Zulo batetik irten denak

2018ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Euskal olerkigintzan inor izatekotan nabarmenduko zuen berebiziko estilo propioa, hori ezbairik gabe, Artze genuen. Aztarnetara joanik ere, era berean berritzailea zen, eta guztiz zinezko; bere izaera, portaera eta egikera, zentzuz eta pentzuz, gorputz eta jantziz berbera zelako, Artzerengan ez zegoen ez itxurakeriarik ez eta pantomima ez disimulurik, halakoxea zen, beti irribarretsu, barruak ematen zionari jaramon egiten zion egiazko artista zorrotza. Modaren eta inguruaren eraginetik kanpo zebilena, eta iritzi propioetan bizi izango zen sortzaile fina.

Bere sorkuntzako talaia hartatik, gure paisaia, gure zelaia, ondo ikuskatzeko gai zena eta gaitasuna zuena genuen. Gure gainetan hegan ari zitzaigun txoria genuen Joxan, kaiolan diren edota garen txorioi bere xarma bidaliko zigun txori hegalaria. Gure habietara soinu propioaz sartzen zitzaigun txori librea.

Beste habia batera joan zaigu orain, baina entzuteko gai bagara, hor ditugu eta hor diraute, gure hegaletan gure haitzetan eta batez ere, gure hatsean berak esanikoak. Eta entzuteko gai bagara diot, zeren eta egungo moda ez da entzuteko gai dena, abarrotsen giroan eta hauen aginduen menpe gaude-eta. Egun, denok gara maixu, denok artista, denok jakintsu, denok esatari. Mutu egotetik, berritsu izatera igaro gara urte gutxiren buruan.

Entzuteko eta hausnartzeko gai ez garen ustea dut, eta Joxan bezalako olerkariei entzun egin behar zaie, «bihotzaren begiaz» entzun, esango luke berak. Eta halaxe dio punta zorrotzaz: «Berekoiak bere eta berea entzuteko baizik ez ditu belarriak, berea baino entzungarriagorik, berea baino argiago eta ederragorik ez duelako inon, noski… ez dakigu zein datorren lehenengotz: berekoia ala harroa ala erhoa».

Inguru txikian bizirik, inguru handira bidaiatzeko eta bidaiarazteko gai zen olerkaria izanik, kontsignen aldarrikapenetan diraugun herri honi, bizitzeko eta pentsarazteko kontsigna propioak eta baliagarriak botako zizkigun Joxanek. Gure argi-itzalak bistaratzen zizkigun, eta ustea dut Joxanek lurtarrok ditugun beldurrak uxatu zituela eta bizitzari eta heriotzari aurrez aurre begiratzen ziola. Artzerentzat, aspaldiko esaerak dioen arabera: «Heriotza ez zen azken hitza, lehen galdera baizik»!

«Bai, argia ere itsungarri izan daiteke, eta itsutzen gaitu eta mututzen eta itotzen...». Poema zuzenak, sakonak eta esanguratsuak idatzi zizkigun Joxan Artzek. «Argia-itzala, bizitza-heriotza, zerua-lurra, hitza-isiltasuna...». Ez ziren kasualitatez eginiko hautapenak, ez, bizitzan hartu eta jasan beharreko parekotasunak ditugu. Bilakaria genuen Joxan, bere hitzekin solasen bilaka ari zitzaigun olerkaria, gure bizipenak argitzen zizkiguna; Euskal Herria ere egiazko Euskal Herri bilaka dadin, lanetan ziharduena eta biziarazten zigun olerkaria.

Gure janzkia modurik eta libreenean, modurik eta sakonenean, modurik eta errazenean josten zekien jostuna genuen. Gure jantzi urratuari eta alkandora deuseztatuari, adabakiak jostorratz finenarekin josten zizkion jostun fina. Eta horrelaxe jantziko zuen gure bakoitzaren eta guztion panorama.

Deskribapen zuzenak ziren bereak: «Nekez ohartzen zaio inor zuloari, bertan jaioz ez duenean besterik ikusi; are nekezago egiten, zulo horri ez zaionean inondik bazterrik ageri... Zulo batetik irten denak beti du beste zuloren bat, beti da beste batera eroriko, zulo guztien zulotik, jausi den mundutik, irteten ez den bitartean».

Hitzekin jolasean, gozamenean, hitzekin kantuan eta dantzan zebilen Joxan, hitz esanguratsuekin, beren gozotasunean, sakontasunean eta osotasunean. Hitzen hatsean eta hotsean, hitzek beretzat hotsa edota soinua zutelako barnean eta hala, euskal galbahean eraikitzen zituen mundua interpretatzeko hitzak. Eta gizakiari, bere lurrari eta bere-gure hizkuntzari zion maitasuna, geuk maita dezagun eskaria eginez, agerian utzi digu. «Maitasunak, zeru, lurra digu zuritzen... maitatzen hasi arte ez gara zinez, bizitzen hasten», «Asko maite duenak, asko asko daki, asko dakienak, asko asko maite du».

Ba ote hitzarmen hoberik, berak erakutsi zigun maitasuna baino? Eta gugan izan duen eragina kontuan harturik, esatari batek hileta egunean zera ziostan: ea gaurko gazteek jakin badakiten nor zen Joxan; akaso beste era batez eta urrunegi edo ikusten ohi dutelakoan gaude-eta gaurko paisaia.

Nire ustetan, arintasunean bizi denak seguru ez dakiela, baina utz dezagun, atertuko du eguna-eta, zeren, ona beti da on, sakontasuna beti egon izan da modaz kanpo, eta guk adin batekook erreferentetzat dugun bezalaxe, beraiek ere izango dute noizbait, ona ez delako inoiz hiltzen. Arinkerietan dabilenak ere izango ditu sakontasunean murgiltzeko garaiak.

Dena dator eta dena doalako, modu desberdinetan baina, mundua joan-etorrian dabilen noria dugu, seguru honetaz neronek baino argiago eta zentzudunago erantzungo zukeela Joxanek.

Gazteek ere jakin behar dute Joxan ez zela gauzetan geratzen, gauzen barrutik, gainetik eta azpitik mugitzen zela, gauzei zentzua ematen; berritzailea eta aitzindaria zela oro. Har ditzagun, ba, irakasgai bere esanak, eta honetan gure irakaskuntzak badu zer esanik eta zer eginik: «Beharbada eta beharbadarik gabe irakasleok aho bat gutxiegi duzue, gutxiegi gehienetan, eskatzen zaizuen gehiegia ikasleei irakasteko».

Gogoan dut, Joxanekin berarekin egon nintzenetan, bere etxean batik bat, zintzilikatuta zeuzkan poemak ikuskatzen liluraturik, honetaz eta hartaz mintzatzen biok eta, bizkaieraz egin nintzaiola esaten eustan, eta neure Arratiako euskeran hasten nintxakon berbetan. Une goxoak eta entzungarriak eskaintzen zizkidan berak. Bizitza eramangarriago eta libreago egiteko, hitz zorrotzak eta mamitsuak eskaini dizkigu guztioi.

Zaude Goian Joxan!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.