure liburutegietarako euskarazko liburuak argitaletxeei erostea lehiakortasun desleiala zela eta Europak debekatua zegoela. Geroztik diru kopuru berdina eman izan zaie argitaletxeei gure administraziotik baina trukean liburu alerik entregatzeko baldintzarik gabe. Ondorioz lehen liburutegi publikoek doan jasotzen zituzten euskarazko liburuak ez dituzte jasotzen eta nahi, edo behar, badituzte ordaintzera derrigortuak daude.

Aurreko gobernuak argitaletxeekin adostu eta oraingoak gauzatu duen iritzia izan da inolako gizarte oihartzun haserrekoirik gabe. Badakigu argitaletxeak garrantzizkoak direla, ia ezinbestekoak, euskarazko kulturan eta liburugintzan, baina ez sortzaileak eta irakurleak eta hauen zerbitzu eta zerbitzari publikoak baino garrantzizkoagoak. Badakigu irakurzaletasunak gure hizkuntza, gure kultura eta gure herritartasunarentzako aparteko garrantzia duela, baina irakurketari, liburuari, enplegu sortzaile izatearena baino eginkizun jasoagoa egozten diogu, edo jasoagoa ez bada ezberdinagoa bai behintzat, zerbezak, aurrezteak eta enpleguak alde batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.