Zure bila, Hodei

Tamara Mendiolagarai Diaz
2014ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Berriz min hau, Galdakaoko herria zure argazkiarekin ikustean. Lau hilabete igaro dira gure lehengusu Hodei Egiluz Diaz Anberesen (Belgika) desagertu zenetik. 135 egun luze, hotz eta esperantzara kondenatuak. 2013ko urriaren 19an ikusi zuten azkenekoz haren lagunek, guk bi egun geroago izan genuen desagerpenaren berri. Lur jota, amorruz beteta, sinetsi ezinik jaso genuen berri txarra. Ordutik gaur arte, Hodei gure egunerokotasunaren parte bilakatu da. Ez dugu etsi; gutxiengo esperantza dugu, eta haren bila jarraitzeko indarra ere bai.

Hodei, gazte arduratsua, ikasle eta langile fina. Familia giroan elkartzea maite zuen. Gabonak noiz helduko deseatzen egoten zen, etxean familia giroan igarotzeko. Informatika gustuko zuen, eta ingeniaritza ikasketak bukatzeko Anberes izan zuen helmuga. Ikasketak osatu eta lanerako beta izan zuen, gazte askoren ametsa. Anbereseko bizimodua maite zuen Hodeik; lantokian pozik zebilen, lagun berriak ezagutu zituen, eta proiektuz beteriko bizi berri bati ekiteko gogotsu zegoen. Alaia, grinatsua, bizitzari eusteko irrikaz; horrela ikusi genuen azken aldiz 2012ko Gabonetan.

Lau hilabete gogor igaro ditugu zu gabe. Larritasuna, urduritasuna eta tristura nagusi. Baina ez dugu etsi, ezta etsiko ere. Hilero, hilaren 19an Galdakaoko herriko plazan elkartu gara, Gorbeia mendirako igoera egin dugu, baita zure irudiarekin mosaikoa osatu ere. Asko izan dira Galdakaoko eta inguruko herrietatik etorritako pertsonak eta familiari babesa adierazi digutenak. Ekitaldi askotan aipatu dute zure izena, besteak beste, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean, Realaren eta Athleticen arteko partidan eta Ziklokros txapelketan. Sare sozialen bitartez ere oihartzuna sortzen ahalegindu gara, eta jasotako babesa eta elkartasuna bihotzez eskertzen dugu.

Orain, Anbereseko epaileak fiskaltzaren esku utziko du auzia. Ondorioz, ikerketa bertan behera gelditzeko arriskua dago, eta atxilotuen aurkako frogarik ezak aske utziko ditu. Joan zen hilaren 19an, Galdakaoko Udalean hainbat alderditako politikariak elkartu ziren, eta udalak adierazpen bat irakurri zuen erakundeetako ordezkarien laguntza eskatuz eta parte hartzera deituz. Datorren hilabetean, familia eta lagunek osatutako 60 pertsonako taldea abiatuko gara Anberesera. Bertako adiskideekin elkartu eta kasua hurbilagotik ezagutzeko asmoz.

Gainera, otsailaren 20an Germain Steven Mboyo Bombole gaztea desagertu zen Hodei Egiluz desagertutako toki berean. Kasu oso susmagarria hori ere, eta, beraz, agintariei ikerketa lanetan jarraitzeko eskatzen diegu.

Samina, izua, tristura eta mina sentitzen dugu. Hodei, zauden lekuan zaudela, jakin ezazu zure bila jarraituko dugula. Ez dugu etsiko, eta maite zaitugulako egia jakin arte gogor borrokatuko gara. Inori desio ez diogun min honek luze dirau, eta ezinegonak ez du gugandik ihes egiten. Jarrai dezagun egiaren bila, Hodeiren bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.