Horixe gomendatuko nioke «klima aldaketari aurre egiteko praktika jasangarriek duten garrantziaz» sentsibilizatuta dagoenari. Izan ere, xede horrekin plazaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak urtarrilaren 9an Zuhaitz bat babestu kanpaina, herritarrak gonbidatuz martxoan Legazpin egingo den zuhaitz landaketen ekitaldi solidarioan parte hartzera. Lurralde Oreka Berdeko diputatuak aurkezpen ekitaldian esandakoaren arabera, «ingurumena kontserbatzearen, garapen ekonomikoaren eta gizarte kohesioaren aldeko apustua» da egindakoa.
Ingurumenaren kontserbazioari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu eta kudeatzen duen BSTK Fundazioaren bitartez, aldundiak Gipuzkoako basoen kudeaketa jasangarria bultzatzen duela aipatu zuen, zehazki ekimen honekin, bertako haritza (Quercus petraea) landatuz. Agerraldi horretan aipatu ez zuena da Legazpin ez ezik Gipuzkoa osoan BSTK Fundazioak zuhaitz exotikoen monolaborantza intentsiboa lehenesten duela eta helburu hori bateraezina da «biodibertsitatearen zaintza eta ekosistemen osasunean balio handia duten tokiko basoen jarraitutasuna bermatzearekin».
Garapen ekonomikoari dagokionez, «BSTK Basotik Fundazioak Gipuzkoan 6.000 lanpostu sortzen dituen sektorea indartzeko egiten duela lan» aipatu zuen, «egur jasangarriaren erabilera sustatuz, material kutsakorrak saihestuz eta Gipuzkoa ekonomia zirkularraren bidean jarriz». Monolaborantza intentsiboak eragiten duen lur galera kontuan hartuta, ustiapen eredu horretatik lortutako egurrari jasangarria deitzea hitzari esanahia kentzea da. Egurra biodegradagarria den material bat da, baina horregatik ez du zertan bere erabilerak ekonomia zirkularra sustatu. Izan ere, ekonomia zirkularraren oinarrietako bat da kutsadura saihestea eta kutsadura ororen arrisku maila handiena,berriz, lurraren, uraren edota airearen desnaturalizazioa. Horregatik, begiratu hutsez ikusten direlako neurtu ere egiten ez dituzten higadura tasak eragiten dituen ustiapen ereduarekin ekonomia zirkularra sustatzen dela esatea, gehiegikeria izateaz gain, gezurra da.
Gizarte kohesioa da, antza, kanpaina horren hirugarren helburua eta horretarako, Lurraldeko hainbat eragilerekin lankidetzan diseinatu omen da kanpaina: «Hala nola Baserria KM0 eta Legazpiko Udala» (gehi BSTK Fundazioa) eragileekin. Administrazioen arteko lankidetzak eragingo du, dudarik gabe, gizarte kohesioa. Ekitaldi solidarioak egiteak ere bai. Baina zuhaitz landaketez ari bagara, azken urteetan han eta hemen Baso Biziak eta Lurgaia elkarteek antolatutako auzolanak dira Gipuzkoako gizartea kohesionatu dutenak.
Auzolana da historikoki gure herrian komunitateak sortzen lagundu duen praktika politikoa eta badirudi ekimen solidario delakoekin parekatu nahi duela aldundiak praktika hori. Ez luke hain erraza izan behar: auzolanaren arrazoia onura publikoa edota interes orokorra (soziala, komunitarioa) dira eta Gipuzkoako Aldundiaren baso politika helburu horietatik oso urruti dago, BSTK Fundazioa kontrakoa saltzen tematuta badago ere.
Gipuzkoako basogintzak mosaiko paisaiari eutsi behar diola defendatzen du Lurralde Oreka Berdeko diputatuak: besteak beste, larreak, soroak, naturalizatzen ari diren eremuetako basoak, abeltzaintzarako baliatzen diren baso eremuak eta zuhaitz exotikoen monolaborantza bateragarri eginez. Horretarako, baina, lurraldea kontserbaziorako eta ustiapenerako helburuen baitan planifikatu behar da eta departamentu horretan ez dago horri begirako plangintzarik.
Gipuzkoan diru publikoz sustatzen dena monolaborantzan oinarritutako egurgintza intentsiboa da eta Zuhaitz bat babestu bezalako greenwashing kanpainen helburua errealitate hori estaltzea bada, zuriketa berdea zuriegia da.
Argi dago gure agintari politikoek zailtasunak dituztela ekologiaren oinarriak eta hizkuntza ulertzeko. Bada, ekonomiaren mundura etorrita, zuhaitza balitz dirua, eta basoa sistema ekonomikoa, erraz uler daiteke askoz ere onuragarriagoa dela guztiontzat gutxi batzuen diru pilaketaren alde egitea baino, sistema ekonomiko anitz (aberats), orekatu, erresiliente eta bidezkoen alde egitea; alegia, leku jakinetan zuhaitz pilaketak sustatzea baino, bizidunen arteko harreman konplexuek osatzen dituzten basoen alde egitea.
Izan ere, basoak dira (eta ez hainbeste ustiatutako landaketak) CO2aren xurgapenean laguntzeaz gain, klima aldaketaren borrokan eta biodibertsitatearen kontserbazioan laguntzen duten ekosistemak.
Bada, zuhaitz baten ordez, babestu baso bat.