Zure mozorroa arrazista denean

Ricardo Hernandez, Flavia Navarrete eta Beatriz Villahizan
2022ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Badatoz inauteriak, eta mozorroz eta tradizioz beteko zaizkigu kaleak eta eskolak; batzuetan, mendeetako historia duten kultur adierazpide batzuk dira, hala nola kaldereroak, zeinek azken mendeetan exaltazioz eta exotismoz agertzen baitute buhametasuna/erromanitasuna, ijitoen herriarekin zerikusia duena. Beste ohitura batzuk, berriz, oraintsu hasiak dira, baina denak ere gure iruditeria kolektiboaren parte dira, eta ez dugu lekurik eta astirik hartzen pentsatzeko zer sinbolizatzen duten, nola irudikatzen gaituzten eta zer estereotipo erreproduzitzen dituzten. Duela hiru urte, parada izan genuen zenbait hitzalditan gogoeta horien berri emateko, kaldereroen festaren jatorriaz eta irudikatzen duenaz mintzatuz. Gaur, berriz ere hitz egin nahi dugu gogoeta horietako batzuez.

Badakigu kulturak ez direla estatikoak, mutatu eta elkarren artean nahasten direla, baina orobat jabetuta gaude nahasketa horiek ez direla gertatzen berdintasun egoera batean, garai eta lurralde bakoitzeko botere harremanek markatzen dituztela. Kultur adierazpideei ere, hots, kultura bateko eta besteko askotariko errepresentazioei ere eragiten die horrek, eta, beraz, erraz ulertzen da guztiz blaitzen dituztela hala zurien eta mendebaldearen nagusitasunak nola urteetan sufritu izan ditugun diskriminazio egiturazkoek. Kultur errepresentazioek gurekin batera eboluzionatzen dute, egia da hori, baina ez behar bezain arin batzuetan. Horren ondorioz, arrakala bat sortzen da gizartearen parte pribilegiatuaren —hau da, aipatzen ez den horren, karikaturatik eta burlatik libratzen den horren— eta minorizaturik eta gizartetik bazterturik jarraitzen duen partearen artean; izan ere, parte horrek borrokan segitu behar izaten du bere eskubideak onar ditzaten, eta besteek, berriz, «elementu kulturaltzat» jotzen dituzte, kosifikatu egiten dituzte, edo autoktonotzat hartzen diren kultur adierazpideetatik baztertu. Hori guztia bada aski arrazoi gogoetatzeko, gutxien-gutxienez, geure buruari sistema horren zer parte transmititzen segitu nahi dugun, zer baliok ordezkatzen gaituzten eta nortzuek parte hartzen duten modu aktiboan errepresentazio horretan.

Gizartea, aktibismoa eta organizazio antirrazistak gero eta gehiago ulertzen ari gara arrazismoa estrukturala dela; horregatik, hura desegiteko, funtsezkoa da auzitan jartzea eta deuseztatzea desberdinkeria iraunarazten duten faktore sistemikoak. Ezin dugu espero izan berdintasunez eta tolerantziaz elkarrekin bizitzea baldin eta ez badago eskubide berdintasun efektiborik eta ez baditugu aintzat hartzen klase, genero eta arrazializazio ezberdintasunak.

Mugimendu ugari ari zaizkigu esaten nola nahi duten kontatuak izan, nola nahi duten irakurriak izan, eta hainbat gako emanak dizkigute, gaur egungo kultur adierazpide eta produkzio asko auzitan jartzen dituztenak. Kultura bat gara, ez mozorro bat mugimendukoek, adibidez, honelako galderak egiten dizkigute:

«Galdetu zeure buruari zergatik hautatu duzun beste kultura, etnia edo arraza bateko norbaiten mozorroa jartzea. Zer mezu ari zara ematen? Zer asmo duzu horrela mozorrotuta? Ondo pasatzea? Dibertigarria izatea? Eta, hala bada, zeren bizkar? Gizatalde horretakoa zara? Erantzuna ezezkoa bada, gogoan izan ezin duzula besterik gabe egun baterako maileguan hartu beste norbaiten kultura edo arraza. Gauzak ez dira horrela. Beharbada, zuk ez daukazu bizi beharrik mozorro horri lotutako estereotipo eta estigmen menpe. Zuk gainetik kendu ditzakezu eta. Baina, jende askorentzat, ez da mozorro bat: bizimodua da. Zeureak ez diren kulturak mozorro harturik, estereotipo horiei lotutako mehatxuak ezartzen dizkiozu jende horri berari, eta haien esperientziak gutxietsi».

Alde horretatik, blackface delakoa da gehien zabalduta dauden praktiketako bat: zuriak beltzez pintatzen edo janzten dira, ezpain handi eta gorriz maiz. Esklabotza eta halako beste gertakari historiko batzuk daude horren jatorrian, eta, 1830ean, ohiko bihurtu zen Estatu Batuetako antzezpen eta musika saioetan; hain justu, esklabotza abolitzea lortu eta denbora gutxira hasi zen ohitura hori, eta 60ko urteetara arte iraun zuen, hamarkada hartan debekatu egin baitzuten, eskubide zibilen aldeko mugimenduaren presioari esker.

NBEren Adituen Lantaldeak 2019ko abuztuan afrikar jatorrikoei buruz egindako txosten batean (https:// undocs.org/es/A/74/274), jaso zuten halako «karakterizazio negatiboek oraindik ere kalte» egiten dietela afrikar jatorrikoei, «eta haien giza eskubideak urratzen» dituztela. «Ez dago justifikaziorik blackface-rako. Mendeetako arrazismoak blaituta dago. Afrikar jatorrikoak laidoztatzeko erabili izan da aurpegi beltza, eta oraindik ere hala erabiltzen da». Horrez gainera, salatu dute praktika horrek modua ematen diola gizarteari «benetako gizakiak» ez balira bezala hartzeko beltzak, «eta paisaia orokorra osorik hartzen duen arrazismo kultura toxiko baten parte da».

Onartezina da norbaiten itxura hartzeko mozorrotu nahi izatea, haren ezaugarri fenotipikoak eta kultura irudikatzeko. Arrazializatua izatea ez da mozorro bat, nahiz eta kontu «inozentea» iruditu, edo nahiz eta, are, asmo onez edo omenaldi edo salaketa gisa egin. Hori gertatzeko modua ematen badugu, segur aski, zera besterik ez dugu lortuko: jendeak, bereziki gazteenek, normaltzat hartzea beltzen erridikulizazioa, afrikar jatorrikoena, ijitoena, indigenena, asiarrena eta etnia edo kolektibo minorizatu jakin batekoena.

Horregatik guztiagatik, gizarteari gonbit egiten diogu bere burua azter dezan, gogoeta egin dezan, begirada antirrazista har dezan, parte har dezan eskubideen aldeko guneetan, non ikuspegi erreal eta kritiko batez interpretatzen baitira kultur eta etnia jatorri askotarikoak, haien protagonistak duintzeko moduan. Angela Davisek esan zuen bezala: «Gizarte arrazista batean, ez da nahikoa arrazista ez izatea: antirrazista izan beharra dago».

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.