Zubigileak

2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Laster beteko dira hamar urte ETAk behin betiko su-etena iragarri zuenetik. Gogoan dut, oraindik ere, zenbateko itxaropenarekin hasi nuen urriaren 21 hura: nire urtebetetzea eta Ion Errearen fisikateorikoko tesiaren defentsa. Albiste hark ate berriak irekiko zituen euskal gizartearentzat. Ordura arte oihal potolo batek estalitako leiho asko irekitzeko aukerak zabalduko zituen. Joseba Arregik, orain gutxi zendu denak, ikasle garaian esan zigun bezala, askatasun esparru asko zabaltzeko aukera mahai gainean jarriko zuen, modu definitibo batean, zubiak benetan eraikitzeko aukera sortuko zuen.

Baina zubigintzarako bidea ez zen orduan hasi. Ordurako elkarte asko zebilen zubigintzan, pertsona asko zubigile. Hasier Arraizek Maitasun keinu bat besterik ez bere saiakeran aipatutako lubakiak desagerrarazteko bidean (edo gerturatzeko, behintzat), asko izan dira euskal gatazkaren ur nahasietan igerian urte luzetan lanean aritutakoak.

Hori horrela izanik, bereziki azpimarratu nahiko nuke azken hamarkadan egindakoa. Herri honetan patxikontra samarrak gara geure buruarekin. Segur aski hori da batere saltzaile ez izatearen arrazoia. Horregatik, noizbehinka, gogoratu beharra dago egindakoa, zerrenda moduan bada ere. Kasu horretan, ezinbestekoa da bi ardatz azpimarratzea: erakundeen maila eta gizarte zibilarena.

Hamarkada honetan, erakunde mailan, ETA, GAL eta polizia indarkeriaren biktimen aitortzarako legeak onartu dira Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan. Helegiteak helegite, indarrean daude denak, horrek dakarren aitortzarekin. Bide horretan, pauso asko eman dira pertsona horien aitortzan; ikerketaren bidetik, hainbat txosten idatzi dira Deustuko Unibertsitateko Arrupe Institutuaren eta EHUko Giza Eskubideen katedraren eskutik, besteak beste. Era berean, aitortza horiek oihartzuna izan dute horretarako antolatutako ekitaldi publikoetan.

Elkarbizitzarako planak onartzea eta Gogora institutua sortzea ere azpimarratzekoak dira maila horretan. Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek hainbat bidetatik baina norabide bertsuan bideratutako ekimenek giroa lantzen lagundu dute, ezbairik gabe.

Baina, elkarbizitza eraikitze aldera, zubigileen lana bereziki gizarte zibilean izan da garrantzitsua. Azken hamarkadan pauso garrantzitsuak eman dira zentzu horretan. Herri eta hiri askotan bizikidetza foroak jarri dituzte martxan, eta ibilbide oso anitzeko pertsonen arteko topaleku bihurtu dira. Handia izan da foro horien garrantzi sinbolikoa, erakutsi baitute, metodologiaz gain, posible dela beste modu batera begiratzea. Eta ez hori bakarrik: beste modu batera begiratuz, adostasunak eraikitzea.

Foro horiek guztiek emaitza ezberdin ugari izan dute, baina guztietan azpimarratu dira ideia jakin batzuk: prozesuaren garrantzia, hurkoaren aitortzaren beharra, toki mailatik eraikitzen hastearen komenentzia... Hego Euskal Herri osoan antolatu dituzten espazio horietan oso agerian geratu da begiraden aniztasuna eta errespetuaren adierazpena. Hala gertatu da unibertsitateetatik bultzatu diren ikerketa-ekintza metodologian oinarritutako open space-tan ere. Errespetua, zubigileak, prozesuak.

Hala ere, prozesu horiek guztiak, aberatsak izanik ere, izan dute gabezia nagusi bat: zuri-beltzetik koloretara pasatzeko beharra; analogikotik digitalera pasatzekoa; trantsizioa bizi izan zuen belaunaldiaren protagonismotik pandemia ondorena pairatzen ari den gazte belaunaldiaren protagonismora igarotzekoa. Horixe baita, nire ustez, hurrengo hamarkadan elkarbizitza prozesuek duten erronka: gazteena. Gazteek izan behar dute gure gizartearen diskurtso berrien protagonistak; gazteek izan behar dute hamarkada honetako zubigileak.

Zahartze bidean dagoen gizarte batean bizi gara. Jaiotza tasa gero eta urriagoa den honetan, eta bizi itxaropena luzatzen den heinean, helduak gero eta gehiago dira; gazteak, aldiz, kuantitatiboki gutxi. Hori nabaritu egiten da agenda publikoaren eraikuntzan, eta baita memoria eta elkarbizitza lantzeko garaian ere. Horregatik da ezinbestekoa gazteak protagonista bihurtzea, zaintzaren arloan hainbatetan aldarrikatzen dugun belaunaldien arteko akordio hori gai hauetara ere zabalduz.

Zubigintzak eta elkarbizitzak begirada berriak eskatzen dituzte hurrengo hamarkadarako. Belaunaldi gazteen parte hartzea eskatuko du horrek, baina baita lehenagotik horretan genbiltzanon inplikazio zabalagoa ere, agenda zabalduz eta lehenago ere hor zeuden gaietan kontsentsuak bilatuz. Agian hurrengo hamarkada izango da alderdien akordiorako momentua, nork daki. Baina ziurra da, tokiko prozesuen bidetik, gizarteak elkarbizitzan aurrera egiteko momentua izango dela. Elkarri entzunez eta aurrera eginez.

Amaitzeko, eta zubigileak hizpide, bi izen aipatu nahiko nituzke: Manu Arrue jesulaguna eta Aitziber Blanco berbaria. Eskerrik asko bioi azken urteotako ezinbesteko lanagatik. Eta egiteko geratzen denagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.