Gaur zortzi, hilaren 19an, Txilek presidente berria hautatuko du: Jose Antonio Kast, 55 urteko abokatu Pinochet-zalea edo Gabriel Boric 35 urteko buruzagi ezkertiarra. Bi mundu, bi ikuspegi aurrez aurre, planetak bizi duen polarizazioaren beste adierazle bat.
Fenomeno antagonikoak tai gabe ematen ari dira han eta hemen, gero eta tarte laburragoetan gainera. Gizarte mugimendu askatzaileen loraldiari maiz boteredunen erreakzio bortitz eta xenofoboak gainjartzen zaizkio. Txile ez da salbuespena. Allendek 1973an profetizatu zuen zumardi handien irekiera iritsi ordez, Santiagoko kaleak berriz orbanduko al dira ikasle, langile, intelektual eta zapalduen odolarekin?
Duela bi urte halaxe gertatu zen. Orduan 2019ko urriko eztanda bezala ezagutzen den mugimenduaren baitan, behetik gora eratutako protesta eredugarriak izan ziren prezioen igoera, gizarte-desberdintasun eta eredu neoliberalaren aurka. Sebastian Piñeraren Gobernuak ezarritako errepresioaren ondorioz, 34 lagun hil ziren. Haatik, orduan piztutako mugimendu zibikoak lorpen handia erdietsi zuen: Pinocheten garaiko konstituzioa baztertu eta erabat berritzaile eta parte-hartzaile izaten ari den prozesu konstituziogile bati hasiera eman zitzaion. Joan den uztailean, guztiz parekidea den konbentzio konstituzionala eratu zen. Organo horretako presidente Elisa Loncon 58 urteko akademiko maputxea da. Bere karguaren zina hunkigarria izan zen. Lonconek lurraren hizkuntza den mapudungun erabili zuen emakume eta herri zapalduen ahotsa altxatzeko, baita sexu aniztasunaren aldeko aldarria egiteko ere. Zumardi handien irekieraren arrastoak ikusten hasiak ginela zirudien.
Soziologikoki Txilen inoiz desagertu ez den pinotxetismoaren zutarriak, berriz, dardarka hasi ziren. Eta erreakzioa azaroaren 21ean etorri zen, hauteskunde presidentzialen lehen itzuleran. Jose Antonio Kast ultraeskuindarrak botoen %27,9 eskuratu zituen, eta Gabriel Boric ezkertiarrak, bi puntu gutxiago (%25,8). Datorren igandean erabakiko da, beraz, hurrengo presidentea. Gakoa, seguru asko, Txilen nagusi diren sektore abstentzionisten mobilizazioan egongo da; izan ere, abstentzioa betidanik oso altua izan da, %50etik gora (baita azken hauteskundeetan ere). Kastek ordena berriro ere ezartzearen aldeko apologia sutsua egin du. Trump eta Bolsonaren jarraitzailea da. Hau da bere proposamen izarretako bat: Txile, Peru eta Boliviaren arteko mugetan (1.110 kilometro) hiru metroko sakonera izango lukeen zanga-zulo bat egitea herri horietatik Txilera datozen migratzaileen sarrera eragozteko. Telebistako hauteskunde eztabaidan halaxe defendatu zuen, lasaitasun osoz, zirkinik egin gabe.
Internetek, albiste faltsuek eta sare sozialek berebiziko garrantzia izan dute hauteskundeetako lehen itzuleran. Izan ere, hirugarren gelditu den hautagaiak —zentro-eskuineko Jendearen Alderdiko Franco Parisi ekonomialariak— kanpaina osoa internet bidez egin du. Parisi AEBetan bizi da. Ezin da Txilera bueltatu, besteak beste, bere seme-alabei elikadura-pentsioa ordaintzen ez dielako. AEBetan eskandaluz eskandalu ibili da, bi lanlekuetatik kanporatu baitute sexu-jazarpenen salaketak zirela eta. Parisi asko mugitu da sare sozialetan eta ez du ekitaldi presentzial bat bera ere antolatu Txilen. Dena streaming bidez egin du. Bere buruari ere ezin izan dio botorik eman. Eta hala ere... botoen %12,8a lortu du.
Trump eta Bolsonaroren antzera, Kastek berak ere era guztietako albiste faltsuak erabili ditu bere kanpainan, aurkariak desprestigiatzeko eta, batik bat, «jendea komunisten etorrerak ekarriko lukeen terroreaz ohartarazteko». Eta, hor nonbait, jende askok sinetsi egin dio. Jendeak zergatik sinesten ditu horren erraz albiste faltsuak? Ergelak direlako, formazio falta dutelako edota norberak aurrez dituen aurreiritzi, pentsamolde eta aburuak berresten dituztelako? Sarritan pentsatzen da albiste faltsuak egun gizartean ditugun gaitz guztien errudunak direla. Nago, ordea, kausa baino gehiago adierazle bat direla, sintoma bat. Ez al dira izango gizartean bertan dauden arazo sistemikoen isla? Esaterako, gizarte desberdintasunak. Kontuan izan behar dugu herritar orok ez duela behar besteko diru-sarrerarik kalitatezko informazioa ordaintzeko.
Albiste faltsuen arrakasta gizartean bertan dagoen arrazismoaren erakusle ere izan daiteke. Zergatik, bestela, sinesten dira horrez erraz migratzaileen inguruan, haien balizko abantailez eta abar, zabaltzen diren albiste faltsuak? Gauza bera feminismoaren inguruan. Portaera matxisten aurrean, bestaldera begiratzen duen gizartearen zati horrek errazago irentsiko du feministen aldarriak kritikatzen dituzten sasi-albisteak. Albiste faltsuei aurre egiteko gauza asko behar dira: legeak zorroztu, komunikazioan formakuntza eskaini, baita gizartean dauden arazo sistemiko horiei aurre egitea ere.
Une arraroak bizi ditugu. Ziurgabetasuna orokorra da. Harat-honat dabil: Txinatik AEBetara, Islandiatik Argentinara, Hegoafrikatik Groenlandiara... Gure bizitzan paratu da, eta ez dirudi berehala alde egingo duenik. Denean dago: osasunean, erronka klimatikoan, politikan, ekonomian, kulturan... Zalantza-une hauek oso egokiak dira arazo konplexuei konponbide errazak eskaintzen dizkieten guruentzat. Horregatik, inoiz baino gehiago, gure galbahe kritiko propioak ezarri behar dizkiogu jasotzen dugun informazio orori.
Bai, Txilen asko dago jokoan datorren igandean. Dramatikoa litzateke hurrengo agintari gorena Pinocheten garaiak irrikatzen dituen norbait izatea; herri indigenak mespretxatzen dituen buruzagia eta albiste faltsuak barra-barra zabaltzen dituen pertsonaia. Allenderen zumardi handien irekieratik burdinazko txarrantxetara bueltatuko lirateke txiletarrak. Eta, haiekin batera, neurri batean, gu ere.
2019ko protestetan manifestariek himno bihurtu zuten Victor Jararen El derecho de vivir en paz (Bakean bizitzeko eskubidea) kanta mitikoa. Hark zioen bezala «izan dadila ilargia oihu oro urtzen duen leherketa: bakean bizitzeko eskubidea».
Zumardi handien irekiera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu