Iaz, Elkarrekin Podemosek aurkeztutako legez besteko proposamen bat onartu zuen aho batez Eusko Legebiltzarrak, eta ekainaren 26an Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Eguna modu ofizialean ospatzea eskatu zion Eusko Jaurlaritzari.
Egiari Zor Fundazioaren izenean torturaren zenbait biktima Gasteizko ganberara joan ginen egun hartan. Bertan plazaratutako balorazioan esan genuen positiboa zela gure iritzitan horrelako mekanismo instituzional berri bat abian jartzea, lagungarri zelako torturaren drama Euskal Herrian bizi izandako sufrimenduaren egiaren mapan kokatzeko. Baina, betiere, soilik sinbolikoa zen zerbaitetan geratzen ez bazen, eta egunaren ospakizunarekin batera neurri eraginkorrak hartzen baziren torturaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko, nork bere gain zegozkion erantzukizunak hartzearekin batera.
Gaur 2020ko ekainaren 26a da, eta ez dago inolako ekitaldirik aurreikusita. Egia da egoera asko zailtzen duela COVID-19ak sortutako osasun krisiak eta jarduneko gobernu batekin hauteskunde kanpainan bete-betean sartuta egoteak. Ulertzen dugu. Hori dela eta, azti jarraituko dugu ikusteko ea Urkullu lehendakariaren aurreko gobernuak hartutako konpromisoek, hala nola, egun honen ospakizun ofizialak, bere horretan dirauten aurrerantzean ere.
Hala ere, oraingoz dakiguna da ez dela bestelako neurririk hartu. Ez dute beren jarrera zuzendu atxilotuen inkomunikazioa ahalbidetzen zuten salbuespenezko legediak onartu zituzten alderdi politikoek. Egundo ez dute argitu zergatik ez zituzten modu eraginkorrean ikertu tortura salaketak inkomunikazioaren aplikazioaren, atxiloketaren luzapenaren eta atxilotutako pertsonen osasunaren arduradun diren epaileek. Auzitegi medikuek ez dute autokritikarik egin polizia etxeetan gertatzen ari zena ezkutatzeko arrazoien inguruan, eta beren jarrera erabakiorra izan zen tratu txarrak estali eta zigorgabetasuna posible izan zedin. Eta komunikabideek, hainbat tortura kasuren ebidentziak isilarazi ez ezik, giza eskubideen urraketa oso larrien biktima izan ziren pertsonen aurkako kanpainak ere antolatu zituztenek, ez dituzte beren jarrerak zuzendu.
Hala ere, akaso larriena da gobernu bakar batek ere ez duela oraindik erantzukizunik bere gain hartu. Tortura posible izan bada, hori ahalbidetzen zuen estatu itun bat zegoelako da. Oso ondo diseinatutako makineria bat, eta zigorgabetasuna bermatzea funtsezkoa zen legez kanpoko praktika hori hamarkadetan zehar indarrean egon zedin.
Gu ez gintuzten torturatu propio beren burua legeaz gaindi jartzea erabaki zuten guardia zibil, polizia nazional edo ertzain gutxi batzuek. Gu estatu mailako estrategia bati erantzuten zioten poliziek torturatu gintuzten.
Horregatik zuzentzen gatzaizkio Eusko Jaurlaritzari. Gaurko eguna ofizialki ospatzea onartu zuen gobernu horri. Azalean bere sinadura daraman Euskadiko torturari buruzko txostena-k ziurtatzen du Ertzaintzak, gutxienez, 336 tortura kasu praktikara eraman zituela EAJren gobernu ezberdinen garaietan. Eskubide urraketa horien gaineko erantzukizun politikoak nork bere gain hartzeko garaia da. Eta aitortza eta erreparazio neurriak berehala jar daitezke abian; torturaren biktimok urte gehiegi daramatzagu zain.
Gaurkoa bezalako egunen ospakizunari buruzko adostasunak erdiesteak aipatu berri ditugunak bezalako urratsak ematea erraztu beharko lukete, horiek ezinbestekoak baitira memoria demokratikoaren eraikuntza posible egiteko, eta horren gainean eraikitzeko horren beharrezko zaigun etorkizuneko bizikidetza. Biktimekin ez ezik, demokraziarekin ere bere horretan dirauen zor historikoa da hori.
Zorrak eta nork bere gain hartzeke dituen erantzukizunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu