Zoru etikoaz

2013ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Alarma guztiak piztu ziren 1995eko martxoaren 21ean, hil arte torturatuak izan ziren gorpuzkien identifikazioaren albistea argitara atera zenean.

Euskal Herriko eta Espainiako politikari asko garrantzia kentzen hasi ziren hilketa ez perfektu hari, baina Espainiako demokrazian estatuaren ohorearen izenean hilketarik basati, anker eta lazgarrien gisa pasatuko da historiara .

Joxi Zabala eta Josean Lasari lehen autopsia 1985eko urtarrilean egin zien Antonio Bru auzi medikuak. Ahoa bete hortz geratu zen hezurdura haiek sakon aztertu eta baieztatu zuenean haiek jasan zituzten torturak halako larriak, krudelak eta gupidarik gabeak izan zirela.

Mediku zintzo eta bihozbera hori hain hunkituta geratu zenez, erabaki zuen txostena auzitegietan entregatu ondoren beste sei arratsalde luzez hezurdura haiek aztertzen segitzea. Harentzat, garrantzitsua zen ulertzea atzean zegoena; eta, ahal bazen, izenak identifikatzea, hezurdura haiek senideei itzuli ahal izateko. Baina garai haietan, baliabide eta identifikazio teknikak eskasagoak zirenez, ez zuen lortu hildakoen nortasuna identifikatzea. Berez, egokitzen zitzaiona baino askoz ere gehiago ikertu eta, ahal zuen bitartean, hezurdura haien zaintzaile izatea erabaki zuen. Horregatik, gizatasun miresgarria duen gizonezko horrek babesleku seguru bat topatu zien Joxi Zabala nire anaia maiteari, eta haren lagun minari, Josean Lasari. Hamar urtez zaindu zituen Alacanteko hilerri abandonatuan, berak hala nahi izan zuelako. Nahiz eta auzia instruitu zuen epaileak lurperatzeko agindua eman, Bruk ez lurperatzea erabaki zuen.

Urteek aurrera egin zuten, eta sarraski hura egin zutenek senideen gurutze bidea nahita luzatu zuten. Tortura psikologiko latza jasan behar izan dut nire anaia Joxi Zabalaren desagertzea isiltasunean eramanez ia hamabi urtean. Hori ez dut nik bakarrik esaten, nazioarteko aditu eta psikiatra prestigiotsuek, Luis Rojas Marcosek kasurako, desagertutakoen senideek pairatu behar izaten duten estres postraumatikoaz hitz egiten baitute, eta trauma emozionalaz, halako esperientzia batek begi bistako ondoriorik uzten ez badu ere, gainditzen zailena den esperientzietako bat delako, inondik ere konparagarria beste krimenekin.

Senide bat desagertzen denean mamu asko daude behin eta berriz, etengabe azaltzen direnak (hamaika urte, bost hilabete eta bost egun egon ginen haren berririk izan gabe).

Desagertuak egon ziren bitartean, senideok, egunen batean azaltzea besterik ez genuen desio. Sekula pentsatu ere ez genuen egingo haiek pairatu behar izan zuten krudeltasuna. Ez genuen inondik ere espero bizi behar izan genuen tragedia zenbaterainokoa izango zen gorpuzkiak jaso ahal izateko.

Identifikazio hura posible izan zen bi gizon erabakigarri hauengatik: batetik, Jesus Garcia auzi poliziak egindako ikerketa onari esker, eta, bestetik, Bruren adimen emozionalari esker (gorpuzkiak ez lurperatzea erabaki zuen eta). Beraien, eta beste profesional batzuen lan onari esker, Joxiren eta Joseanen hezurdurak berreskuratu ahal izan genituen. Egun, zorionez, bidean izandako oztopo guztien gainetik, Tolosako hilerrian daude, bakean, Joxi eta Josean.

Bizitza osoan izandako esperientzien arabera, oroitzapen batzuk beste batzuk baino iltzatuago geratzen zaizkigu. Nire oroimenean oso presente daukat egun sinboliko hura, bi arrazoirengatik: batetik, poz handia sentitu nuen anaiaren berririk izan gabeko epe luzearen ostean argi txiki bat piztu zelako, hots, ikertzeko frogak bazeuden, behintzat. Bestetik, ordea, aurre egin behar genion jasanezina den istorio honi. Benetakoa zela onartu behar genuen, eta eskrupulorik gabeko pertsonen artean, aski ezagunak ziren goi kargu politikoak eta guardia zibilak erantzule zirela. Beste askotan gertatzen den bezala, errealitate gordinak fikzioa gainditzen zuen.

Inork galdetzen badio bere buruari zergatik idazten dudan hau, honako honengatik da: nire eta nire senideen eskubideak babesteko. Lotsatzeko modukoa eta iraingarria iruditzen zait Eusko Legebiltzarrean baketzeari eta normalizazioari buruzko estatutu batzuk onartzea, eta aintzat ez hartzea Joxi Zabala eta Josean Lasaren historiaren gaineko memoria, egia eta justizia. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak berak ere frogatutzat eman zituen, kasu honetan, terrorismo instituzionala existitu zela. Gogorarazten dizuet Lasa Zabala auzia, «gizateriaren aurkako hilketa» bat izan zela; bada, hala deituko bailioke bere burua demokratatzat duen eta horregatik harrotzen den edozein estatuk. Zuek, ordea, ez aipatzea erabaki duzue.

Ez dut uste, jaun-andre legebiltzarkideok, zuzen jokatu duzuenik. Ez dut uste hitz egiten duzuen «zoru etikoa» benetan bidezkoa, etikoa eta gizatiarra denik eta, are gutxiago, berdintzea dagoenik. Hainbeste urtetan, hainbeste pertsonaren kalterako egin diren akatsei aurrea hartu behar zaie, berriro errepika ez daitezen. Eta herritarren artean hezkuntza eta kultura hori zabaldu behar da.

Zenbat denbora gehiago igaro behar da estatu terrorismoa pairatu dugula aitortzeko? Argi dago indarkeriaren zirkunstantzien pean gertatutako hilketen zerrenda luze eta tragikoa daukagula. Baina, noiz emango da denok indartuta aterako garen pauso erabakigarri eta ausart hori? Pauso hori emanez gero, dena askoz ere hobeto lotua geratuko da itxaropen, ilusio, jakinduria, aitorpen eta berdintasuneranzko bidea egin ahal izateko. Bai, jaun-andreok. Hori aitortuta hiritar hobeak izango gara. Bestela, gizartea polarizatzen segitzeko baino ez du balio, eta ez du uzten eraikitzen konpartitua izango den etorkizun komun bat.

Argi gera dadila: irabaziz gero, denok irabazten dugu; eta galduz gero, hiritarrentzat aukera historiko bat galduko dugu.

Hau talde lana da, maila gorenean, eta Eusko Legebiltzarretik bultza egin beharko litzateke, Madrilen ohar daitezen biktimak denak direla eta aipatzen diren zerrenda guztiek elkarri lotuta egon beharko luketela bide komun bat eraikitzeko denen artean eta denen onerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.