Zuen etorkizuna. Eta gurea

2016ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Kataluniako nazionalismoa —eta mugimendu independentista bere osoan— ez da ulertzen sakoneko erabakimen internazionalistarik gabe. Giza eskubideak urratu diren tokietan, bereziki bere dimentsio kolektiboan, zaila da babesa eskaini dion kolektibo kataluniar bat ez topatzea. Faxismoa irensten ari zen Europan gertatu zen, Balkanetan gertatu zen garbiketa etnikoen politikak gure kontinentera iritsi zirenean, eta egun ere gertatu da: Idomenin, ia eraitsi duten errefuxiatu eremu inprobisatuan boluntarioen erdiak baino gehiago katalanak ziren.

Datozen Espainiako Gorteetarako hauteskundeei buruzko gaiari heltzeko, badu zentzua gogora ekartzeak errespetuan, ezagutzan, aitortzan eta munduko nazio guztien bultzadan izan dugun tradizio luzea.

Begi bistakoa denez, Espainiako arkitektura politiko-instituzionalean eztabaidatu eta erabakitzen denak eragin egiten digu. Eta asko. 78ko erregimenarengatik, trantsizio demokratiko faltsuagatik, botere banaketa eragozteko gogo amaigabe horren ondorioz Espainiako demokrazia homologatu ezinarengatik, eta, batez ere, oinarrizko printzipio demokratikoak bere egin ezinagatik, Espainiako estatua eragiten digun eta mehatxatzen gaituen eragile bat da; zuzenean eragiten du gure dimentsio nazionalean.

Hori dena ez da oztopo ulertzeko—Espainiako ikuspegi batetik eta gai ukiezinak mahai gainean jartzen ez badira aurredemokrazia horretan(estatuaren batasunaren gaia, kasurako)— badirela proposamen batzuk itxuraz bide berriak ekar ditzaketenak espainiarrek aurre egin beharreko erronka politiko batzuei erantzuteko.

Ikuspuntu horretatik, eta soilik ikuspuntu horretatik,Podemosek —bere askotariko formetan— antza hartzen du proiektu politiko itxuraz berritzaile eta nolabait eraldatzaile batena. Itxuraz eta nolabait esaten dugu, zeren, haren diskurtso maiz kontraesanezkoen aztarna aztertzen badugu, ikusten dugu haren hazkundearen eta onarpenaren arrazoia, hein handi batean, hau dela: ez duela zalantzanjartzenespainolismoaren tabu santuetako bat bera ere. Espainiako alderdien sistema berrian hain ondo sartu bada, sozialdemokraziaren ildoa popularretatik bereizteko gai izanez delako sartu da; hala, leku bat hutsik geratu da, eta Iglesiasenak hura betetzekoak dira, horretarako78ko erregimenaren kume on bihurtuta —haren hautesle batzuek ziurrenik hala nahi ez izanda ere—.

Hasieran esaten genuen nazio guztien denbora politikoak errespetatzen genituela. Baina ezin dugu hori egin Espainiako Estatuarekin, haren denborak gurea hipotekatzen baitu. Errespetatzen ditugu lañotasunez edo fede politikoz sinesten dutenak posible dela erregimen federal bat ezartzea non Euskal Herriari eta Kataluniari beren etorkizuna erabakitzen utziko dieten. Baina badakiguengainuaren zikloa, borondatezkoa edo nahi gabekoa, hamarkada batekoa izango dela. Ez ditugu hamar urte, eta ezin ditugu onartu.

Honaino iritsita, alboratu egin behar ditugu aieru politikoak eta hauteskundeek sorturiko haizeetan dauden diskurtsoak. Ekainaren 26an, Espainiako Gorteek balizko aldaketa gidatu behar duen mapa politikoa erakutsiko dute. Emaitzak uste ditugunak badira, balizko aldaketa oso txikia izan liteke Kataluniaren —eta, noski, Euskal Herriaren— autodeterminaziorako aspirazio demokratikorako.

Une horretantxe parlamentuko aritmetikak —eta Espainiako jurisdikzio tranpatiak— erakutsiko du erreferendumaren bidea ez dela existitzen Espainiako ordenamentu juridikoan. Eta, horretara ezkero, gure eskubidea eta nahikoa arrazoi badugu Espainiako ustezko ezker berriari bere porrota onar dezala eskatzeko. Ez gara hauteskunde porrotaz ari —ikusteko dago hori—: haiek gorteetan lortzen duten ordezkaritza lortzen dutela ere —gobernuan edo hortik kanpo—, Espainiako gehiengoaren alderdi zaharkituek—PPk eta PSOEk— aldaketa oro oztopatzen dute kataluniarrei eta euskal herritarrei erabakitzeko eskubidea zailtzeko. Bada, porrot horretaz ari gara hemen.

Eta, behin porrota onartuta, aldarrikatuko dugu, eskubide berarekin —elkarrekikotasuna deitu zion Arnaldo Otegik Anoetan eta Bartzelonan; niri norabidebikotasuna izendatzea gustatzen zait—, batetik, erabakitzeko eskubidearen ariketa demokratikoa gure parlamentuetan gauzatzeko orduan ez daitezela horren kontra egon edo elementu neutro gisa geratu, eta, bestetik, elementu aktibo bihur daitezela hori ahalbidetzeko edo alde bakarreko adierazpenak egin ditzatela independentziaren alde argi dauden parlamentu horietan.

Badakigu —edo ondorioztatzen dugu— egungo estatus politikoari eustea defendatuko dutela, edo agian menpeko federalizazio lainotsu baterako proiektu berri bat. Eskubidea dute, noski, baina alboan nahi ditugu aldarrikatzeko Katalunia —Euskal Herria bezala— subjektu politiko determinatua dela eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela; are gehiago, estatuan ahitu dituztela eztabaida politikorako bide guztiak eta bide horiek une oro bertan behera geratu direla Espainia agertu ere ez delako egin eztabaidatzera. Horregatik, zilegitasuna dugu, era berean, alde bakarreko independentzia adierazpenak egiteko, legebiltzarraren gehiengoak onartu eta babestuz gero betiere.

Hala ez bada, eta unea iritsita, Iglesiasek eta bere lagunek sirena doinu berriak asmatzen badituzte gure nazioetan ariketa demokratikoa eragozteko, Espainiako estatua demokratizatzeko hamaikagarren hutsegitearen aurrean izango gara. Baina, batez ere, erakutsiko dute nola den posible aldaketaren eta eraldaketa politikoaren ideia bat erabat lausotzea —haserretuen ideia— eta hondatutako PSOE baten ordezko domestikatua bihurtzea.

Oso tristea litzateke ikustea aldaketa, azkenean, ordezkapen triste bat baino ez dela.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.