Axiologia Filosofiaren adar bat da, balioen eta judizio baloratiboen izaera aztertzen duena. Axiologiako ariketa bat egiten saiatuko gara, eta, horretarako, Deontologia pixka bat erabili beharko dugu, alor zehatz bateko profesionalen eginbidearen oinarriak eta arau moralak aztertzen ditu eta.
Gogoeta horiek proposatu nahi ditugu hedabide batzuek, zenbait politikarik eta tertuliakide askok, Parot doktrina indargabetzearen ondorioz espetxetik ateratako pertsonez dihardutenean, ez dutelako Deontologia izpirik agertu, eta muzin egin diete —sarritan nahita egin ere— Zuzenbideko oinarrizko printzipioei.
Hala moduz zibilizatua den herrialde batean, pertsona batek ezarri dioten zigorra betetakoan, eta, beraz, gizartearekin duen zorra kitatutakoan, askatasuna berreskuratzen du, bai eta eskubide guztiak ere. Jakina, horrek esan nahi du legeen aurrean de facto berdinak direla berriz ere, gainerako herritarrak bezalaxe. Halaber, horrek esan nahi du diskriminatzeko tentazioak, hots, hauteskundeetan hautagai izatea eragozteak edo eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituzten subsidioak ez emateak, finean, Giza Eskubideen Europako Epaitegiaren beste epai bat ekar dezakeela debekatutako atzeraeragina gaitzesteko, ikuspuntu juridikotik aurreko epaia bezain akatsgabe eta eztabaidaezin litzatekeena.
Haatik, «iritzi emaile» zenbaitek, argudio hoberik gabe, mespretxuz aritzea erabaki dute, samindu nahian. Baina ez hori soilik. Iritzi korronte batzuk, euren komentarioekin, beldur sentsazioa hedatzen saiatzen ari dira, gehienetan funts errealik ez badute ere. Zenbaitetan, are, hitz erdika ere ibiltzen dira —ez batere zoliak maiz—, mendekura dei eginez edo, gutxienez, mendekua justifikatuz, edota iradokitzen dute biktimek eurek egin lezaketela justizia euren kabuz. Komentario horiek alde batera uzten dituzte etikaren funtsak eta oinarrizko zuhurtzia, nahiz eta horiek izan behar duten bozgorailu sozial edo politiko gisa aritzen diren pertsonen jokabidearen ardatz. Orobat, «harrera» deitu direnak kriminalizatzen saiatu dira, egoera zeharo ohikoak badira ere espetxean urte luzeak eman ondoren etxera itzultzen direnen senideen eta gertukoen artean.
Nolanahi den, aurretik esandako ezer ez da aitzakiatzat hartu behar motibazio politikoko indarkeriaren biktima guztien eskubideak gutxitzeko, alegia: eragindako mina aitortzea, eragileek jendaurrean barkamena eskatzeko eskubidea izatea, eragin zizkioten giza eskubideen urraketak argitzea, eragindako minagatik erreparazio morala eta materiala jasotzea... Eta, halaber, giltzarria da mina ez errepikatzea bermatzeko eskubidea.
Zorionez, errepikapenik eza bermatzea sendotzen doa gutxika ETAren indarkeria politikoaren biktimen artean. EPPKren azken komunikatua eta Durangoko ekitaldia ildo horretatik doaz, argi eta garbi adierazi dutelako uko egiten diotela indarkeriazko metodoak erabiltzeari helburuak erdiesteko. Hala ere, ez da gauza bera gertatzen ari serieko bortxatzaile izateagatiko zigorrak bete ostean espetxetik atera direnekin... Eta horrek guztiak informazioa modu erabat sentsazionalistan tratatzea eragin du; zaku berean sartu dituzte hain ezberdinak diren arazoak, eta horrek ez dio onurarik ekartzen tartean diren oinarrizko bi eskubide uztartzeko arazoa konpontzeari: zigorra bete duten zigortuen askatasuna eta bortxaketak berriz gertatzeko beldur diren biktimen askatasuna.
Gure aburuz, egoera horren atzean dagoen arazoa konplexua da, eta berau aztertzeak fokua zabaltzera eta instantzia erantzule guztiak argiztatzera gonbidatzen gaitu. Ariketa horren ondorioz, agerian geratzen da Estatuak oraindik ere ez dituela betetzen prebenitu, babestu eta genero indarkeria zehatzeko nazioarteko betebeharrak, bizirik iraun dutenei ez die erreparazio egokia eskaintzen, ezta abusuak errepikatuko ez direlako bermea ere.
Alabaina, eztabaida zorrotz eta positiboa eragin beharrean, Estrasburgoko Epaitegiak Parot doktrina deitutakoa indargabetu izanak eskandalu mediatiko lotsagarria ekarri du —zenbait kasutan—, kazetaritza serio eta begiragarriaren irizpide etiko eta profesionaletatik urrun.
Gehiago espero da iritzi sortzaileengandik. Bake prozesuarekin bat egin dezatela espero da, berau bultza eta akuilatzea, are gehiago impasse eta konpontzen zail diren garaiotan. Bestela esanda, positiborantz jokatzea espero da beraiengandik. Supiztaile hutsak izatea, bilakaera sozial eta politikoan erantzukizunik ez dutela pentsatzea negatiborantz jokatzea da. Ez dugu merezi. Eta merezi ez dugulako, diskrezioz eta zentzutasun zorrotzez jokatu beharra dago orain; hau da, zuhurtasuna baliatuz.
Zuhurtasuna behar dugu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu