Zubieta: etorkizuna erraustuz

2017ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Erraustegi enpresek lelo berbera saldu izan dute, eta saltzen dute oraindik ere: Hondakinetik energia eta Zero isuri. Faltsuki diote modu seguru, errentagarri eta iraunkorrean bihurtu ahal dituztela argindar «berriztagarri», esaterako, pneumatikoak, hondakin arriskutsuak eta etxeko zaborrak. Baina errauste plantek eta hondakindegiek, energia berriztagarrien sorburu izan ordez, gai kutsagarriak isurtzen dituzte airera, lurzorura eta uretara, oso kaltegarriak osasunarentzat, eta sor dezaketen baino energia gehiago gastatzen dute, eta klima aldaketa eragiten.

Estatuan baztertzen diren materialen bi heren baino gehiago, oraindik ere, erre edo lurperatu egiten dira, baita Euskadin ere, nahiz eta, teknikoki, nahikoa gaitasun izan horiek modu errentagarrian birziklatzeko eta, hartara, guk gastatzen dugun orotik gehientsuena berrerabiltzeko eta konpostatzeko. Gogoan izan dezagun, hain zuzen, hondakindegi batean errausten edo lurperatzen den objektu bakoitzeko beste bat sortu behar dela lehengai bat erabiliz, material berrerabiliak oinarritzat hartu ordez. Eta horrek etengabeko eskaria ekartzen du baliabide naturalak lurretik erauzteko, haiek fabriketan prozesatzeko eta gero mundu osoan barrena garraiatzeko. Hondakinen ziklo horren inpaktuak erruz gainditu ditu hondakinak suntsitzeko proiektu lokalak, eta berotegi efektuko gasak isurtzen dira, energia gastua areagotzen da, eta kutsadura milaka kilometro harago barreiatzen.

Hala ere, arazo horien jakinaren gainean egonagatik ere, euskal administrazioetako zenbait politikarik eredu horixe eraman nahi dute Gipuzkoara. Horretarako, ez dute inolako arazorik izan, besteak beste, hondakinen kudeaketa politizatzen, egia erdiak kontatzen eta erakundeetan duten kokagunea baliatzen, herritarrenaz bestelako interes arrotz bezain urrunen mesedetan.

Nola liteke, bada, hondakinak erre eta isurtzearen ordezko neurri alternatibo benetako horiek sufrikario edo zigor moduko bat ere izatea Gipuzkoarentzat? Atez ate egiten den gaikako zabor bilketaz ari gara, zeina gero eta toki gehiagotan ezartzen ari baitira mundu zabalean, eta Estatuko 100 udalerritan baino gehiagotan ere erabiltzen baitute. Aurtengo udan, hain zuzen, Madrilgo erkidegoko udalerri bateraino ere iritsia da, alkate sozialista bat buru duen udalerri bateraino. Gipuzkoan, alderdi horixe ari da eskean atez atekoa ken dezatela, eta, alternatiba gisa, gobernukide EAJrekin batean, hondakinak errausteko planta bat eraiki nahi du: Zubietako errauste planta.

Errauste planta ehunka milioi euro kostatuko da —kalkulu batzuen arabera, 1.000 milioi baino gehiago—, eta irabazi handiak ekarriko dizkie enpresa eraikitzaileei eta errauste planta hori kudeatzeaz urteetan arduratu beharko duten zerbitzu enpresei. Diru hori, ezinbestean, herritarren poltsikotik aterako da —zergen, hondakin tasen bidez…—, eta hipoteka bat erakarriko die, 2040az haragokoa. Eta hori guztia, herritarrek lau urteko kudeaketa aldi baterako bozkatu zituzten politikari batzuen zentzugabekerien eraginez, zeinek ez baitute inolako arazorik izango zor handi hori beren herrikideei ordainarazteko.

Beren helburua lortzeko, hau da, Zubietako errauste planta eraikitzea, arduradun horiek saiatzen ari dira teknika horren ontasunaz eta kalterik gabekotasunaz konbentzitzen jendea. Eta, horretarako, eskueran dituzten baliabide guztiak erabiltzen dituzte beren mantra zabaltzeko. Horietako azkenetako bat da, adibidez, esatea kutsadura kontrolatzeko eta prebenitzeko sistema guztiak dituztela errauste planta modernoek, hala nola Europa iparraldeko eta erdialdekoek.

Baina, egiaz, ez dute esaten edonolako errauste planta baten kutsadura kontrolatzeko gailu horiek (baita Europakoenek ere), funtsean, kutsagarri toxikoak atzemateko eta kontzentratzeko ekipamenduak direla, baina ez dituztela suntsitzen; are, horietako asko libre isurtzen dituzte atmosferara. Substantzia kutsagarri horiek atzeman eta, gainera, kontzentratzen dituztenez, gero beste ingurune batzuetara iristen dira: besteak beste, errauts hegalarietara, material karbonizatura, zepetara eta hondakin likidoetara.

Bide batez, ez dute azaltzen erraustutako guztiaren pisuaren %30 inguru eraldatu eta halako material toxiko eta arriskutsu bihurtzen denik ere. Ezkutatu egiten dute, halaber, ezinbestekoa dela hondakindegi berezi batzuk izatea eta urteetan kontrolatzea, hondakin ezinago arriskutsu horiek gordetzeko. Eta, dirudienez, ahaztu egin zaie kontatzea erraustegi guztiek behar eta erabiltzen dituztela erregai laguntzaileak hondakinak erretzeko: esaterako, gasolioa eta gas naturala.

Baina errealitatea ezin da ezkutatu; errauste plantek eragin kaltegarriak dakarzkiete osasunari eta ingurumenari, eta diru publikoa xahutzen dute, hondakinak murrizteko eta benetan berriztagarriak diren energiak garatzeko erabili ordez. Lan egin beharra dago, besteak beste, hondakinak are gehiago murrizteko, berrerabiltzeko, birziklatzeko eta konpostatzeko, eta, hala, berotegi efektuko gasen isuria ere murrizteko eta ekonomia zirkular baterantz jotzeko. Horrek esan nahi du, lehen-lehenik, behingoz utzi egin behar diogula errausketa diruz laguntzeari eta hura hondakinak kudeatzeko sasiko konponbide modukotzat sustatzeari.

Erredakzioan itzulia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.