Herrialde berrien hauteskundearen lehen itzulia egin da asteburu honetan Frantziako estatuan. Iparraldeko abertzaleek ez dute hautagairik aurkeztu, oraindik Bidasoaren iparraldeko hiru probintziek Akitania berri handi horretan itota bezala aurkitzen direlako. Honetaz gainera, politikaren agertokian dauden alderdiak jakobinoak direlakoan, abertzaleen ikuspuntutik hobe da zuri bozkatzea, aukeratzeko biderik Euskal Herriari ematen ez dioten alderdien alde botoaren ematea baino. Hasiera batean ekologisten alde botoaren ematea pentsatu nuen, baina Euskal Herriari Bai (EH) alderdiak eman zuen Zuri botatzeko aholkua jaso nuen denbora berean, jarraian datorren okzitanisten mezu bat irakurri nuen nire gutun kutxa elektronikoetan.
Hain zuzen ere, La République des Pyrénées Biarnoko aldizkarian, joan den urteko maiatzean horixe adierazi zuten Europa Ekologia Berdeak erakundeko kide diren G Freyssinet eta Euridice Bled jaunek: «Gure nortasunaren barnera berriz kokatzeko tentazioetatik askatu beharko dugu; alderdi autonomi zale andana batek, gaur egun historiaren norabidearen aurka abiatuaz, halaxe jokatzen du, alderantziz egiten dutela oihukatzen diguten arren. Saboia edo Okzitaniako autonomiari buruz mintzatzea gauza seriosa ahal da gaur egunetan?».
Nahiko txunditurik utzi ninduen Berdeetako kide baten deklarazio horrek, orain arte ekologistak gutxiengoren zaintzekoaren alde bazirela uste nuelako. Zeren-eta bertako hizkuntza eta kulturaren garapena leku bereko biztanleriaren egonkortasunaren alderantz badoa; bertako kulturari atxikia izateak herrialdearentzako atxikimendua ondorioztatzen baitu, eta naski lekuen eta nekazaritzaren garapen iraunkorra. Hor ditugu lekuko Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta urte guztiz etengabe ospatzen den LURRAMA azoka berezia; arrakastatsua bai barnetik baita kanpotik ere, aurten eta joan den urtean gonbidaturik izan diren hurrenez-hurren Normandia eta Saboia probintzietako nekazarien ordezkariek euren herrietan halako sistema bat ezartzeko xedea argi eta garbi adierazi digutela.
Ekologia edo ingurugiroaren zaintzaren politizazioa aspalditik gaitzesten dituzte politikero aurreratzaile batzuek, esanez horrek politikarekiko ezer ikusirik ez duela. Areago, ezkerraldeko indar politikoek ekologiaren kausa berreskuratzea deitoratzen dute. Baina zer daiteke harrigarri halako egin-molde batean? Azken bi mende horietan kapitalismoak domaia asko eragin ditu gure lurrean, beti probetxuaren eta mozkin handien zirela kausak; gaitz horretaz kontzientziaturik, ezkerraldekoindarretatik sortu zen ingurugiroaren zaintzeko asmoa. Baina ekologia ez da ikuspuntu zentralizatzaile batetik begiratu behar, baizik-eta herrialde edo herri bakoitzaren nahia eta berezitasunak kontuan hartuz. Arestian aurkezturiko aipuak ekologi jakobinoaren aldeko tendentzia azpimarratzen du, bertako nahiz kanpoko jende guztientzat kaltegarria dena. Herri edo eskualde berri baten bisitatzera doanak maite du aldaketa bat atzematea, eta kanbiatze hori bertatik antolatu politika kultural eta nekazari batek segurtatu diezaioke.
Horrengatik guztiengatik erabaki dut atzo Angelun boto zuria ematea.
Zuri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu