Ezagutu dugun inoizko udarik beroena izan da 2020ko uda ipar hemisferioan. Munduko Meteorologia Erakundeak nabarmendu duenaren arabera, historiako udarik beroenak azken bost urtetakoak izan dira. XX. mendeko batez besteko tenperatura azken 35 hilabete guztietan gainditu da. Datuek azaltzen dute 2020an Artikoko izotzak Vietnam adinako eremu bat galdu duela eta 1981-2010 urteen batezbestekoa baino %23,1 txikiagoa bilakatu dela. Nazio Batuen Erakundeak aurten plazaratutako 2019ko klima informea aurkezterakoan erabilitako titularrak ondo laburbiltzen du arazoaren urgentzia: Klima aldaketa koronabirusa baino hilgarriagoa da.
Azkenbost hamarkadetan ornodunen populazioak —hegaztiak, arrainak, anfibioak, narrastiak eta ugaztunak—, batez beste, %68 gutxitu dira gure planetan. WWF Naturarentzako Mundu Funtsak urteetan zehar izan duten joera ikertzen du, eta, ondorioztatu duenez, 1970etik 2016ra bitartean ornodun espezieen ia %70 desagertu da. Arrazoi nabarmenena gizakia eta haren jarduna da. Gizakiaren jarduerak eragindako baso eremuen soiltzea eta nekazaritza-hedapena funtsezkoak dira munduko ornodunen bi heren baino gehiagoren desagerpena azaltzeko. Txostenean COVID-19aren eta antzeko gaixotasunen agerpena naturaren suntsipenarekin lotzen dute, eta, ez badugu joera hori aldatzen, etorkizuneanpandemia berriak sortzeko aukerak areagotuko dira.
Pandemiaren egoerari so, zuhaitzari begira egonik, banaezinak diren bioaniztasunaren galera eta klima larrialdiaren krisi bikoitza lantzeko beharra ezin dugu ikusi: basoa. Gero eta argiago dago planetaren egoeraren eta giza osasunaren arteko lotura estua. Bi aukera daude: ekozidiorantz bideratu eta autosuntsitze prozesuarekin jarraitu, edo irtenbideak sortu eta gauzatu. Adibidez, Global Safe Net (Segurtasun Sare Globala) proiektuak Sciences Advance aldizkarian plazaratutako txostenean ondorioztatzen dute klima egonkortzeko eta bioaniztasuna bermatzeko lurrazalaren erdia babestu beharko genukeela. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko lurrazalaren %5 karbono-biltegi bezala erabili beharko litzateke, eta, espezieen aniztasuna eta ugaritasuna kontserbatzeko, egun babesturik dauden eremuez gain, lurrazalaren beste %30 beharko genuke.
Baina nola gauzatu dezakegu hori? Halako irtenbideak burutzeko erabaki politiko, ekonomiko eta sozial ausartak behar ditugu, eta zientzialarien lanak erabakien erdigunean kokatu behar dira. Estatu frantsesean 26 ekonomilariz osotutako Jakintsuen Batzordea sortu dute, hiru taldetan antolatuta: klima, desberdintasunak eta demografia. Mar Reguant zientzialari katalana Chicagoko Northwestern Unibertsitateko irakaslea da, eta Christian Gollier belgikarrarekin batera, klimari buruzko lantaldearen burua. COVID-19aren pandemiak zera erakutsi dio: «Ikertzaileok larrialdi klimatikoa jakinarazi behar dugu, txerto baten beharra dagoela jakinarazten dugun premia berarekin».
Ingurumenaren zaintzari buruz berba egiteko gure logika ekonomikoaz hitz egin behar dugu. Gure sistema kapitalista sostengatzen duten argudioen azterketa sakona beharrezkoa da, mundua eraldatzeak ideiak aldatzera behartzen baitu. Kapitalismo progresista edo kapitalismo kontzientea konponbide moduan aipatzen dugunean, mesedez, pentsa dezagun ea posible den arrazismo progresistari edo matxismo kontzienteari buruz berba egitea. Kapitalismoa berez desberdintasunetan oinarritzen den bidegabeko sistema krudela da, eta hori ezin da ez progresista ez kontzientea izan.
Bloomberg Billionaires Indexen arabera, planetako lehen 20 aberatsek 1,2 bilioi dolar zituzten pandemia hasi baino lehen. Orain, 300.000 milioi gehiago dituzte. 2010etik gutxienez miloi bat dolar duten pertsonak hirukoiztu egin dira. Milioidunak, zehazki, 46,8 milioi dira, biztanleria helduaren % 1 baino gutxiago, munduan 5.100 milioi heldu bizi baikara. David Harveyen arabera, desberdintasun-indizeei erreparatuz gero 2007-2008az geroztik, nabarmen egin dute gora mundu osoan. Epe horretatik gaur egun arte egon diren mozkinak aberatsak diren populazioaren zati txiki bati dagozkie,ehuneko bati, alegia.
Thomas Pikkety ekonomialariarentzat, diru-sarreren eta ondarearen arteko desberdintasunak ideologia baten ondorio dira. «Desberdintasunei zentzua emateak eta irabazleen jarrera justifikatzeak berebiziko garrantzia du. Desberdintasuna, ororen gainetik, ideologikoa da». Berak kapitalismoa gainditzeko «ondasunen zirkulazioa» proposatzen du, «sozialismo parte hartzaile» baten bidez kapitalismoa eta jabetza pribatua gainditzea. Bere ustez, XX. mendeko desberdintasunen murrizketa eta hazkunde ekonomikoa lortu ziren jabearen eskubideak soldatapekoenekin, hots, kontsumitzailearekin, orekatuz, jabetza zirkularaziz.
Horretarako ekoizpen eredua aldatzea beharrezkoa da. Byung-Chun Han filosofoak adierazten duen moduan, utzi egin behar diogu desirak asetzea plazer ororen sorburu gisa ulertzeari. Kontsumo-gizartea nahiak asetzera bideratuta dago.
Baina pozik dagoen kontsumitzailearen figura gezurrezkoa da: kontsumitzailea aseezina da eta, beraz, ez da zoriontsua. Filosofoaren ustez, egoaz, desioaz eta kontsumoaz harago egiten diren eta komunitatea sortzen duten ekintza eta jolas kolektiboko modu berriak asmatu behar ditugu. Komunitatea zoriontasunaren iturri legez ulertu, eta elkartasuna zoriontasunaren parte.
Planetak iraungitze-data du, arazo larria da, gizakion existentziarentzat heriotza mehatxua. Neoliberalismoaren garaipen gorena irtenbiderik ez dagoela pentsaraztea da. Baina banaka garatzen dugun ekintza bakoitzean, lan egitetik elikatzeraino, politika egiten ari gara. Horren kontziente izateak gauzak eraldatzeko ahalmena ematen digu.
Gainera, gogoan izan behar dugu benetan eboluzionatuta dagoen gizakiak ez duela banan-banako irtenbiderik aukeratzen. Aldaketa kolektiboki gauzatu behar da eta horretarako masa kritiko nahikoa sortzeko beharra dago. Pennsylvania Unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera, biztanleriaren laurdena inplikatzea lortzen bada, aldaketa berehala eragingo dute, gehiengoa konbentzitu arte. Zuhaitza ahaztu barik, basoaz arduratu behar dugu. Has gaitezen lanean.
Zuhaitza eta basoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu