Sindikatu guztiok ez dugu eskatzen euskal lan-hitzarmenak lehentasunez aplikatzea. Ez eta patronal guztiek ere. Guztiok bat etorriz gero posible litzateke denok batera agertzea EAEko Goi Auzitegiaren aurrean, berton izango baita apirilaren 24an Lanbidearteko Akordioa inpugnatzeko eskariari buruzko auzi saioa.
ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk Confebaskekin sinatu genuen Lanbidearteko Akordioaren aurka FEADRS sukaldaritza kolektiboko enpresen patronalak jo du auzitara. Akordio haren xedea zen euskal lan-hitzarmenak lehentasunez aplikatzea, eta ez estatu mailakoak. Inpugnazioarekin FEADRSk nahi du bere kide diren enpresek (Eurest, Sodexho, Serunion...) Sukaldaritza Pribatuko Lan-Hitzarmen estatala aplika dezaten. Enpresa horietako batzuek lan baldintzak txikitzeko plan garatu bat dute. Noski, eragindako langileak emakumeak dira. FEADRS, Confebask bezalaxe, CEOEko kide da.
Bestalde, CCOOk eta UGTk hain zuzen, beren Espainiako federazioek Ostalaritza sektoreko Akordio Markoa inpugnatu zuten; akordio hori ELAk eta LABek Ostalaritzako Federazioarekin eta Confebaskekin sinatu zuten. Akordio horren asmoa zen ostalaritzako euskal hitzarmenak aplika zitezela. Haatik, CCOOen eta UGTren helburua zen FEADRSk Lanbidearteko Akordioa indargabetzeko asmoarekin duen berbera: EAEn aplika zedila CCOOk, UGTk eta FEADRSk sinatutako estatu mailako hitzarmena. Elkar hartuta jokatzen dute: epaiketan demanda sartu zuten CCOO eta UGTren posizioa FEADRSren abokatuak defenditu zuen.
Beraz, euskal eremuko bi akordioen aurka jotzen dutenean FEADRSk, CCOOk eta UGTk helburu bera dute: kontratu berrietan soldata %50 txikiagoa eta urteko lanaldia 70 ordu luzeagoa aplikatzea, esaterako Bizkaiko Ostalaritzako Hitzarmena erreferentzia gisa hartuz gero.
Zapaterok 2011n egin zuen lan erreformari esker, espainiar patronalak eta sindikatuek (CCOO eta UGT) hemengo negoziazio kolektiboa indargabetzeko aukera sortu zen. Bada, horixe ari dira baliatzen CCOO, UGT eta Espainiako patronal batzuk. Eta gogoratu beharrekoa da erreforma hura EAJren abstentzioari esker atera zela aurrera.
Euskal eremuan CCOOk eta UGTk jokatzen dute kontu honek eurekin zerikusirik ez balu bezala, baina estatuko beren federazioek sinatzen dituzte lan hitzarmen negargarri horiek, non ezartzen duten ezin dugula hemen negoziatu, eta Akordio Markoaren aurka jotzen dute. CCOOi, UGTri eta espainiar patronalari bost axola die euskal hitzarmenak defenditzen ditugunok langileen ordezkaritzaren %100 edo patronalaren %100 izatea. Berdin die; eurek Madrilen txorrota itxi eta kitto!
Erreforma hura erabaki zenean, ELAk iragarri zuen negoziazio kolektiboaren estatalizazioa, erreformek ezarritako beste puntu batzuekin batera (ultraaktibitatearen desagerpena, enpresa-hitzarmenari lehentasuna ematea sektorekoaren gainetik, hitzarmena ez aplikatzeko aukera...), euskal langileak pobretzeko tresna gisa erabil zitekeela. Hala ari da gertatzen. Horregatik, oso larria zelako, ELAk Urkullu lehendakariari bilera bat eskatu zion. Azaldu nahi baikenion nola jokatzen duten enpresek eta bere gobernuarekin batera sasi-elkarrizketa sozialeko mahaian esertzen direnek. Baina ez zigun bilera egiteko aukerarik eman.
Zer egingo du ELAk FEADRSren inpugnazioaren aurka? Auzitegietan euskal hitzarmenen lehentasuna defendituko du; euskal alderdi politikoei azalduko die hau arazo politikoa dela, eta ez dagoela benetako autogobernurik negoziazio kolektiborako eskubidea bermatu ezean, eta ekintza sindikala garatuko du FEADRSko kide diren enpresetan, hauek ez ditzaten diskriminatu sektorean lanean hasten diren emakumeak. Egoerari aurre egitearren, ELAk LABi esan zion beharrezkoa zela enpresa horietan greba egitea, baina LABek uko egin die elkarrekin egin zitezkeen ekintzei enpresek prekaritatea hedatzen duten eremu errealetan.
Zoritxarrez, defentsa bateratua ezinezkoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu